IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevue
ANTTON ARASPIN
Karma taldeko abeslari eta gitarra jotzailea

«Euskalduna izatea hautu bat da eta horretaz kontziente izan behar da»

Karma taldea 2022an agertu zen eszenan. Antton Araspin, Benjamin Delabaca Miguel Etxeberri dira taldea osatzen dutenak, eta ‘‘Dirudienez’’ izeneko lan indartsuarekin datoz orain. Rock freskoaren eta 70etako rock progresiboaren arteko zubi lana egin dute disko honetan, doinu gogorrak eta arinagoak jorratuz. Antton Araspinekin elkartu gara.

(Camille CHOPIN - Jon URBE | FOKU)

 

Zer moduz, Antton?

Ongi, ongi. Milesker.

Aurkezpenak hasi eta gero, pozik.

Biziki pozik, bai. Gure lehen kontzertuak eman ditugu diskoa aurkezteko.

Lehendabiziko urduritasunak gaindituta, ezen urduritasuna nabari zen Atabaleko estreinakoan. Gauzak ondo egin nahi izatearen zera hori.

Hori da. Baldintza berezietan egin genuen, bertan zirela gure familiakoak, lagunak eta eta abar. Gainera, areto handi batean.

Lan berrian erreferentzia ugari topatu ditut. Lehena, «Zepo bakarra» kantuko gitarra garbi horretan. Gibson 335 bat erabili duzu, eta Gorka Urbizuren unibertsora narama.

Arrunt begitara ematen du horrek.

Erabili izan duzun beste gitarra ere, Fender Telecasterra, bazen Berri Txarraken aroan erabili izan zuena, eta horrek konparaketak sortzen ditu maiz.

Garbi dago Berri Txarrak izan dela egundoko erreferentzia guretzat, eta preseski niretzat. Beraz, bai, normala dela uste dut sentitzea nire musikan horrelako gauzatxo batzuk, bai.

Energia asko duen kantua da diskoa irekitzeko hautatu duzuen hau. Arrakastari edo industriari kritika egiten diozue nolabait ere.

Salatzen dugu gaur egungo egoera. Baloreak merkatuan salgai direla garai hauetan. Noraino ari dira saltzen? Hori da, azken finean, mundu pixka bat berezi batean bizi garela, sare sozialek hori mantentzen dute eta eta pixka bat bitxia iduritzen zait, eta ez dut sobera maite. Ez du zentzurik niretzat. Eta, beraz, hori islatu nahi nuen kantuan, ikusiz musika arloan asko aldatu dela industria azken finean. Eta horren kontziente izan behar da, eta salatu behar dela uste dut.

«Dirudienez» esaten duzue, eta horrela izendatu diskoa. Dirudienez, zer da? Itxurakeriaren garaian bizi garela beharbada?

Aipatzen ditugu gai desberdin-desberdinak; norberaren izatea, prozesu soziala eta hautuaren garrantzia adibidez, eta ‘‘Dirudienez’’ hitz horrek pixka bat barneratzen zituen gai horiek guztiak. Eta diskoaren azalarekin ere antza kobratzen zuen azken finean.

«Oharkabean» kantuarekin segitzen du diskoak. Ez dakit zoramenari buruz edo buruko gaitzen bati buruz ari zareten.

Katarsiari buruz. Ez dakit nola erran. Dena botatzea, badakizu? Bada, horretaz.

Sarrera progresibo bat, erritmo aldaketa ugari… Eta, «Katarsia» esatean, Michel Ducauren esparrura bideratu nauzue erabili duzuen harmoniarengatik.

Egiari zor, ez dugu haren eragin zuzenik izan, baina bada sekulako musikaria. Egin duen lana sekulakoa da, eta maite dugu. Estilo desberdinak nahasten saiatu gara gogotik; energia desberdin batzuk nahasten ditugu, eta hortik etorri daiteke aipatu duzun eragina.

Kantuen sormen prozesua nolakoa izaten da zuen kasuan?

Nik idazten ditut kantu guztiak; esan nahi dut, musika eta hitzak. Beraz, kantuak idazten ditut, grabatzen ditut maketan eta proposatzen ditut taldean. Miguel [Etxeberri, bateria jotzailea] eta biok gero elkarrekin hitz egiten dugu. Kantuaren egitura berriz aipatzen dugu eta pentsatzen ditugu gauzak zuzenean ere nola izanen diren. Aldaketak badira, onartzen ditut eta gehitzen ditut nire sorkuntzara. Azken finean, elkarlana da bistan dena, baina oinarria nik ekartzen dut.

 

Zuzenean eta estudioan material bera erabili duzu?

Bai, hala da. Miguel, Benjamin [Delabaca, baxu jotzailea] eta hirurok estudioan elkarrekin grabatu genuen guztia, zuzenean. Patrick Fischer izan da berriz ere teknikari lanetan, Bastidan, Lapurdin, Nomad Recording estudioan.

Orain ulertzen da baita ere zeinen ongi entzun zen dena zuzenean, ze aurretik soinu bakanen bat grabatuta zegoela sumatu nuen. Izan ere, zuzenean ere hiruko formatuan zoazte.

Hori da azken finean gure formatua. Hori proposatzen dugu. Ez dugu gezurrik zuzenean. Gure musikan ez gara kukutzen ahal, badakizu, hiru izanez.

Gitarran hautatzen duzun pastilla arina izaten da normalean.

Telecasterra erabiltzen ikasiz joan naiz, eta soinu hori ematen du, bai.

Baxuari presentzia ematen diozu horrekin.

Hori da. Hautu bat da, zinezko hautu artistiko edo musikala da. Gitarra bat bakarrik izanik ere, taldeak tokia merezi du. Ontsa zen. Ez dakit, jotzen dut beste talde batzuetan, eta bestelako mikroak erabiltzen ditut. Baina Karmarekin arinagoak edo beroagoak maite ditut.

Zuen beste gauzetako bat hirurok abesten duzuela da. Polifonia maite duzue.

Bai, arrunt, arrunt. Miguelek kantatzen zuen aspaldi, maite du-eta gogoz. Benjaminentzat pixka bat desberdina izan da, ze ez da bortxaz kantaria sortzez. Landu dugu hor ere polifonia horiek egiteko, eta ekartzen dio aberastasun bat gure proposamenari, gure ustez, interesgarria.

Erritmo aldetik ere bada aniztasuna. «Asetzen ez dena» abestian zortziko bat sartu duzue. Hala ere, Aiziritze eta beroa aipatzen dituzu,e eta gitarrako tremolo efektuak erabat sortzen du irudi hori.

Azken minutuko plana izan zen, izan ere ez nekien sobera zer soinu erabili kopletan. Eta Patrickek esan zuen, pentsa ezazu sinbolo bat, izenburu bat eta lotu horrekin soinua. Eta, hara, beroarekin lotu nuen, eta tremoloa etorri atzetik. Gainera, ahotsari ere tokia uzten dio.

Pello Artabek kolaboratu du abesti honetan, bere ahotsa jarriz.

Konposatzean erran nuen, «hau sartzen badugu diskoan, Peiorekin izan behar du». Beraz, proposatu nion, eta berak segidan baiezkoa eman zuen.

Nondik duzue harremana?

Aspalditik elkar ezagutzen dugu. Gurutzatu ginen lehen aldikotz Azkaineko bestetan uste dut izan zela, eta geroztik gora asko gurutzatzen ginen. Niri Eskean Kristo asko gustatzen zait eta, beraz, harremanetan segitu genuen.

Zoriontasun bila ase ezinik gabiltzala diozue. Zoriontasun perfektu horren bila.

Hori da ideia, bai, bistan dena. Eta hor ere bada zentzu aski irekia. Bakoitzak interpretatzen ahal du nahi duena, eta maite dut hori, ez? Mezu zehatz bat baino, ideia bat da.

Elkarrizketa aurretik esan didazu euskaldun berria zarela. Nik ez nekien hori.

Euskaldun berria naiz. Ez naiz ikastoletan ibili. Euskara ikasi nuen kolegioan pixka bat, horrela, opzio gisara. Eta, gero, estudioak bukatu eta gero, segitu nuen kurtso batzuk eta egiten. Azken finean, hautu bat da eta horretaz kontziente izan behar da. Ez badugu guk egiten, nehork ez du eginen.

Euskara zure egin duzunean, beste nortasun bat garatu duzula konturatu zara?

Bai. Ni euskal kulturaren kontsumitzaile izan nintzen. Aitak segitzen zituen gauzak. Baina geroztik, handitu nintzenean, aktore izan nahi nuen, eta, beraz, euskara erabiltzea beharrezkoa zen.

Hau aipatu dut, «Burutik eskuetara» kantua euskarari eskaini diozuelako. Oraindik ere halakoak beharrezkoak dira.

Bai, hori da. Eta gainera iparraldekoa naiz. Eta ikusitakoa, eta bizitakoa eta gero, euskarak toki bat nahi badu, erabili egin behar da. Barnealdean pixka bat erabiltzen da, baina ez nahi beste, eta hori behar dela zabaldu ikusten dut; mezua zabaltzeko modu bat da abesti hau.

«Zoin muga» hortik ere joan daiteke, hau da, guk jartzen dizkiogula mugak geure buruari.

Muga da azken finean kontzeptu bat. Nahi duguna ezarri ez bada, ez baldin badugu nahi mugarik ezarri denetan, bizi-bizian ez da iritsiko muga hori.

Edizio fisikoko artea ere zaindua izan da.

‘‘Dirudienez’’ hau da. Kontzeptua eta ideia nagusiak idatzi nituen dokumentu batean, eta Luca Petrissans eta Camile Chopinen artean osatu zuten.

Bira erdia egin duzue. Zer geratzen da?

Atabalen izan ostean, Gabadin, Elizondon, Senperen, Parisen eta Anoetan aritu gara. Maiatzaren 31n Azkaineko Xoko Onan izanen gara; ekainaren 13an, Ziburuko Xaltaia Besten; ekainaren 29an, Senperen; eta, uztailaren 9an eta 11n, Baionan, Patxa Plazan eta Zuzulun. Gehiago ere izanen dira, ziur.