Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SUSPECT: THE SHOOTING OF JEAN CHARLES DE MENEZES

Sistema oso baten porrota

Uztailaren 7an 20 urte beteko dira Londresko garraiobide sistemaren aurka burututako eraso islamistak izan zirela. Urte hartan, egun batzuk geroago, beste eraso bat gauzatzen saiatu ziren. Ez zen hildakorik egon, eta zapuztutako atentatuko egileak atxilotuak izan ziren.

Operazio horretan, baina, akats tragiko batek beste izen bat gehitu zuen memoriaren zerrenda ilunera: Jean Charles de Menezes brasildarra. Erasotzaileetako batekin nahasi zuten, eta, haren etxetik Stockwelleko metro geltokiraino jarraitu ostean, Poliziak, zenbait akats larri egin ondoren, metroko bagoian bertan hil zuen, tiroka, bortizki. Poliziaren arabera, nahasketa bi arrazoi nagusiren ondorioa izan zen: De Menezes zaintzapean zegoen susmagarri baten eraikin berean bizi zela eta, ustez, antza handia zuelako harekin. Gertaera haien oihartzunak oraindik ere entzuten dira.

Telesaileko lau atalek gertakariaren une garrantzitsuenak azaleratzen dituzte: atentatuen prestaketa, susmagarrien bilaketa -Poliziaren akats larriak tarteko-, familia brasildarraren eta giza eskubideen aldeko ekintzaile taldeen haserrea eta aldarriak, filtrazioak, batzorde independentearen lana eta, azkenik, epaimahai bidez egin zen epaiketa.

Gidoiak gertaeren berreraikuntza trebe eta orekatua eskaintzen du, kritika zorrotzak eginez eta identifikazio, komunikazio eta prozedura akatsen kate luze bat argituz. Argi eta garbi, izen-abizenak erabiliz, errudunak seinalatzen ditu, eta Poliziaren arduragabetasunak eta gezurrak irmoki salatu.

Istorio tragikoa azaldu eta errudunak salatzeaz gain, Jean Charles de Menezes-en duintasuna eta memoria berrezartzea helburu ditu telesailak.