Ikastolek salatu dute ez zaiela bideratzen dagokien ikasle zaurgarrien kopurua
Azken hiru urteetako matrikulazio prozesuaren balorazioa egitean, Ikastolen Elkarteak kritikatu egin du prozesua arautzen duen 2023ko Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailaren dekretua. Atzoko agerraldian nabarmendu zuenez, ikasle zaurgarrien banaketa ez da orekatua sare guztietan eta zaurgarritasun irizpideak ez dira egokiak.

Ikastolen Elkarteak prentsaurrekoan salatu zuenez, ikasturtean zehar egiten diren ikasle zaurgarrien eta atzerriko jatorria dutenen matrikulak, matrikula biziak, ez dira orekatuak sare denetan eta ikastolei ez zaie dagokien kopurua bideratzen. Gainera, hori «modu intentzionatuan» egiten ari dela zehaztu zuten.
Azken hiru urteetako matrikulazio prozesuaren balorazio «oso kritikoa» egin zuen Ikastolen Elkarteak atzo Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Nekane Artola elkarteko lehendakariak eta Unai Mendizabal idazkariak hartu zuten hitza.
Dekretuari dagokionez, Ikastolen Elkartearen ustez, «prozesu honek ez ditu sare bakoitzaren beharrak modu egokian asetzen eta kudeatzen». Horren ondorioz, uste dute ez dituela «oreka eta justizia» bermatzen hezkuntza sistemaren barruan. Horrekin batera, esan zuten ez dagoela ekitatearen aldeko «borondate argi eta sendorik».
Zaurgarritasun indizea ere gogor kritikatu zuten, «egokia eta sinesgarria» ez delakoan. Gogorarazi zuten zaurgarriak diren ikasleak hautatzeko familiek beren borondatez galdetegi bat betetzen dutela. «Horrek ez dizkigu datu fidagarriak ematen», esan zuten. Horren ordez, «errenta, ondasunak eta lanbidea» aztertu beharko lirateke, esaterako.
Prentsa agerraldian gaineratu zutenez, ez dira kritikara mugatu eta proposamen sorta bat ere ekarri zuten. Izan ere, euskararen eta euskal kulturaren egoeragatik kezkatuta daudela adierazi zuten, tartean Euskal Herrira etorri berri direnak euskalduntzeko «zailtasunak» direla eta. Beraz, «erronkei parez pare begiratzen» dietela azpimarratu zuten.
OREKA, GERTUTASUNA ETA IKASTOLAK AUKERA BAT IZATEA
Beraz, sistema «inklusiboago eta orekatuago» bat lortzeko eta matrikulazioaren prozedura hobetze aldera, bost proposamen aurkeztu zituzten: zaurgarritasun indizea kalkulatzeko adierazle objektiboetan oinarritutako formula bat; herrietako eragin eremuen diseinua modu «orekatuan eta justuan» berrikustea, familia guztiek aukera berdinak izan ditzaten; udal matrikulazio bulego neutroak sortzea, familiek erabaki informatua har dezaten eta lehiakortasuna saihesteko; eta matrikulazio bizia modu orekatuan berrantolatzea eta ikastolen eredua Euskal Herriko edozein familiarentzat aukera bat izan dadila.
Proposamenekin batera, «Hezkuntza Sailak neurriak hartzen dituen bitartean» lanean jarraituko dutela argi utzi zuten. Hala, irailetik aurrera beka sistema propio eta koordinatu bat abian jarriko dute; euskalduntzeko plan berri bat aurkeztuko dute, herri mailako murgiltze guneekin etxetik euskara ez dakarten ikasleentzat eta, azkenik, ikastola hautatu duten familiek «gurean jarraitzeko» lan egingo dute.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
