«Nabarmentzekoa da 100 urteotan SADEk izan duen egokitze gaitasuna»
Ez da egunero ospatzen enpresa batek ehun urte betetzea, eta are gutxiago, ospakizun horrek hiriaren -kasu honetan, Donostiaren- memoria kolektiboan eta bere aisialdiaren bilakaeran horren eragin zuzena izan duenean. Kirola eta zinema ziren negozio hasieran; mende bat igaro delarik, turismoak ordezkatu du kirola.

Mendea ospatzen ari da Donostiako SADE enpresa eta, besteak beste, zinema lan gogoangarrien emanaldiak programatu ditu ekainerako, bere Principe zinemetan. Erraz esaten da 100 urte, baina pentsa: zinema mututik soinudunera jauzi egin zen, zuri-beltzetik kolorera, areto bakarretik multizinemetara, analogikotik digitalera, pantaila handitik etxera. Tartean, bi diktadura, gerra bat, eta pandemia bat. SADE bera ere aldatu da 100 urtean; sorreran frontoi eta zinema negozio zena hotel eta zinema enpresa da orain.
A zer ardura mendeurrena ospatzea, ezta?
Egia esan, oso harro gaude. Etxe honetan bost urte soilik daramatzat, baina ehun urte hauek neure sentitzen ditut. Enpresa sortu zutenak pozik egongo lirateke gaur egun SADE zer den ikusita.
Bost urte esan duzu. Alegia, hasiera distopiko samarra izan zen zurea; lanean hasi eta pandemia iritsi zen.
2020an SADEra iritsi eta bi hilabetera etxeko sukaldean lanean ari nintzen. Zinema aretoak itxita, hotelak itxita, tabernak itxita. Garai horrek balio izan zidan etxea ezagutzeko, eta familia-enpresaren bisioa ezagutzeko. Helburu bakarra genuen, berriro dena martxan jartzea. Pandemia garaian egunero jasotzen nituen deiak; zenbait funtsek interesa agertu zuten hotelak eta zinemak erosteko. Garai hartan jendea pagotxa bila zebilen.
100 urte atzera eginda, Vicente Mendizabal, Maurizio Damborenea eta Manuel Zuazola ditugu. Kirola eta zinema. Nola sortu zen SADE?
SADE, Sociedad Anónima, Deportes y Espectaculos; hori da benetako izena eta ‘‘deportes’’ horrek frontoiei egiten die erreferentzia.
1925ean elkartu ziren Mendizabal, Damborenea eta Zuloaga, eta zituzten negozioak, zinemak eta frontoiak, elkartu zituzten. Ehun urtetan gauzak aldatzen joan dira; negozio batzuk itxi dira eta beste batzuk ireki. Pentsa, garai batean SADEk zirkua izan zuen. Gauza asko gertatu dira etxe honetan, baina batez ere nabarmentzekoa da enpresak izan duen egokitze gaitasuna.
Zirkua non, Donostian?
Ez, Madrilen; zentroan, gainera. Eta beste bitxikeria bat. Garai hartan Trueba aretoan atezaina zegoen, eta bertan bizi zen gainera. Bera arduratzen zen guztiaz eta ofizioa semeak heredatu zuen.
Zinema eta kirola. Biak dira aisialdia.
Guk oraindik horrela ikusten dugu. Zinemara etorri, gure hotelera etorri edo hoteleko jatetxean bazkaldu. Guk jendeak disfrutatzea nahi dugu.
Fusioa gertatu zenean, nolako sarea sortu zen?
Hasierakoak dira Miramar [1913, 670 butaka eta 100 palko], Bellas Artes [1914, 1.426 eserleku], eta Principe zinemak [1922, 1.300 eserleku]. Gero ireki zuten Trueba, 1923an. Garai batean SADEk 6.000 eserleku zituen eskaintzan Donostian; gaur egun 2.300 inguru ditu. Jai Alai frontoiak Donostian, Madrilen eta Zaragozan zeuden. Hori izan zen abiapuntua.
[Ondoren ireki ziren Amara auzoan zeuden Astoria zinemak (1961) eta Petit Casino (1964), Garbera 7 (1997) eta Antiguo Berri (2005)].
Oso fenomeno bitxia gertatzen da Donostian. Periferian dauden «blockbuster» zinema aretoek ez dute ongi funtzionatzen. Zuek ere saiatu zineten Garberan.
Guk ulertzen dugu Donostiako publikoak nahi duena ez dela beste leku batzuetan eskatzen duten berdina. Esaten da Donostia zinema hiria dela. Gu saiatzen gara bertako zinema zaintzen, ziklo ezberdinak egiten ditugu, klasikoak, opera, artearen inguruko zikloa, bertsio originala bultzatzen dugu...
Argi dago streaming plataformekin hankaz gora jarri dela zinema aretoen zirkuitua. Gaur egun nor joaten da zinema aretoetara?
Pandemia aurretik genituen datuekin alderatzen badugu, gure zinemetara datorren jendeak suposatzen du orduko %70 inguru. Publiko galera egon da bidean, eta hor ezin ditugu begiak itxi. Kontsumo aldaketa egon da. Emakume asko etortzen dira, adinekoak. Madrilgo Gobernuak jarri zuen martxan programa bat jende heldua bi euroren truke zinemara joateko. Eta egia da jende asko gerturatu dela programa horri esker.
Aspaldi dabil zinema aretoak itxiko diren zurrumurrua. Nola bizi duzue egoera hau?
Garai batean frontoiak eta zinemak ginen, eta orain zinemak eta hotelak gara. Hemendik 100 urtera ez dakit zer izango garen. Gu saiatzen gara dagoen eskarira moldatzen. Zinema aretoak ixten baditugu, ez da kapritxo bategatik, baizik eta jendea ez delako zinemara joaten. Hori da errealitatea.
Baina egin dira saiakerak zinemei beste erabilera bat emateko. Taylor Swiften kontzertu/filma, adibidez. Bide berriak arakatu dituzue?
Bai, baina talka handia dago hor. Saiatu gara baina, adibidez, futbol final bat emateko telebista baimenak kudeatu behar dira eta kontratuen mundua oso konplikatua da, ohikoa ez den zerbait egin nahi baduzu.
Negozio estrategia aldatu duzue; zinema zirenak hotel bihurtu dituzue.
Astoria zinemak zirenak Zazpi hotela da orain (zazpi areto zituen). Hotel hori ireki genuen hotelik irekitzen ez zenean. Gero Lasala ireki genuen eta laster irekiko dugu Bellas Artes.
Polemika handiko proiektua da hori.
Polemika handiko eraikina delako. Ni 2020. urtean iritsi nintzen eta nire helburua izan zen egitasmoa aurrera ateratzea; proiektu bat aurkeztu genuen indarrean zeuden legeak betez, eta aurrera egin dugu.
Zuen diru iturri gehienak hotelen sektoretik etorriko dira.
Bai, asko. Gure negozioa gaur egun, enpresa bezala, hotelak dira.
Esan daiteke hotelei esker segitzen dutela zabalik zinemek?
Ez nuke hori esango. Zinemak irekita daude SADEk duen historiagatik.
Eta zer pentsatzen duzu Donostia gune tentsionatu izendatu izanaz?
Txapel ezberdinak jar ditzaket horri erantzuteko. Donostiako bizilagun bezala, beharrezkoa da. Baina, turista bezala, niri ere gustatzen zait kanpora bidaiatzea. SADEko arduradun bezala, esango dizut saiatzen garela hirurak uztartzen. Donostian gertatzen dena berria da duela hamabost urteko egoerarekin alderatzen badugu, baina alderatu Isabel erregina etortzen zen garaiarekin; Donostia zen turismoa egiteko modako lekua.
100 urte, egitarau berezia
‘‘Zinemako klasikoak’’ programarekin ospatuko du SADEk bere mendeurrena. Zinemaren historian eta memoria kolektiboan arrastoa utzi duten hamaika film ikoniko proiektatzen ari dira Principe zinemetan: maiatzaren 30ean hasi ziren eta ekainaren 26an amaituko dute. Zerrendan daude ‘‘E.T the Extra-Terrestrial’’, ‘‘The Elephant Man’’, ‘‘Harry Potter and the Philosopher’s Stone’’, ‘‘Viridiana’’, ‘‘Ben-Hur’’, ‘‘The Princess Bride’’, ‘‘Raging Bull’’, ‘‘The Matrix'’’, ‘‘Pull Fiction’’, ‘‘Ghost’’ eta ‘‘Mississippi Burning’’. Azken lau film horietan mahai-ingurua egingo da, gainera.
Gainera, hainbat bideo filmatu dituzte SADE zinema aretoetara joan ohi diren herritarrekin eta enpresako akziodunekin. Urte osoan zehar sare sozialetan zabalduko dituzte bideo pilula horiek. Hotel sarean ere 100 eskaintza berezi daude 100 euroan. M. B.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
