Itxaso LEON KAREAGA
KLASIKOEN IRAKURRALDI JARRAITUA

Bizenta Mogelen «Ipui Onak» izan dira protagonista

Emakume batek euskaraz argitaratutako lehendabiziko liburua irakurri zuten atzo, etenik gabe, euskararen munduko ehunka eragilek, Bilboko Arriaga antzokian. Zehatzago esateko, Bizenta Mogelen «Ipui onak» izan zuten irakurgai, Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituan.

Itxaso Leon kazetaria, NAIZ eta GARAren izenean pasarte bat irakurtzeko zain, lehen lerroa.
Itxaso Leon kazetaria, NAIZ eta GARAren izenean pasarte bat irakurtzeko zain, lehen lerroa. (M DEL VALLE | FOKU)

Goizeko zortzietatik eguerdiko ordu bietara, 200 bat lagunek txandaka irakurri zituzten Bizenta Mogelek 1804. urtean argitara emandako “Ipui onak”, Arriaga antzokiko foyerrean.

Ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izan zen atzo goiz osoan zehar, bai Arriaga plazan ezarritako pantaila handian, bai EITBk igorri zuen zuzeneko emisioan.

Irakurleen artean izan ziren, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eider Inunciaga zinegotzia, Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria, Leixuri Arrizabalaga foru diputatua, Alvaro Parro Laboral Kutxako ordezkaria eta Nerea Ibarzabal bertsolari, idazle eta kazetaria. Azken honek irakurri zituen goizeko lehen lerroak. GARA eta NAIZetik ere izan zen ordezkaririk bertan, lerrook idazten dituen kazetaria, hain justu. Aipatutakoez gain, ohi den bezala, euskal gizarteko eremu desberdinetako ahotsak izan ziren irakurle: kultur eta gizarte eragileak, ikasle zein irakasleak, bai eta erakunde, elkarte eta sindikatuetako ordezkariak ere.

Zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatu zen, eta munduan zehar barreiatutako euskaltzaleek izan zuten aletxoa ipintzeko aukera.

EMAKUME IZENEKO KLASIKOA

XIX. mendean, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara eta, lan horrekin, euskarazko liburu bat argitaratu zuen estreinako emakumea bilakatu zen. 22 urte zituen orduan.

Mugarri esanguratsu horrekin batera, aipatzekoa da lan horrek euskal literatura Europako literatura klasikoarekin lotzen duela. Aski arrazoi izan du, beraz, Bilbo Zaharra euskaltegiak aurtengo edizioan ipuin sorta hori hautatzeko.

1782an Azkoitian jaioa, kultur ekintzaile aitzindaria izan zen Mogel. Aita hil ostean Markinara lekualdatu ziren, eta bertan hazi eta hezi zen 1817. urtera arte. Bitxikeria gisa, ‘‘Peru Abarka’’-ren egile Joan Antonio Mogel zuen osaba 1854an Abandon hildako idazleak.

Bertso sorta batzuk ere idatzi zituen Mogelek, Bilbon atzo entzun ahal izan ziren ipuinez gain.

Ekitaldian Mogeli ahotsa jartzen lehena Nerea Ibarzabal izatea ez zen ausazkoa izan. Izan ere, hark bezala, Ibarzabalek ere Markinan eman zuen gaztaroa. Bi aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren garaile izandako emakume honek ere badu literaturarako joera; ‘‘Bar Gloria’’ liburua argitaratu zuen 2022. urtean.

Horrela, bide luze baten lekuko izan da Arriaga antzokia aurten ere, hemezortzigarrenez hartu baitu hirian dagoeneko klasiko bilakatu den Klasikoen Irakurraldi Jarraitua.

Halaber, 2025 honetan hemezortzigarrenez izan du Bilbo Zaharra euskaltegiak kultura, euskara eta historia erdigunean ipintzen dituen ekimen hori antolatzeko ardura.

Bernart Etxepare, Pedro Axular, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe... aurreko edizioetan ere euskal literaturako atzoko eta gaurko izen handien lanak izan dira irakurgai, euren modura mugarri edo aitzindari izan direlarik arlo desberdinetan.