Iraitz MATEO
DONOSTIA

Iñaki Etxaberen hilketa ikertuz, «gerra zikinaren hastapenak» gogoratu ditu Aristik

Etxabe familiak babestuta aurkeztu zuen atzo goizean Pako Aristik liburu berria: «Iñaki bota daue. Kanpanzar, 1975. Gerra zikinaren hastapena». Etxabe nork eta zergatik hil zuen ikertzen ibili ostean idatzi du narrazioa, eta lortu ditu zenbait erantzun.

Aristi, argitaratu berri duen liburua aurkezten.
Aristi, argitaratu berri duen liburua aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Iñaki bota daue. Kanpanzar, 1975. Gerra zikinaren hastapena” izenburupean argitaratu du Pako Aristik Iñaki Etxaberen hilketaren inguruko liburua, Erein argitaletxearen eskutik. 1975eko udazkenean aurpegia estalita zuten hiru gizonek Etxabe metrailatu zuten Kanpanzar gainean zuen ostatuan. Iñigo Iruin abokatuaren hitzetan, bera da «estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen biktima».

Aristik testigantzak eta datuak josi eta Etxabe nork eta zergatik hil zuen ikertu du atzo plazaratutako liburuan. Idazlearekin batera, Inazio Mujika Ereingo kidea, protagonistaren alaba Olatz Etxabe eta Geure Bazterrak elkarteko kide Ander Lizarralde izan ziren aurkezpenean. Mujikak nabarmendu zuen Etxaberen kasua ez dela sekula ikertu eta horren saiakera dela liburua, garai hartako gertakariak 20 egunetan kontatuta.

Aristik adierazi zuen Gure Bazterrak elkarteko kideek izugarrizko lana egin dutela urteetan auziari buruzko informazioa biltzen, eta bere lana jasotako hori «baloratu, filtratu eta galbahe lana egin ondoren narrazio lan bat» bihurtzea izan dela. Aitortu zuen Etxaberen inguruko kasua ikertzen ari zirela, baina «kate batean bezala» elkarri lotutako beste hainbat kontakizun eta protagonista ere bildu dituztela; besteak beste, German Agirre taxi gidariaren hilketa, Zelaia enpresariaren aurkako erasoak eta Juan Jose Etxabe eta Agurtzane Arregiren aurkako atentatua.

«Iñaki Etxaberen kasura etorrita, bi galdera erantzun nahi genituen: Nork hil du Iñaki Etxabe? Eta zergatik hil dute?», adierazi zuen Aristik. Bigarren galderatik abiatu zen. Etxabe hil aurreko egunak jada nahasiak izan ziren; izan ere, Arantzazuko santutegian ikurrina bat agertu zen, garai hartan debekatuta zegoelarik, eta Guardia Zibilak kendu zuen. Baina ikurrina kendu ostean jaitsi ziren eta ETAk jarritako lehergailua lehertu zen. Bost polizietatik hiru hil ziren.

ZERGATIK ETA NORK?

«Arantzazun egindako atentatuaren ostean mendeku gisa hil zuten Iñaki. Poliziak zailtasun handiak zituen ETAko buruzagiak harrapatzeko, eta orduan, errazena beren senideetako bat harrapatzea zen. Iñaki ez zen arrainik handiena, baina bere anaia garai batean ETAko buruzagitzan egon zenez, pieza erraz bat izan zitekeen», azaldu zuen idazleak. Izan ere, Etxabek jatetxea zuenez, bazekiten non egongo zen, «arrisku txikiko hilketa» bat zen, eta oihartzun handia izango zuen anaia buruzagi militarra zelako. Mendekuaz gain, gizarteari mezu bat zabaltzeko ere baliatu zuten hilketa hura, Aristik baieztatu zuenaren arabera: «ETAri ezein laguntza eta azpiegitura eskaintzen dion oro arriskuan egongo da hemendik aurrera».

Zergatik hil zuten argitu zuten, beraz. Baina gehiago kosta zitzaien nork hil zuen bilatzea: «Inoiz ez da egoten froga garbi bat; saiatu gara pistak elkarrekin lotu eta bide bat egiten, gezi bat atera zaigu eta pertsona bat seinalatzen du, dedukzio bat da, baina seguru samar gaude Francisco Burgos Nuñezek, Gernikako kuarteleko Guardia Zibilak, hil zuela».

Guardia Zibilaren hierarkiak nola funtzionatzen zuen ikertzea eta Josefi Sagastibeltzaren testigantza izan ziren horra iristeko gakoak. Organigramari begira hausnartu zuen idazleak: «Uste dugu guztiek erantzun zietela goikoen aginduei, Juan Atares garai hartan Euskaldi deiturikoaren ofizial jenerala zen, berak Manuel Hidalgori emango zion agindua, Gernikako kuarteleko ofizialari, eta berak bidaliko zuen Burgos Nuñez».

Bestetik, Etxabe hil zuten gauean Gernikako kuartelean atxilotuta zegoen Sagastibeltza, eta berak kontatua da, gaueko hamabiak inguruan Burgos Nuñez kuartelera ailegatu zenean Manuel Hidalgok galdetu ziola ea zer moduz joan zen; «bat bakarrik harrapatu dugu, baina bueno, bat gutxiago», guardiaren erantzuna. Kalera ateratzean ulertu zuen elkarrizketa.

«Liburu honetan min asko dago, baina balio du garai horiek ezagutzeko, 75eko garaiaren kronika bat da, ekintza horiek agertzen direna, baina historian zeharreko pertsonen arteko kronika bat ere bada, humanitate hori erakusten du», amaitu zuen hitzaldia Mujikak argitaletxearen izenean. Olatz Etxabe alabak azpimarratu zuen «Estatu espainolaren erantzukizuna eta inpunitatea» agerian uzten duela liburuak.

«Sekretu ofizialen legeari begira egotea edo Lakuari begira egoteak esan nahi du denbora Estatuak kudeatuko duela, eta guk markatu behar dugu errelatoaren erritmoa eta denbora», egin zuen aldarri Ander Lizarraldek.