GARA
BILBO

Lopezentzat 13 urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi dute

Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiari ezarritako 13 urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Gertakariak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituela eta akusatuak 31, eta hiru urte eta erdi iraun zuten. Auzitegi Gorenean helegitea jar daiteke.

Epaiketa uneko elkarretaratzea.
Epaiketa uneko elkarretaratzea. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Lointek Gernika saskibaloi taldearen entrenatzaile ohi Mario Lopezentzat 13 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko sailak. Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaia adingabe bati sexu eraso jarraitua egiteagatik ezarri zitzaion. Akusatuak 31 urte eta biktimak 13 urte zituztenean hasi ziren gertakariak, 1998an, eta hiru urte eta erdi iraun zuten.

Instantzia auzitegiak frogatutzat eman zuen garai hartan adingabea saskibaloian entrenatzen zuen akusatuak «berrogeita hamar bat topaketa» izan zituela berarekin, eta «izaera sexualeko jokabideak» izan zituela, «maiztasunari eta intentsitateari dagokienez garrantzi gero eta handiagoa hartuz».

Bizkaiko Auzitegiaren epai horren aurka helegitea aurkeztu zuen akusatuak EAEko Auzitegi Nagusian, errugabetasun presuntziorako eskubidea eta in dubio pro reo printzipioa urratu zitzaizkiola argudiatuz, batez ere, bai eta prozesu bat berme guztiekin izateko eskubidea ere. Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak errekurtsoa inpugnatu zuten eta epaia berrestea eskatu zuten.

Akusatuaren abokatuak jarritako helegitean adierazi zuenez, «zailtasun nabarmena» izan zuen Mario Lopezen defentsa prestatzeko, «etengabe mehatxatutako lekukoak» eta lekuko guztiak «hertsatuta», bere defendatuarekiko «jazarpen» sozialarengatik eta «heriotza» zibilarengatik prozesu garaian.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gogorarazi du instantzia auzitegiak «sinesgarritzat» hartu zuela akusatuaren aurkako «jazarpena», baina nabarmendu du bere ebazpenean jada adierazi zuela ez zegoela jasota egoera horrek «defentsa eskubidearen erabilera askearen kalterako egoerarik» eragin zuenik; izan ere, ahozko ikustaldian defentsak proposatutako lekukoek adierazi zuten «inolako murrizketarik gabe» onartu zuela.

Defentsak alegatu zuen, halaber, emakumeak 23 urte lehenago gertatutakoaz egindako deklarazioan soilik oinarritu zela, bere testigantza ez zela bat-batekoa izan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko sailaren epai hau ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean helegitea jar daiteke.