Hamish McArthurrek astindu ederra eman dio 9a zailtasunari
23 urteko eskalatzaile ingelesak maila horretako bi bloke egin ditu bi asteko tartean. «Megatron»-entzat bost egun behar izan zituen; «No one mourns the wicked», aldiz, hiru orduan sinatu zuen.

Nalle Hukkataival finlandiarrak “Burden of Dreams”-ekin boulderreko munduko lehen 9a proposatu zuenetik, zailtasun horrek pasarte oso interesgarriak bizi izan ditu. Azkenak, adibidez, kolektibo guztia ahoa bete hortz uzteaz gain, oso kutsu berezia izan du. Hamish McArthur izan da protagonista. 23 urte besterik ez ditu, eta nazioarteko lehietan lehen lerroan ikusi dugu. Olinpiar Jokoetan ere bai. Baina arlo hori alde batera utzi eta azkenaldion arrokara jauzi egin duenean, onartu behar da nolabaiteko iraultza egin duela. Gazte hori Ameriketako Estatu Batuetara eginiko bidaian, oso tarte txikian, gai izan da 9a mailako bi boulder sinatzeko: “Megatron”-ek bost egun eskatu dizkio eta “No one mourns the wicked”-ek, hiru ordu besterik ez.
“Megatron”-i dagokionez, apirilaren 20a izan zen eskalatzaileak lorpena egin zuen eguna. Coloradoko Eldoradon dagoen bloke horren lehen igoera Shawn Raboutouk egin zuen orain dela hiru urte. Korapilo hori asmatu eta askatu bezain laster, hainbat espezialista estatubatuar lehen errepikapenaren bila abiatu ziren. Baina “Megatron”-en zorroztasunak den-denak atzera bota ditu. Drew Ruanak, adibidez, makina bat ekinaldi egin ditu.
Bitxia bada ere, bederatzigarren esferan sartu aurretik, McArthurrek 8c+ mailako bloke bat zuen: “Big Z”. Alabaina, gogo handiz zegoen beste urrats bat egiteko, eta “Megatron” helburu hartu zuen. Lanari ekin zionean, segituan ohartu zen ikusitako bideoetan hainbat eskalatzaileren metodoak ez zirela berarentzat batere egokiak; izan ere, espezialista horiek baino altuagoa da bera.
Boulder horrek dituen hamazazpi mugimenduak zain zituen. Bigarren egunerako, gazte honek sekuentzia askoz ere eraginkorragoa aurkitu zuen. Eta pixkanaka-pixkanaka mugimenduak lotzen joan zen. Protagonistak dio blokeak hiru dimentsio dituela. Erresistentzian oinarrituta egoteaz gain, gorputzaren mugimenduak eta oinen erabilerak berebiziko garrantzia dute. Horretaz gain, aipatu du hamazazpi mugimenduek une oro dena ematea eskatzen dutela. Hots, mugimendu samurrik ez omen du.
Eroria duen ertz bat gainditu ostean, McArthurrek sabai bati aurre egin zion. Zorionez, indarrak ez xahutzeko, oin batekin blokeo bat egiteko aukera izan zuen. Mugimendu hori gakoa izan zen aurrera jarraitzeko eta arrakasta izateko. Baina maiz gertatzen den bezala, helburua oso eskura dagoenean, arrazoi ezberdinengatik lorpena atzeratu egiten da: «Bitxia izan zen egoera. Sinatu nuen egunean, blokearen giltza gainditu ostean, ia amaieran, zortzi aldiz erori nintzen. Une jakin batean, iruditu zitzaidan eskalatzeko era ez nuela aldatu behar. Buruak lan handia egin behar zuen, eta gune mental egokia bilatu behar nuen mugimendu guztiak lotzeko. Zaila da azaltzea baina, lehenik eta behin, esan behar dut ikusezin bihurtu behar nuela. Munduari nire inguruan mugitzea baino ez nion utzi behar. Kontua ez da nik zenbat eman dezakedan. Ez dago nire esku, blokeak agintzen du. Behin betiko egunean izan nituen erorikoak ikusita, nire burua beste dimentsio batean kokatu behar nuen. Eseri, isiltasunean kontzentratu eta lasai egon nortasunaren zentzua desagertu arte».
Azaldu duenez, eskalatzaile gazteak lehentasuna ematen dio buruaren sendotasun zein kudeaketari. Sasoiarekin ez zuen zalantzarik; bai, ordea, “Megatron”-en goiko zatiak xahutu zion energiarekin. Baina, esan bezala, bost egun (ez jarraian) behar izan zituen 9a mailako bere lehen blokea biribiltzeko. Bloke horrek duen zailtasunaren inguruan, MacArthurrek esan du ez duela eskarmentu handirik iritzi sendo bat emateko. Hala eta guztiz ere, uste du “Megatron” 9a dela. Eta hori azaltzeko gehitu du 8c+ mailako bloke bat egiteko hiru egun behar izan zituela eta 8c zailtasuneko beste bat egiteko, egun bat besterik ez.
HIRU ORDU!
Ez dakigu azken proposamen horien inguruan eman dituen iritziek asko balio duten hilaren 4an eskalatu zuen 9a zailtasuneko bere bigarren lorpena azaltzeko. Agian ez du azalpenik behar, baina eskalatzaile honek “No one mourns the wicked”-en egin duenak hitzik gabe utzi ditu espezialistak eta publiko orokorra. Coloradoko Thunder Ridgen dagoen boulder hori hiru orduan sinatu zuen!
Bloke horren lehen igoera Nathaniel Colemanek iaz erdietsi zuen. McArthurrek aipatu du irudiak ikusi zituenetik bloke horrekin amets egin duela. Lehen bisitan heldulekuak ukitu zituenean ezustekoa hartu zuen. Txarrak omen ziren. Batzuk kamutsak, beste batzuk irristakorrak, inklinatuak ere baziren… Ezaugarri horiek kontuan hartuta, protagonistak bazekien gorputzaren oreka perfektuan oinarritu beharra zuela.
“No One Mourns the Wicked”-era heltzeko 45 minutuko hurbilketa bidea egin zuen. Eguerdian lehen mugimenduak probatzen hasi zen, eta, bitxia bada ere, aipaturiko helduleku txarrek beste aurpegi bat erakutsi zioten. Blokearen ezaugarrietara oso azkar egokitu zen, eta handik bi ordura giltza menderatuta zuen. Gainera, oso erraz; ekinaldi bakoitzak ez zion buruhausterik eragiten.
Saialdien azkeneko orduak ez zuen misteriorik izan. Arratsaldeko hirurak jotzeko gutxi falta zenean, McArthurrek behin betiko igoerari ekin zion. Hasierako tartea 8b mailakoa da, eta zehaztasun osoz gainditu zituen mugimendu horiek. Hortik aurrera, amaieraraino, oso eraginkorra izan zen. Eta, esan bezala, hiru orduko lanaren ondoren, bere bigarren 9a eskuratu zuen.
Boulderrak egun duen maila gorena bi asteko epean eta era horretan nola lor daitekeen ulertzea ez da erraza, baina eskalatzaile ingelesak erakutsi du mugak hausteko daudela. Alde horretatik, aurrerantzean egingarriak ez diruditen xedeak berriro definitzeko prest dagoela iragarri du. Itxaropentsu dago egoera hori astintzeko, eta gaineratu du oraindik asko duela ikasteko. Gai hori asko lantzeaz gain, ibilbide horretan aldaketa baikorra bilatzen ari da. Ildo horretatik jarraituz, eskalatzaileak adierazi du eskaladaren hainbat murru hausteko lan egingo duela; batez ere, eskalada esfera handiagoan sartzeko.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
