Jon GARMENDIA
Idazlea

Bidea

Harrigarria da nola eramaten zaituen bide batek beste bide batera. Donibane Lohizuneko Artha dikeari begira egotetik Machadori buruz hitz egitera, adibidez; eta bide horretan lotura non dagoen jakiteko kuriositatea piztera zuri, irakurle. «Caminante no hay camino, se hace camino al andar» datorkigu askori poeta andaluziarraren izena entzun orduko, pentsamendu deterministatik urrun, poema horrek iragan zehatzari behakoa emanda ausazko etorkizun bat marrazten baitu; agian gertatuko da zerbait zuk hala probokatzen baduzu. Hori du bideak xarmatik, batzuetan badakizula nora zaramatzan, eta beste batzuetan aurrez pentsatu ez zenuen lekuan bukatzen duzula.

Halako zerbait gertatu zitzaion Antonio Machadori Collioure herrian hil zenean; hantxe dago lurperatua, ama ondoan daukala. Exiliora bidean arribatu zen Colliourera, eri eta unatua, eta gutxira hil zen han, pneumonia batek jota. Amak ez zuen bera gabe bizi nahi; halaxe adierazi zuen semea hil zela jakitean, eta hiru egunera hil zen toki berean, 85 urterekin, bere urtebetetze egunean. Kataluniakoa izan bazen ere, Frantziakoa da ofizialki Collioure, politika eta menderakuntzaren bideak luze eta sakonak baitira historikoki. Han eraiki zituen gotorlekuak Vauban-ek, Sebastien Le Pestre ingeniari militarrak, Luis XIV.aren zerbitzura, eta gauza bera egin zuen Artha eta Zokoko gotorlekuarekin. Ohartzeke, Frantzia defendatzeko baino bertakoak babesteko bidea egin dutela gehiago.