GARA
IRUÑEA

Kalejira eta «Etxera eguna» ospatuko dituzte Sarek eta Etxeratek sanferminen bueltan

Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea aldarri, bi ekimen antolatu dituzte Etxeratek eta Sarek sanferminen bueltan. Uztailaren 4an kalejira egingo dute eta hilaren 8an, «Etxera eguna».

Agerraldia egin zuten Iruñean Sarek eta Etxeratek.
Agerraldia egin zuten Iruñean Sarek eta Etxeratek. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sanferminetarako hilabete baino gutxiago falta den honetan, agerraldia egin zuten atzo Iruñean Sarek eta Etxeratek. Festa, musika, dantza eta brindis artean ere, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea izango dute aldarri, «ezin dugulako ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko eta, jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen», agerraldian adierazi zutenez. Hori dela eta, ekimenak antolatu dituzte bi erakundeek uztailaren 4an eta 8an.

«Zinez» uste dute badela garaia “Etxera” aldarrikapena izatetik lorpen izatera igaro dadin. «Aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena», azaldu zutenez.

Izan ere, sinetsita daude euskal jendarte osoa izango dela irabazle «salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean» eta «sufrimendua ekuazio politikotik kanpo uzten dugunean», hau da, «atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara», besteak beste.

Xede hori jomugan, uztailaren 4an eta 8an ekimenak antolatu dituzte eta bertan parte hartzeko gonbita zabaldu zuten atzoko agerraldian. Lehen hitzorduan azken urteetan egin izan duten sanfermin aurreko mobilizazioa egingo dute. Horrela, ordurako jendez lepo egongo den Iruñeko erdigunean arreta piztu nahi dute, “Etxera kalejira, konponbidearen, elkarbizitzaren eta etxeratzearen alde” eginda hiriburuko kaleetan barrena.

Hilaren 8an, aldiz, “Etxera eguna” antolatu dute eta egun osokoa izango da egitaraua. Bazkari herrikoia izango da, baita ekitaldia, elektrotxarangak girotutako kalejira eta kontzertuak ere.

Sareren zein Etxeraten asmoa da “Etxera” aldarrikapena «jaietako txoko guztietan presente» egotea: «Preso, iheslari eta deportaturik gabeko sanferminak nahi ditugu eta hori lortzeko bidean kalean izango gara, festa aldarrikapenarekin uztartuz.