«Dekretu berrian eskuduntzen inbasioa zuzendu da»
Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) norabide aldaketa izan zen duela sei hilabete, Joxerramon Bengoetxea errektore izendatuta. Hala, errektoretzako buruzagitzan urte erdia daramala, NAIZ Irratian errepasoa egiteko tenorea izan zuen atzo. Unibertsitate dekretu berriaren inguruan adierazi zuen ona dela eskuduntza Lakuako Gobernuarena izatea.

Espainiako eta Lakuako gobernuek unibertsitate dekretuaren gainean ados jartzea lortu dute. Gatazka hori gainditurik, balorazio positiboa egin zuen Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak atzo, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. Sei hilabete daramatza karguan, eta ibilbide labur horri so egin zion. Unibertsitateko dekretuan eskuduntzek sortu zuten gatazka, baina afera argitu da: aurrerantzean EAEk Internet bidezko zentroak sortu ahal izango ditu prezio eta finantzaketa publikoak daudenean edota irakaskuntza euskaraz gauzatzen denean.
Oraindik «zehaztasunak» ezagutzen ez dituen arren, eskuduntza Lakuarena izango dela positibotzat jo zuen errektoreak: «Lehengo dekretuak eskuduntzen nolabaiteko inbasio bat suposatzen zuen, eta zuzendu egin da hori», txalotu zuen.
Irudi aldaketa
Gaurkotasun handia du EHUren irudi aldaketak ere. Aurrerantzean UPV siglak ez dira erabiliko, Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin (gaztelaniaz: Universidad Politécnica de Valencia) nahasketarik ez sortzeko. Madrilgo elkargoko presidente Isabel Diaz Ayusok, besteak beste, bere iritzia eman du, «diktadurak isilpean gizarteratzen» direla esanez.
Adierazpen horiek harritu egin dute Bengoetxea: «Ez nekien hain garrantzitsuak ginenik ultren edo neoconen agendan modu horretan sartzeko. Hala ere, berriro ere esan daiteke arlo horretatik etortzen diren kritikak oinarritzen direla faltsua den uste batean». Errektoreak izena aldatu izana gezurtatu zuen. «Guk ez dugu izena aldatu. Horretarako beste prozesu bat egin beharko litzateke eta guk ez daukagu inolaz ere gaztelaniazko izena kentzeko asmorik. Marka-irudi berri bat sortzea izan da egin duguna eta marka-irudi horrek EHU siglak erabiliko ditu. Irudi ikonikoa mantenduko du, ‘Gernikako Arbola’ Chillidaren eskulturan zegoen bezala. Hori da egin duguna eta hori da ekainaren 30ean aurkeztuko dugun irudi berria», argitu zuen.
Aipatu bezala, gehitu zuen «Universidad Politecnica de Valenciarekin nahasmenak ekiditeko» ere egin dutela irudi aldaketa.
Medikuntzako irakasleak
Bengoetxeak Osasun Sailari medikuntzako irakasle berriak eskatu zizkion: «Mediku euskaldunen premia dugu», esan zuen. «Betiko estrategia» medikuntzan euskarazko lerroa ziurtatzea izan dela azaldu zuen, «sei urtetan». Egin dituzten kalkuluen arabera, «euskarazko 16 plaza berri izateko» gaitasuna du unibertsitateak, baina «kopurua are gehiago handitzeko» prestasuna erakutsi zuen Bengoetxeak. Dena den, onartu zuen mediku faltagatik Osasun Sailak duen ardura ulertzen duela.
Bestalde, Medikuntza Fakultate berria eraikitzea aurreikusi zen Basurtu-San Mames inguruan. Horri buruz, obrak martxan daudela baieztatu, eta lanak «gutxienez» bi urtez luzatuko direla jakinarazi zuen.
Lan baldintza hobeak
Errektoretza talde berriarekin batera, ordezkoen lan baldintzak «hobetu» direla azpimarratu zuen Bengoetxeak; izan ere, bere hitzetan, «lehen kasik prekaritatean zeuden». Orain, «ordezkoak behar ditugunean, baldintza egokietan kontratatuko ditugu», esan zuen.
Aurten adostu dute denbora osoz lan egiteko akordioa, eta datorren ikasturtean hobekuntzak indarrean jarriko dituztela jakinarazi zuen. Baina «egiturazko irakasleen» alde egingo dutela argitu zuen.
Azkenik, digitalizazioa izan zuen hizketagai errektoreak, Euskorpus proiektua zehazki. Izan ere, EHU ez zen ekimen horren sorreraren parte izan, eta Bengoetxeak «aurreko errektoretzaren erabakia» izan zela aitortu zuen.
Hori «zuzendu» dutela baieztatu zuen, eta dagoeneko taldearen parte direla. «Unibertsitateak horrelako proiektu batean egon behar du», defendatu zuen. Bere hitzetan, euskarak digitalizazioaren munduan behar duen garapenerako «ezinbestekoa» da.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
