LABek Lakuak Bilbon duen egoitza blokeatu du lan heriotzak salatzeko
Performancea egin zuen LABek, Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren atarian, atzo. Mono gorriz jantzita lurrean etzan eta sarrera blokeatu zuten lan heriotzak salatzeko, Ertzaintzak joanarazi zituen arte. Izan ere, 26 langile hil dira aurten Euskal Herrian, sei joan den astean, eta Lakuari patronala presionatzeko exijitu zioten.

Joan den astean sei langile hil zirela salatzeko performancea egin zuen atzo goizean LABek, Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzan. Sindikatuko dozenaka kide azaldu ziren mono gorriz jantzita eta aurpegia estalita, eta lurrean etzanda irudikatu zituzten urtea hasiz geroztik Euskal Herrian lanean zendu diren 26 pertsonak. Horrela, ateak blokeatu zituzten, eta barrukoek, berriz, protestan zirenak sar ez zitezen egoitzako pertsianak jaisten saiatu ziren.
Ekimena abiatu zutenetik ordu laurden igaro gabe zegoela, Ertzaintzaren bi auto eta furgoneta bat azaldu ziren. LABeko hainbat kide identifikatu zituen poliziak eta bertatik joanarazi zituen protesta egiten ari ziren guztiak.
Performance horrekin Lakuako Gobernuari zein Nafarroakoari arduraz jokatzeko eskatu nahi zien sindikatuak; alegia, patronalari presioa egiteko gaitasuna daukala iritzita, horrelako ezbeharrik ez gertatzeko neurriak har ditzala.
Halaber, Josune Eroa LABeko kideak GARAri azaldu zionez, Lakuako Gobernuak haien eskaerekiko izan ohi duen erantzuna irudikatu nahi izan zuten, hots, «pertsiana ixtea». Patronalari ere jarrera bera agertzea leporatu zioten.
«Lan istripu hauek oinarrizko prebentzio neurriekin ekidin zitezkeen, baina patronalak inpunitate osoa du araudia ez betetzeko», adierazi zuen LABek. Sindikatuak gaineratu zuenez, «Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dagokie patronala prebentzio araudia betetzera behartzea».
Imanol Pradalesi eta Maria Chiviteri ere urgentziazko Gobernu Kontseiluak deitzeko eskatu zieten, Confebask eta CEN patronalei ardura exijitu eta berehalako neurriak har ditzaten, lan heriotzak areagotzen ari direla eta.
«Laneko heriotzek badute erantzulea», azaldu zuen LABek. «Patronala, absentismoaren inguruko diskurtso lotsagabea zabaltzen ari den bitartean, langileak hiltzen ari da, ez duelako betetzen segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merkatzeko helburuarekin».
BOST EGUNEAN SEI HILDAKO
LABek atzo egin zuen mobilizazioak lan heriotzak salatzea zuen xede, hain zuzen ere, aurreko astean bost egunean sei langile hil zirelako lanean edo lanerako joan-etorrian.
Astelehenean, Andosillan, Nafarroan, 50 urteko gizon bat hil zen, lantokian eroritako karga batek jota. Egun berean galdu zuen bizia AHT eraikitzeko lanean ari zen 49 urteko langile bat, Atxondon, Bizkaian.
Asteartean, Amurrion, Tubos Reunidoseko langile bat zendu zen, altueratik erori ostean. Ostegunean, berriz, behargin bat Bilboko teilatu batean lanean ari zela erorita zendu zen.
Asteazkenean Transportes Europeos Gorbeako 31 urteko langile bat hil zen, in itinere, eta ostegun gauean adin bereko gazte bat zendu zen Tafallan, Monbake enpresatik etxerako bidean zela.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
