Iluntasunaren azpian

Carl Morck (Matthew Goode) da telesaileko protagonista nagusia, gertakari traumatiko baten ondorioz denbora luzean bajan egon den Edinburgoko polizia-inspektorea. Lanera itzultzean, Q departamentuko sailburu izendatuko dute, argitu gabeko kasuez arduratzen den unitate berri bateko buru.
Goode-k antzezpen lan nabarmena egin du, kanpoko gogortasunaren eta barneko zaurgarritasunaren artean mugitzen den pertsonaia baten rola. House medikuaren oihartzunak dituen iragazkirik gabeko pertsona da: zintzoa eta zuzena, baina jasanezin samarra. Gainerako pertsonaiekin dituen elkarrizketei esker, umore dosi txiki batzuk sortzen dira; alde horretatik, “Slow Horses” telesailaren kutsua antzemango duzue, baina “Dept. Q” ilunagoa eta gordinagoa da.
Gidoiak bi ibilbide nagusi jorratzen ditu: alde batetik, Morcken iraganeko pasarteetan eta bere borroka pertsonaletan zentratzen da eta, bestetik, Q departamenduko kideek ikertzen duten kasua dago. Une batean, bi bideen arteko loturak argitzen hasiko dira.
Telesailaren arima istorio erakargarrian, jariatzen duen iluntasunean eta pertsonaien garapenean dago. Generoaren klixeetatik gehiegi urruntzen ez bada ere, psikologiaz beteriko narrazioa estetika ilun eta zapaltzaile baten eskutik garatzen da une oro.
Telesailak ez du bide erraza aukeratzen: batzuetan erritmo motel samarra dauka, baina une horiek dira kontakizunari arnasa ematen diotenak eta pertsonaien barruko iluntasunetan sakontzeko leihoak zabalduko dituztenak. Zuzendaritzak eta gidoiak, elkarrekin, oreka dotorea sortzen dute pertsonaien barne-azterketa sakonaren eta misterioz beteriko istorioaren artean.
Generoaren zaleentzat ezinbesteko telesaila da, euskarazko azpidatziak dituena.

MITOAROA III-k San Mames distopiko bihurtu zuen
Cero en euskara: un fraude de ley

La revisión de los ceros de la PAU apenas altera la corrección hecha

Iñaki Dorronsoro zendu da, enpresatik eta akademiatik ekarpena egin zuen abertzalea
