Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Bilboko Autonomia kalea ikurrinez betetzera deitu du Gure Eskuk

Egun gutxi falta dira Gure Eskuk antolatua duen manifestazio nazionalerako eta, hala, larunbatean Bilboko Autonomia kalea ikurrinez betetzeko deia berretsi dute, «Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki» lelopean.

Agerraldia egin dute manifestazioa abiatuko den puntu berean.
Agerraldia egin dute manifestazioa abiatuko den puntu berean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Gure Eskuk larunbateko manifestazioarekin bat egitera deitu du euskal jendartea. “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki” lelopean, Bilboko Autonomia kalea ikurrinez bete nahi dute. Casillan hasiko da mobilizazioa, 17.30ean. «Erabakitze eskubidea gauzatzen hasteko» aukera dela azpimarratu zuten Josu Etxaburuk eta Miriam Camposek.

«Ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe», nabarmendu zuten atzo Casillan egindako agerraldian. Etxaburuk adierazi zuen asmoa askotariko euskal herritarrak batzea dela. Hain zuzen, Euskal Herriko esparru askotatik agertu diote atxikimendua mobilizazioari. Esaterako, euskalgintzako eta euskal kulturgintzako manifestua 200dik gora eragilek izenpetu dute.

Gizarte eragile askok ere bat egin dute deialdiarekin, hala nola ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk, EHNEk, Etxalde mugimenduak, Bilgune Feministak, Euskalgintzaren Kontseiluak, pentsiodunen mugimenduak, EGIk eta Ernaik.

Antolatzaileak ziur daude, «larunbatekoa herri agerraldi bat izango» dela, Euskal Herritik at irudi bat zabalduko duena, «ikurrinez betetako Autonomia kalea». Horretarako, Bilbora ikurrinarekin gerturatzeko eskatu diete herritarrei.

EGUN OSOKO EGITARAUA

Mobilizazioaren bueltan egitarau oparoa antolatu du Gure Eskuk: 10.30ean, Santiago plazan, Harri Kamishibai ipuin kontalaria izango da eta, gero, Porrotx, Marimotots eta Zapotxin. 12.30ean abiatuko da Ondalan erraldoien kalejira; 12.45ean bertso saioa egingo dute, eta 13.30ean Caporalak izango dira. Plaza Barrian 11.30ean Euskal Ardi Moztaileen ikuskizuna eta Herri Kirolak izango dira eta, 13.00etan, castellerrak.

Horiez gain, Zamudioko atarian azoka eta taloak egongo dira goizean, eta Unamuno plazan, erromeria, 13.00etatik aurrera. Manifestazioaren aurretik Walo BD danbor-jotzaileek emanaldia eskainiko dute Zabalburun eta mobilizazioa Sol Band talde palestinarraren emanaldiarekin amaituko da.

Horren ostean, 20.00etan abiatuko da Bilbo Kantari eta ordu berean Biran Iratzar erromeria hasiko da.