ETSk eta Tecnaliak berrikuntza sustatuko dute trenbide-sarean
Euskal Trenbide Sareak (ETS) hitzarmena sinatu du Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin hiri-inguruneetako hobekuntza akustikoa, irisgarritasuna eta klima-aldaketari lotutako arriskuen minimizazioa lantzeko helburuekin.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, Tecnaliarekin sinatu duen hitzarmenaren helburu nagusia euskal trenbide-sarean aplika daitezkeen hainbat proiektu berritzaile garatzea da. Hitzarmenak barne hartzen ditu hiri-inguruneetako hobekuntza akustikorako, irisgarritasunerako eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean arriskuak minimizatzeko hainbat arlotako ikerketak.
Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, eta ETSk 600.000 euro ordainduko dizkio Tecnaliari. Trukean, zentro teknologikoak hainbat sistema garatzen lagunduko dio erakunde publikoaren I+G+B sailari, fase desberdinetan bultzatu nahi dituzten hiru eremuak optimizatzeko.
Lehenengoa trenen zirkulazioak trenbide-sarean duen inpaktu akustikoa murriztera eta sarearen barruan saiakuntza pilotuetan ezartzera mugatuko da. Horretarako, hasiera batean, zerbitzuan dauden lineetan zarataren eta lurrera bidalitako bibrazioen sorreraren analisia egin beharko dute, soluzioak identifikatzeko. Ondoren, sentsorizazio bibroakustikoko sistemaren eredua balioztatuko dute, eta, azkenik, sistemak eta prozesuen automatizazioa jarriko dituzte abian kalitate akustikoa hobetzeko proiektuekin eta produktuekin esperimentatzeko eremu baten prototipo batean.
Optimizatu nahi den beste eremu bat geltokien irisgarritasuna da, baita nasa-trena interfazea ere. Horretarako, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboen proposamenak bilduko dira, tailerren programa diseinatzeko eta gauzatzeko. Hurrengo urratsa proposamenen azterketa teknikoa eta erronka teknologikoen identifikazio mapa egitea izango da. Amaitzeko, soluzio teknikoen katalogo bat egingo da, eta, hala badagokio, araudiak aldatzeko proposamenak.
Hirugarren eremua klima-aldaketak trenbide-azpiegituretan dituen ondorioak arintzeko edo saihesteko trenbidera egokitutako metodologien plangintza eta garapenari lotuta dago. Arlo horretan, lehenik eta behin, eragin potentzialak identifikatzeari eta arrisku garrantzitsuak lehenesteari ekingo zaio, funtsezko arriskuen datuen eredua eta metodologia definitu aurretik. Azken zatian, puntu eta elementu kritikoen tipologiari lotutako egokitzapen neurri orokorren katalogoa, egokitzapen eta monitorizazio plan baten diseinua eta esku hartzeko diseinuaren kasu pilotu bat jasoko dira.
MATERIALAK BERRERABILI
Euskal Trenbide Sarearen eta Tecnaliaren arteko lankidetza duela bi hamarkadatik dator. Denbora horretan hainbat ikerketa-proiektu garatu dituzte elkarrekin: elektrizitate fotovoltaikoa sortzeko gaitasuna duten zarataren aurkako panelen probak; trenbideko urruneko sentsorizazio-sistemen garapena edo trenbide-azpiegituretan material birziklatua sartzeko berrikuntza-proiektuetan parte hartzea.
Azken gai horren inguruan, ETS materialak berrerabiltzeko Europako I+G+B proiektu pilotu batean parte hartzen ari da; zehazki, gaur egun obratan dagoen Anoetako geltokian (Donostia) materialak berrerabiltzeko proiektuan. Apirilean Vigoko unibertsitateko talde batek terminala eskaneatu zuen, haren osaerari buruzko ahalik eta informazio gehien biltzeko eta, horrela, ahalik eta aprobetxamendu handiena bilatzeko.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
