Ion SALGADO
GASTEIZ
EZTABAIDA GASTEIZKO LEGEBILTZARREAN

Euskararen etorkizuna bermatzeko, akordio batera heldu beharra

Euskararen aurkako oldarraldia handitzen ari dela eta, EAJk eta EH Bilduk atzo Gasteizko Legebiltzarrean aitortu zuten beharrezkoa dela akordio batera heldu eta neurriak hartzea hizkuntza babesteko. PSEk eta Sumarrek ere akordio baten premia nabarmendu zuten, baina mugak ezarriz. PPk eta Voxek auzitegiek euskararen aurka hartutako erabakiak babestu zituzten.

Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia.
Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Azken urteetan bata bestearen atzetik iristen ari dira euskararen aurkako epaiak. Aste honetan bertan EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako aterpetxeetako langileen egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizunen kontrako erabakia, eskakizuna «baztertzailea eta gehiegizkoa» zela argudiatuz. Eta duela bi urte, 2023an, auzitegi horrek baliogabetu egin zituen Udal Legeak euskararen arloan garatzen duen dekretuaren hainbat artikulu, udaletan euskara ohiko hizkuntza izatea ahalbidetzen zutenak. Auzitegi Gorenak ere baliogabetu egin zituen, Lakuak epez kanpo aurkeztu zuelako epai horren aurkako helegitea.

EH Bilduk «akatsaren edo konpromiso falta horren larritasuna» salatu zuen maiatzaren 9an Legebiltzarrean egindako bilkuran, eta atzo ekimen bat defendatu zuen Gobernuari eskatzeko lan egin dezala Administrazioan euskararen garapenari eta hizkuntza eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko beharrezkoa den lege aldaketen alde. «Hizkuntza politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde lan egin dezala; eta euskararentzat berdintasunezko estatus juridikoa eskuratzearen alde egiteko elkarlana jorratu dezala», adierazi zuen Josu Aztiria legebiltzarkideak.

Markel Olano EAJko legebiltzarkideak babestu egin zuen Lakuako zerbitzu juridikoek egindako lana, eta Udal Legearen kasuan «interpretazio talka bat» egon zela azaldu zuen. «Eta kontua da interpretazio talka horretan Auzitegi Gorenak ez ziola arrazoia eman», aipatu zuen eta epaitegien lana kritikatu. «Ez al dugu ikusten nola ari diren portatzen eta zer jarrera hartzen ari diren batez ere euskararen auzian?», galdetu zuen, euskararen alde «zoru komun bat» adostu behar dela gehituz.

«Guztion artean landu dezagun zoru komun bat euskararen biziberritzea bultzatzeko. Nik uste dut hor dagoela giltzarria», gaineratu zuen, eta gogoratu zuen une honetan martxan dagoela Euskaltzaindiak abian jarritako gogoeta prozesua. «Momentu honetan ari da euskalgintza osoa zehazten zein izan behar den hurrengo urteetan eta hurrengo hamarkadetan euskarak ibili beharko duen bidea biziberritze ikuspegitik sektorearekin, sektore inportanteenetan».

GIPUZKOAN BAI, GASTEIZEN EZ

Olanok subiranistekin «zoru komun bat» dagoela onartu zuen, baina atzoko bilkuran EH Bilduk proposatuko testuaren aurka bozkatu zuen EAJk. EH Bilduk jeltzaleen erabakia kritikatu zuen; izan ere, eduki bera zuen testua onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Gipuzkoan balio duenak zergatik ez du hemen balio», galdetu zuen Aztiriak.

Horren ordez, EAJk zuzenketa bat adostu zuen PSErekin. Gobernua osatzen duten alderdien testuaren arabera, «Legebiltzarrak botere publiko guztiei eskatzen die une bakoitzean ekintza publiko eraginkorrena bultzatzen jarraitzeko, euskararen normalizazio linguistikoan eta erabilera instituzionalaren baldintzetan aurrera egiteko, polarizaziotik urrun eta ahalik eta adostasun eta segurtasun juridiko handienarekin». Halaber, eragile guztiei eskatzen die «euskararen errespetu eta babes gorenaren alde lan egiteko, pertsonen hizkuntza eskubideekiko bizikidetza kohesionatua jartzeko, eta, horretarako, bazter dadila aurkari politikoa modu oportunistan higatzeko euskarari eragiten dion edozein gertaeraren erabilera oro».

PPk eta Voxek ez dute ezkutatzen euskararen aurkako jarrera, eta Sumarreko ordezkari Jon Hernandezek zalantzan jarri zituen hizkuntza eskakizunak. «Uste dugu guztiz bateragarria dela herri honetako pertsonen hizkuntza eskubideak bermatzea eta hizkuntza eskakizunen aplikazio proportzionala egitea, lurraldeetako errealitate soziolinguistikoan oinarrituta, lanpostuen karakterizazioan oinarrituta, ez bakarrik administrazioetan, baita azpikontratetan eta zerbitzu publiko askotako azpikontratetan ere».

PSEko legebiltzarkide Pau Blasik ere anbiguotasuna erabili zuen bere hitzaldian, euskararen alde daudela adieraziz eta, aldi berean, zenbait muga ezarriz. «Sozialistok euskararen sustapenean egongo gara, bai, baina zentzutasunez, proportzionaltasunez, herriaren errealitateari eta gure legediari erreparatuz».

EH BILDUREN PROPOSAMENA

Aztiriak bigarren hitzaldian EH Bilduk Legebiltzarrera eramango duen Enplegu Publikoaren Legearen erreforma proposamena aurkeztu zuen. «Lehen puntuan proposatzen dugu Administrazio Publikorako sarbidean printzipio orokor gisa bi hizkuntzak egiaztatu behar direla. Orain arte ez bezala, euskarak eta gaztelaniak berdintasunezko trataera izango lukete. Honek ekarriko luke benetako Administrazio elebidun bat, gertuagoa, eraginkorragoa».

Bigarren printzipioa «malgutasuna» litzateke. «Izan ere, badakigu testuinguru soziolinguistiko desberdinak daudela. Eta planteatzen dugu geroratze indize bat eratzea gaitasun elebiduna egiaztatu ez duten lanpostuetarako». Halaber, «unibertsaltasuna» sustatuko litzateke. «Euskara ikasteko eta jakiteko eskubidea unibertsalizatu behar da Administrazio publikoan, azpikontratazioan eta gizarte osoan». Azkenik, «hizkuntza eskakizunen egiaztatze sistema eraldatu behar da, azterketetan oinarritutako sistema hertsietatik konpetentzietan oinarritutako ebaluazio jarraira. Hau da, euskalduntzea guztioi eragiten digun ikasketa prozesu gradual bezala ulertu behar dugu. Ez da ona euskalduntzea azterketen lorpen huts bezala ikustea», gaineratu zuen.