Ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta, balantzea egiteko ordua
Lehenik eta behin, Euskaraldiaren helburu nagusia soziolinguistikoa bada, balantzea alor horretako helburuen betetze-maila neurtuz egin beharko da, hein batean behintzat. Esparru horretan azterketa lasaia egin beharko da.
Bihar erakundeek lehen ebaluazio bat eskainiko dute antolakuntza ikuspegitik. Komunikazioan egin den lana ere baloratu beharko da. Balantze estrategikoa -edo politikoa, nahiago bada- ikuspegi horiek guztiak hartu beharko ditu kontuan.
Beste kontu bat da helburuak eztabaidagai jartzea. Edo metodoa, maiztasuna, kudeaketa… Datuen faltan, edizio honetan agortze zantzuak nabaritu dira. Diagnostikoan asmatzea erabakigarria da, ordea.
Euskarak, baita bere iraupenerako eta garapenerako mugimendu sozial eta politikoak ere, denbora bat darama bidegurutzean. Fronte ugari ditu zabalik, barrukoak zein kanpokoak. Agian, Euskaraldia une desegokian iritsi da.
Aurreko aldietan ez bezala, erakundeen eta euskalgintzaren arteko lotura ez da bizia izan. Lakuako Gobernuak trantsizio-arazoak ditu oraindik. Kosta egiten zaio lehen ondo egiten zituzten gauzak egitea, eta ez dirudi beste gauza batzuk egiten asmatzen ari direnik. Euskalgintza, beraiek diotenez, krisiaren eta birmoldaketaren erdibidean dago.
Uneotan, espainiar epaileen bulkada atzerakoiak distortsioa eragiten du. Epai bidegabeek dituzten ondorioez gain, estrategiak desbideratzeko eta iraganeko eskemak errepikatzeko duten gaitasuna kontuan hartu behar da, eraginkortasunerako joera mugatzen baitu, moralismoaren mesedetan.
Lasaitasuna, zintzotasuna eta argitasuna behar dira. Ez da erraza eta erronkak itzelak dira. Estrategiak berrikusi eta konpromisoak berretsi beharko ditugu, guztiok.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
