Liderren «jaieguna» Nico Denz langileak baliatu du Cesano Madernon
Hurrengo bi egunetan mendiak Giroko sailkapen nagusia erabaki behar duelarik, Cesano Madernoko helmugara iheslari anitzeko multzo bat iritsi zen ia 14 minutuko abantailarekin. Denzek bere palmareseko hirugarren Giroko etapa eskuratu zuen.

Nico Denz Red Bull Bora taldeko txirrindulari alemaniarrak neurria hartua dio Giroari. 2023an bi etapa garaipen kendu zizkion eta, bi urte beranduago, atzo Giroko hemezortzigarren jardunaldia ere etxera eraman zuen Waldshut-Tiengen hirian 1994ko otsailaren 15ean jaiotako txirrindulariak. Giroko sailkapen nagusiari begira, gaurko eta biharko jardunaldiek dena erabaki behar dute eta, horren ondorioz, «jai» hartu zuten liderrek Morbegnotik abiatu eta Cesano Madernon amaitu zen etapan.
Sailkapen nagusian zeresanik ez duten makina bat txirrindularik tropel nagusiaren baimena izan zuten, tartean Wout Van Aert, Dylan Van Baarle eta Mads Pedersen bezalako etapa ehiztari bikainek, baita Movistar taldeko Jon Barrenetxea bizkaitarrak ere, baina guztien artean Nico Denz izan zen azkarrena. Ez hankaz bakarrik, buruz ere bikain moldatu zen; batetik, Giroa amaitzeko falta diren etapetan atzokoan baino ez zuelako berarentzat aukerarik ikusten eta, bestetik, Red Bull Bora taldeari Giroa dena aldrebestu ostean buelta emateko modua nolabait aurkitu zuelako.
«Hau da nire hirugarren garaipena Giroan eta, zalantzarik gabe, denetan hunkigarriena izan da», onartu zuen Denzek etapa amaitu berritan. «Bi hilabete eman ditugu altueran kontzentraturik, Primozentzat [Roglic] sailkapen nagusia prestatzen. Baina Primozek Giroa laga behar izan du eta Jaik [Hindley] ere etxera joan behar izan zuen erori egin zelako. Eta orduan buruari bueltak ematen hasten zara, merezi ote duen emaztea eta seme-alabak hainbeste denbora ikusi gabe egon behar izatea ezertarako balio ez duen kontzentrazio batean... Baina buelta eman diogu egoera txar horri eta, burutazio txarrak atzean lagata, hemen nago, taldeari garaipena eskaintzen», jarraitu zuen alemaniarrak, benetan hunkituta.
Morrontza lanerako zebilen Giro honetan Denz, baina liderrik gabe geratu da Red Bull Bora taldea eta nolabait irtenbideren bat bilatu du. Ihesaldi itzel batean sartu zuen alemaniarrak bere burua, tropel nagusiak ez baitzuen iheslariak harrapatzeko ahaleginik egin -irabazlearengandik ia 14 minutura iritsi ziren helmugara-. Ondorioz, 35 txirrindularik behingoagatik «berekoi» izateko baimena jaso zuten.
Hasieran bai, hasieran elkarlana eta harmonia nagusi ziren iheslarien artean, baina harmonia hori berehala hautsi zen. Hainbat ihesaldi saiakera izan ziren 35 txirrindularik osatu zuten tropel horretan, nahiz eta begirada gehientsuenak Van Aert eta Mads Pedersen-engan -lau garaipen aurtengo Giroan- pausatu.
Helmugara iristeko 19 kilometroren faltan jo zuen berea Nico Denzek. «Tartetxo bat zabaldu dudala ikusi dut erasoa jo dudanean. Ikusi dut atzetik akordio askorik ez zegoela eta denak elkarri begira zebiltzala. Behin etapa garaipena jokatzeko aukera izango eta ez dut birritan pentsatu; tartea ireki dudala baliatuta, jotzea erabaki dut», azaldu zuen txirrindulari alemaniarrak.
Ez zuen aurrera jarraitu beste egitekorik izan Denzek. Atzean erasoak baziren, baina akordiorik eta jarraitutasunik gabe. Ondorioz, Nico Denzek gero eta alde nabarmenagoa atera zuen, helmugan minutuko tartea lortu zuelarik.
EGIAREN ORDUA
Juan Ayuso jokoz kanpo dela, UAE taldeko lidergoa Isaac Del Tororen eskuetan geratu da. Ez du lan errazik izango; Aostako bailaran barrena, Biellatik Champoluceko helmugara -Estatu frantseseko mugatik oso gertu- 166 kilometro izango dituzte txirrindulariek, baina aurre egin beharreko behetik goranzko desnibela, 4.950 metrokoa, ez da badaezpadakoa izango.
Lehenengo mailako hiru mendate eta bigarren mailako beste bi igoko dituzte gaur. Ikusi egin behar egunaren amaieran lider berririk ote dagoen ala Isaac Del Tororen borrokarako grina nagusitzen den.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
