Ikuskizunaren gailurra, narratibaren beherakada

Ethan Hunt bueltan da, bere azken misioa izan daitekeen honetan, arnasa eten eta ikuslea ikuskizunaren mugetara eramateko prest.
Oraingoan, Hunt eta bere taldea gizateriaren etorkizuna arriskuan jarriko duen adimen artifizial boteretsu baten aurka borrokatuko dira.
Filmak, akzio sekuentzia ikusgarriak, ezinezko jazarpenak eta amildegiaren ertzean egindako akrobaziak eskainiz, ikuslea eldarniotik gertu dagoen erakustaldi tekniko eta fisiko batean murgiltzen du. Saga honen oinarria “blockbuster” garaikidearen estandarrak zergatik markatzen jarraitzen duen berresten duen plangintza bisuala da.
Zoritxarrez, bere asmo narratiboekin topo egiten du. Anbizio handiko gidoia du, baina azpi-argumentu ugarik eta ustekabeko biraketek hari nagusia lausotzen dute, kontakizunaren jariotasuna eten eta ulermena zailduz. Adimen artifizial ahalguztidunaren mehatxua, garrantzitsua izan arren, zerbait generikoa balitz bezala sentitzen da, eta ez aurreko entregetako antagonistak bezain zirraragarria.
Desoreka agerikoa da: lehen mailako ikuskizun baten distirak liluratzen du, baina koktel honetako gainerako osagaiak ez dira maila berekoak. Batzuetan, eskertzekoa litzateke erritmoari atseden apur bat eman izan baliote, hurrengo leherketaren atzean zer dagoen argiago sumatu ahal izateko.
“Blockbuster” on baten ezaugarri gehienak biltzen ditu: tentsio gorenean dabilen ikuskizuna da. Baina, era berean, ikuskizunik handienek ere gogorarazten digute zirrara eragitea ez dela nahikoa; ikusgarritasunak ere hezurdura sendo bat behar du bizirik irauteko.
Gorabehera narratibo horiek gorabehera, aitortu behar da sobera betetzen duela bere helburu nagusia: lehen mailako ikuskizun zinematografikoa eskaintzea.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
