Demi Volleringek iazkoa errepikatu eta hirugarren Itzulia bereganatu du
Herbeheretarrak Mendizorrotzeko igoeran ihes egin zuen, bakarka iristeko eta SD Worxen hegemonia apurtzeko. Bredewold bigarren izan da Itzulian.

Demi Vollering (FDJ-Suez) herbeheretarrak pronostiko guztiak bete zituen Itzulia Women lasterketan. Aurreneko bi etapetan nahiko itzalean aritu bazen ere, Pijnackerreko txirrindulariak atzo apurtu egin zuen lasterketa, Donostian hasi eta amaitutako azken etapan. Mendizorrotzeko igoeran ihes egin zuen helmugarako 10 kilometroren faltan eta, iaz egin zuen bezalaxe, Mischa Bredewoldi kendu zion lider maillota. 2024an taldekideak ziren biak; atzo ez.
Gauzak hala, munduko lehen postuan dagoen Volleringek lautik hiru Itzulia Women irabazi ditu eta, gainera, orain arte SD Worxek zuen hegemoniarekin apurtu du. 11 etapetatik 11 irabaziak zituen talde horrek, baina atzoko garaipenarekin, FDJ-Suez taldea ere palmaresean sartu da.
Volleringek lasterketa honekin amodio edo harreman sendoa du; asko gustatzen zaio Euskal Herriko errepideetan korritzea, eta atzoko azken kilometroan ospatzeko aukera izan zuen. Ez da oso normala herbeheretarra keinuak egiten ikustea, baina beti ezin da ospatu hirugarren aldiz Itzulia Women irabazi izana.
IHESALDI UGARI
Etapa abian jarri eta, aurreikuspenek esan bezala, lehenengo erasoak gertatu ziren berehala. Hala ere, Jaizkibeleko mendatera iritsi arte ez zen 20 bat txirrindulariko ihesaldia sortu. Dena dela, berehala harrapatu zituen tropelak. Jaizkibelerako igoeran, Ava Holmgrenek zenbait metrotako abantaila lortu zuen, baina gora heldu baino lehen harrapatu zuten. Gurutzetik igarotakoan, Sara Martinek (Movistar) eta Celia Le Mouelek 1:45eko aldea zeukaten tropelarekin. Talde nagusia FDJ-Suez taldearen lidergopean joan zen, alde hori murriztu nahian. 40 kilometro baino ez ziren falta helmugarako.
Helmugatik lehen aldiz igarotzean, aldea minutu batekoa zen bi taldeen artean zihoan Stina Kagevirekin. Hala ere, berehala neutralizatu zuten.
Azken igoeran, Mavi Garciak lasterketa hautsi zuen, bost txirrindulariko taldea sortuz. Demi Vollering eta Mischa Bredewold liderra horien artean zeuden. Baina argi ikusi zen maillot horiak nekez eutsi ziezaiokeela erritmoari.
15 kilometro falta zirenean, Volleringek erritmoa biziagotu zuen, eta Mavi Garcia eta Antonia Niedermaierengandik aldentzen hasi zen. Volleringen kronoigoera abian zegoen. Bredewoldek denbora galtzen jarraitu zuen. FDJ-Suez taldeko liderrak 20 segundo irabazi behar zituen, bere hirugarren Itzulia irabazteko.
Atzetik zihoazen gainerako txirrindulariak, lasterketako liderra bera ere tartean, berriro elkartu ziren igoerako tarte errazenean. Mischa Bredewold taldetik tiraka hasi zen aldea murrizteko ahaleginean, baina Volleringek bakar-bakarrik gurutzatu zuen helmuga, 55 segundoko aldearekin, hirugarren aldiz txapeldun izateko.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
