Belateko tunelak ikuskatuko ditu Chivitek, baina ez Muga meategia

Nafarroako Gobernuak Acciona eta Servinabar enpresekin duen harremanagatik bost esleipen aztertuko dituela iragarri zuen Maria Chivite lehendakariak atzo.
Guardia Zibilaren txostenak «ez du legez kanpoko zantzurik aipatzen, baina gardentasuna bermatzeko erabaki dugu urrats horiek egitea», adierazi zuen.
Hauek izango dira aztertuko diren esleipenak: Nafarroa Arenako bulegoen egokitzapena, Nafarroako Jauregiaren birmoldaketa, babes ofizialeko etxebizitzen bi esleipen eta Belateko tunelen obrak. Beraz, kanpoan geratuko litzateke Muga meategiaren proiektua, Guardia Zibilaren ustez ustelkeria kasuaren balizko jatorria.
Ostegunean, Chivitek Guardia Zibilaren txostena ezagutu ondoren egin zuen agerraldian, susmopean jarritako esleipenak hiru bidetatik ikuskatuko zirela adierazi zuen. Horietako bat Kontuen Ganbera da. Beste biak, Nafarroako Gobernuaren Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoa eta kanpoko organo bat. Aztertu beharreko esleipenak «hamar bat» izango zirela kalkulatu zuen ostegunean. Atzo bostera jaitsi zen kopurua.
IKERKETA BATZORDEA
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak irailera arte ez du eztabaidatuko susmopean dauden obren esleipenei buruzko ikerketa batzorde bat sortzeko aukerari buruz.
UPN izan zen joan den astean ikerketa batzorde bat eratzea eskatu zuen lehen alderdiak. Cristina Ibarrolak, halaber, batzorde horrek udan ere lan egin zezan gaitzeko eskatu zuen. Ondoren, PPk eta Voxek beste ikerketa batzorde bat eskatu zuten.
Baina Daniel Lopez Contigo-Zurekin taldeko bozeramaileak hedabideei jakinarazi zienez, Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak irailerako ezarri zuten ikerketa batzordearen sorrerari buruzko eztabaida.
Era berean, Mahaiak eta bozeramaileen batzordeak atzera bota zuten UPNk Guardia Zibilaren alde proposatutako adierazpena. Ekimenak PSN eta Contigo-Zurekin alderdien abstentzioa, EH Bilduren eta Geroa Bairen gaitzespena eta UPN, PP eta Voxen babesa jaso ditu.
Javier Esparza UPNko bozeramaileak esan zuen «Chiviteren Gobernua susmopean» dagoela, eta «dena atzeratzen» ari dela.
Ramon Alzorriz PSNko ordezkariak adierazi zuenez, «ez dago inolako arazorik ikerketa batzordea bideratzeko». «Izapidetu dugu, iraileko lehen osoko bilkurarako prestatu dugu, eta uste dugu une horretan izango ditugula datu gehiago eta baldintza hobeak, eskatzen den ikerketa batzorde hori onartzeko».
EH Bilduren aldetik, Laura Aznalek esan zuen «orain Legebiltzarrean horrelako eztabaida bati ekitea presazkoa iruditzen» zaiola, izan ere, «oso bizirik dagoen gaia da». «Gardentasunaren eta dena azkeneraino ikertzearen defentsan, zorrotz jokatu behar da, eta ez presaka. Ez gatoz bat eskuinaren antsietateekin. Hurrengo bilkura aldian, agian, ikerketa batzorde bat planteatzeko prest gaude, Belateri buruz bakarrik hitz egitea baino helburu zabalago batez», adierazi zuen.
Geroa Baiko Pablo Azconak ere ikerketa batzordearen aldeko jarrera agertu zuen.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
