GARA
BILBO

2036an langile falta izango dela aurreikusi du Laboral Kutxak

Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria, eta Joseba Madariaga, Ikerketa Saileko zuzendaria.
Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria, eta Joseba Madariaga, Ikerketa Saileko zuzendaria. (Oskar MATXIN | FOKU)

Laboral Kutxaren “Enplegua eta Trantsizio Demografikoa EAEn eta Nafarroan: 2036ko horizontea” azterlana aurkeztu zuten atzo, Bilbon, ikerketa Departamentuko zuzendari Joseba Madariagak eta kreditu kooperatibaren Negozio Garapeneko zuzendari Ibon Urgoitik.

Eragile publiko eta pribatuei hurrengo hamarkadan lan merkatuak izango duen bilakaerari buruzko hausnarketarako oinarri zehatza eskaintzearren, Laboral Kutxak garrantzitsutzat jo du (ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik) trantsizio demografikoak enpleguan duen eragina aztertzea, kontuan harturik 2036ra arteko biztanleriaren zahartzea eta proiekzio demografikoak.

Azterlanetik ateratako ondorioen arabera, enplegatuak gero eta zaharragoak dira eta handitu egin da kanpoko pertsonek enpleguari egiten dioten ekarpena. Bestalde, enpleguak hirugarren sektoreko egitura du argi eta garbi, eta soldatako enpleguak eta enplegu publikoak pisu gero eta handiagoa dute. Alderik positiboenean, emakumeen enplegua nabarmen hazi da, eta dagoeneko guztizkoaren ia erdia osatzen du.

Hala ere, ikerketaren arabera, probabilitate handia dago 2036an lanerako pertsona nahikorik ez izateko, baita 65 eta 69 urte bitarteko adin taldearen proportzio nabarmen batek lan merkatuan jarraituko duen egoeretan ere. Konkretuki, Laboral Kutxak proiektatutako bederatzi egoeretatik zazpiren arabera, 2036an eskulan falta izango da EAEn.

Izan ere, EAEko eta Nafarroako bizi itxaropena 84 urte ingurukoa da, eta jaiotza-tasa 1,3 seme-alabakoa emakume bakoitzeko; hau da, ez da ordezkapen mailara iristen. «Gaur egungo migrazio garbiek biztanleriari partzialki eustea ahalbidetzen badute ere, jaiotza tasa txikiaren eta bizi luzetasun handiaren konbinazioak nabarmen bultzatu du zahartze demografikoa», azaldu dute Laboral Kutxako ordezkariek.

Kontuak horrela, Laboral Kutxak dio EAEko edozein enplegu estrategiak demografiari, hezkuntzari eta migrazioari lotutako aldagaiak barneratu beharko dituela, «2036ra bitartean eskulan eskasiak garapena geldiaraz ez dezan».

PROPOSAMENAK

Ikerlanak dioenez, EAEk hiru neurri hauek hartu beharko ditu, «baldin eta oinarri industrialari eutsi nahi badio, balio handiko zerbitzuetan aurrera egin nahi badu eta ekonomia zahartuaren erronkei erantzun nahi badie»: «Langile seniorrek lanean jarrai dezaten sustatu, migrazioa erakarri eta atxiki, eta lanbide prestakuntza eguneratzeko programak azkartu».

Azken mezu gisa, datozen urteetan bi autonomia erkidegoek izango dituzten erronken eta aukeren ikuspegi zehatza eskaintzen du txostenak: «Politika proaktiboak ezartzea eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza funtsezkoak izango dira, zalantzarik gabe, lan merkatuaren iraunkortasuna eta lurralde ekonomiaren lehiakortasuna bermatzeko».