GARA
DONOSTIA

Gureak enpresan bizi den «errealitate gordina» salatu du LABek

Gureak enpresan langileek bizi duten «errealitate gordina» salatu zuen atzo LABek, Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean egindako kontzentrazioan. LABen arabera, «enpresaren eta mutualitateen arteko harremanak langileak kaltetu, diskriminatu eta prekaritatera kondenatzen ditu».

«Aniztasun funtzionala duten langileei ez dizkiete lan istripuak aitortzen mutualitateek, aniztasun funtzionala aitzakiatzat erabilita», gaineratu zuen, bai eta «mutualitateekin laneko kontingentziekin dituzten arazoak aspaldikoak» direla gogorarazi ere.

Adierazi zuenez, bai enpresarekin, bai mutualitatearekin egoera honi aterabidea ematen saiatu da; «hau da, laneko kontingentziak hala izan daitezela aitortu dezaten eta ez langileen aniztasun funtzionalaren ondorio, baina ez da ezertxo ere konpondu».

Atzo, Batzar Nagusietako «bozgorailua» baliatu nahi izan zuen langileen arazoari konponbidea eman behar zaiola eskatzeko. LABek zehaztu zuenez, bi eskaera nagusi egin ditu: «Kontigentzia guztiak, izan laboralak nahiz arruntak, biak ala biak, gizarte segurantzaren bitartez egitea, jarraipena gizarte segurantzak egin diezaiela; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gureak enpresaren jabe den heinean, egoera hau konponbidean jartzeko dagozkion ardurak har ditzala».