GARA
DONOSTIA

Bizilagunak elkarteak ehunka lagun bildu ditu auzo inklusibo baten alde

Bizilagunak proiektuko bazkarietako bat.
Bizilagunak proiektuko bazkarietako bat. (Jon URBE | FOKU)

“Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen!” lelopean, Bizilagunak elkarteak 195 pertsona baino gehiago bildu zituen igandean Gipuzkoan. Egun horretako bazkaria etxean edo parkean partekatzea, elkar ezagutzea eta beldurrak, estereotipoak eta aurreiritziak eraistea du helburu ekimenak.

Aurtengo edizioak aldaketa nagusia izan du datari dagokionez, azaroaren amaieran egin ordez eta udazkeneko hotza atzean uzteko asmoz, ekainaren 1ean egin baita, eguraldi onaren atarian.

Bazkariaren eguna aldatzeak harrera ona izan du. Hain justu ere, 27 familia elkartu ziren Bidasoko, Oarsoaldeko, Buruntzaldeko, Donostialdeko eta Tolosaldeko herrietan. Guztira, 22 nazionalitatekoak, bertakoek zein atzerritarrek parte hartu zuten aurtengo bazkarian, besteak beste: Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Argentina, Honduras, Nikaragua, Brasil, Mexiko, Boli Kosta, Mali, Kamerun, Maroko, Senegal, Nigeria, Herbehereak, Frantzia, Peru, Nikaragua, Errusia, Aljeria, India eta Euskal Herria.

Urtero legez, Bizilagunak proiektuak bi familia bildu ditu mahai baten inguruan igandeko bazkaria partekatzeko: bata bertakoa eta bestea errefuxiatuena edo migratzaileena. Ekimenaren helburua da bi familiak hurbiltzea, elkar ezagutu dezaten eta pertsona batzuek izan ditzaketen aurreiritziak eta beldurrak uxatu ditzaten. Horrekin batera, familiek zapore eta istorio ezberdinak trukatu eta ezagutu dituzte.

Aurtengo bazkaria parke batean edo beste topagune batean egiteko aukera proposatu dute Bizilagunak elkartekoek, “Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen!” lelopean. Elkarteak positiboki baloratu du aurtengo ekimena: «Batzuetan arrazakeriari aurre egiteko modurik onena ez da diskurtsoaren bidez, keinu txikiekin baizik, bazkari bat konpartitzeko keinua, adibidez».

Bizilagunak proiektua jatorri desberdinetako pertsonak elkartzeko helburuarekin bazkariak egitean datza, kulturartekotasuna sustatzeko eta beste herrialde batzuetatik etorritako jendea eta beraien kultura hobeto ezagutzeko. Estereotipo arrazisten eraginaren aurka egiteko, bide batez.

Normalean bertako familia baten, migratzaileen familia baten eta dinamizatzaile baten arteko otorduak izaten dira, eta urtero irekitzen da parte hartzeko aukera Euskal Herriko hainbat txokotan.