Ane URKIRI ANSOLA
GERNIKA
NAZIOEN LIGA

Ofizialtasunaren oihala altxatu du pilotak, «lorpen handiagoen» bila

Euskal Selekzioaren debutak ehunka pertsona erakarri zituen Gernikako Jai Alai pilotalekura, Bermeotik Andoainera; Mutrikutik Sarara. Jende andana hurbildu zen selekzioko kamiseta berdea erostera, «gure nortasunaren adierazlea» den larruazala janzteko. Zazpi lurraldeak ordezkatzen dituen selekzioa ez izatea da penarik handiena.

Jendetza bildu zen Gernikako Jai Alain Euskal Selekzioari babesa adierazteko.
Jendetza bildu zen Gernikako Jai Alain Euskal Selekzioari babesa adierazteko. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Kirolariak izan gara, nazioartean ere ibili gara, inoiz ezin izan dugu gure nortasunaz lehiatu eta, beraz, amets bat errealitate bilakatzea bezalakoa da. Ilusioa egiten du, eta hemendik aurrer, kontraesanak saihestu ditzakeen urratsa izan daiteke», dio Mikel Iruskietak, Bermeoko zesta-eskola berriko presidente eta puntista ohiak. Duela zazpi hilabete ireki zituen ateak Bermeo Jai Alai klubak, eta gaur egun 27 pilotari gaztek dihardute bertan. Sasoi batean herrixka honek 11 puntista profesional izan zituen, eta orain, harrobian lan eskerga eginda, zesta-punta hauspotzen ari dira.

Euskal Selekzioaren debuta nazioarteko txapelketa batean benetako hauspoa ere izango da kirolarentzat. Hala iritzi dio Henri Errandoneak, Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakariak, GARAri egindako adierazpenetan: Euskal Selekzioa baldin bada, ez soilik pilotan, futbolean, errugbian... Gure lurraldea kirolaria da, eta euskal selekzio batek kirola aberastuko luke».

Noski, penatuta dago Bidasoaz bestaldeko puntistek egungo Euskal Selekzioarekin jokatu ezin dutelako. Gogoratu du, halaber, duela hamarkada bat Iparraldeko Pilota Batzordeko zuzendaritzak, aho batez, bozkatu zuela euskal selekzioaren alde: «Guk hobeki ikusiko genukeen zazpi lurraldeen ordezkaria den selekzioa, baina egin den urrats hau biziki inportantea da. Iruditzen zaigu gauza baikorrak iritsi direla, azkenean ulermena badela eta segur aski pilota izanen dela aberastuko dena».

Horixe adierazi zuen Joxe Mari Mitxelenak irekiera ekitaldiko diskurtsoan, bertso batekin: Berritzear dago euskal, pilotaren haria / selekzio ofizialak, orain lehenengo partida / Pilota airean dabil, aurrerantz jira eta bira / nahiz oraindik ez den heldu, Zuberora Lapurdira / Baxenabarrera eta Nafarroaren erdira / gaur Gernikako kaleetan hunkidura nabari da / Lorpen handi hau pasako baita gure historiara, lorpen handiagoak ere etorriko dira.

IKURRINAK HARMAILETAN

Ikurrinaren mosaiko handi batek atondu du hainbesteko esperotako irekiera ekitaldia. “Euskal Herriak erabaki” leloarekin ere ikusi dira zenbait gazte, belaunaldi berrietan ere ofizialtasunaren grina presente dagoen adierazle. Hunkitzen dute halakoek, aldarrikapen historiko baten oihartzunak segida duelako. Bai eta jendearen ilusio aurpegiek -gazte, heldu zein erretiratu, nahi honek belaunaldiak zeharkatzen baititu-, irribarre urduri horrekin, kirioak dantzan hara eta hona, argazkien bitartez une gogoangarri hau betirako gorde nahian.

Erkiaga, Urreisti, Gogenola, Lopez, Aldazabal, Barrenetxea, Lekerikabeaskoa eta Goikoetxeak eraman dute txalo zaparradarik beroena, hunkigarriena, Euskal Selekzioaren lehen parte hartze ofizialean lehiatuko diren protagonistek. Espainiako ordezkariei dagokienez, txistuak txaloei nagusitu zaizkie; Frantziakoen aurrean ere nahasi dira txaloak eta txistuak.

Altxatu du ofizialtasunaren oihala pilotako Euskal Selekzioak, urratsa ospatu eta bidea hasi besterik egin ez dela ohartaraziz.