Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak
Axun Lasak 30 urtez gorde du etxean Antton bizilagunak idatzitako poema. Tolosako hilerrian irakurtzekoa zen 1995eko ekainaren 21ean, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak berreskuratzeko momentuan, baina Ertzaintzaren kargek galarazi zuten. «Inork ez du ezer esateko?», galdetu du Joxeanen arrebak.

Hogeita hamar urte betetzen dira gaur, 1995eko ekainaren 21ean Ertzaintzak Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren sendien aurka Tolosako hilerrian kargatu zuenetik. Axun Lasak, Joxeanen arrebak, ez du dagoeneko «exijentzia eta deskalifikazioen mundu horretan sartzeko gogorik», baina urteurrenak zauria irekitzen du. Hiru hamarkadaren buruan, irudiak are ulergaitzagoak dira.
«Fetxa hauetan beti akordatzen gara, eta ni, pertsonalki, aurten bereziki hunkituta nago gai honekin, zeren itxi ezin den gai bat da». Lasa eta Zabala 1983ko urrian bahitu zituzten Baionan. Donostiako La Cumbre jauregian torturatu, Alacantera eraman, beren hilobiak eginarazi eta bertan hil zituzten, ondoren gorpuak kare biziarekin estaltzeko.
Handik hamabi urtera jarri zizkieten Busot-en topatutako bi gorpuei Joxi eta Joxeanen izenak. Atsedenik ez senideentzat, ordea. Hilkutxak Hondarribira iristean, ertzainek, guardia zibilek eta polizia espainolek kargatu zuten bertaratutakoen aurka. Eta, behin Tolosako hilerrian, senideak eta gertukoenak bakarrik zeudela, beste behin oldartu zen Juan Maria Atutxa sailburuaren agindupean zegoen Ertzaintza. Polizien karga haiek, hilkutxa eta lore sorten artekoak, euskal gatazkaren irudietako bat dira.
Itxi gabeko zauriaz mintzatzen da Axun Lasa, baina amorru biziarekiko distantzia jarrita. Zauriaz bai, baina ez zauritik. «Ez daukat ja animorik esateko ‘begira zer egin zenuten’, baina nahi nuen zerbait atera». Gogoratu, duela 30 urte jazotakoa ahaztu ez dadin. Eta edertasunetik gogoratu ahal bada, hobeto.
Joxeanen arrebak beti eskura izan du hamarkada hauetan Antton auzokide eta lagun handiak Tolosako hilerrian irakurtzeko idatzi zuen poema. Ez zuen irakurtzerik izan orduan, baina handik egun batzuetara eman zizkien eskuz idatzitako lerroak. «Originalak gordeta dauzkat, hori-hori eginda, berak emandakoak. Niretzat izan dira oso gauza kuttuna; beti dauzkat hemen bistan». Altxor bat, egun beltz bat argitzeko. Ondoko orrian irakur daiteke.
BI BERTSIO, IRUDI BAT
Hogeita hamar urte igaro direnean, ordea, galdera bizirik dago: zergatik oldartu zen Ertzaintza senideen gorpuak 12 urteren ondoren lagunartean berreskuratzeko zorian zeudenen aurka? Zer zeukaten buruan? Hain izan ziren gogorrak irudiak, eta larria gertatutakoa, ezen Atutxak eskutitza bidali baitzien Lasa eta Zabalaren gurasoei hurrengo egunean, 2015ean ‘‘Deia’’ egunkariak ezagutzera eman zuenez. Ez barkamenik eskatzeko, ezta akatsik onartzeko ere, ordea.
Gertatutakoagatik «samin sakona» eta «tristura erraldoia» agertu eta gero, poliziaren jarrera zuritzera jo zuen orduko Barne sailburuak: «Benetan esaten dizuet momentu bakar batean ez genuela pentsatu ez nik, ez sail honek, ezta Ertzaintzak berak ere, egoera modu horretan garatuko zenik». Beste pasarte batean, aginduak betetzen aritu zirela azpimarratuz hau zioen: «Gure betebeharrekin konplitzea ez zen batere erraza izan atzo, eta are gutxiago, atsegina».
«Zuen abokatu Iñigo Iruin jaunaren eta Ertzaintzaren agintarien jokaera eraginkorrarengatik izan ez balitz, ondorioak askoz ere larriagoak izan zitezkeen», errematatu zuen Atutxak.
Bestelakoa da Iruinen bertsioa, ordea, abokatuak GARAri 2023an emandako elkarrizketa baten arabera. «Gaur egun oraindik ere ulergaitza iruditzen zait Ertzaintzaren jokabidea. Carlos Bueren epailearen agindua garbia zen eta ez zuen interpretaziorik behar. Behin Joxi eta Joxeanen gorpuak Hondarribira eramanda, senideei eman behar zizkieten. Hitzez hitz zioen: «Hágase entrega». Ertzaintzak, ordea, Hondarribiko aireportuan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen agindua desobeditu zuen, eta hilerrian «entrega berriz atzeratu zen, tentsio gehiago sortuz, eta azkenean, Ertzaintzak senideen eta gertukoen kontra kargatu zuen. Gertatutakoaren irudiek euren kabuz hitz egiten dute».
Barne Sailaren lehenengo bertsioak zioenaren arabera, pertsona batek polizia bati arma hartzen saiatzean hasi ziren kargak. Bigarren bertsio batean, buruzagi polizial batek bere burua senidez inguratuta ikustean eta hauek hilkutxak ateratzen hasi zirenean hasi ziren kargak. Iruinek eta bertan zeuden guztiek biak gezurtatu dituzte urte hauetan guztietan. 3325 plakako buruzagia korrika iritsi zen, hilkutxak ateratzen ari zirenean, autoak ixteko aginduz. Orduantxe oihukatu zuen hiru aldiz: «Kargatu, kargatu, kargatu».
3325. Ia bi hamarkada beranduago plaka bera agertu zen Ertzaintzaren beste eskandalu batean, agente bera izan baitzen 2012an Iñigo Cabacas hil zuen operatiboko burua.
Min hauek bizirik diraute. «Poema hau ez zen irakurtzerik izan, eta horrek arduradun batzuk izan zituen. Inork ez du ezer esateko?»; hori galdetuz bukatu du Axun Lasak, gertatutakoak gogoratzerakoan. Zauritik hitz egin ez arren, zauriak hitz egiteko moduak topatzen dituelako beti.
Joxean Lasa eta Joxi Zabalari azken agurra
Olerki hau Lasa sendiaren auzokide eta lagun handi Anttonek idatzi zuen 1995ean, Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren gorpuak berreskuratzeko momentuan irakurtzeko asmoz. Ertzaintzaren karga ulertezinek galarazi zuten, ordea. 30 urte beranduago, argia ikusten du lehen aldiz.
“Izarren hautsa
egun batean
bilakatu zen
bizigai”…..
Hantsi sakon batek
amaren erraiak
urratu zituen
haur minetan
eta
mundura emeki
jauzi huan.
Bular epeletik
dastatu huan
mama goxoa,
beso artean
magal zabalean
lo etsiak hartu hinduen.
Seaskaren kulunkan
haur kantak
dantzatu hituen
eta ia ohartu gabe
mutil koxkor
bilakatu.
Oraindik galtza motzetan
eskola bidean
belaunak urratu hituan.
Goiztiar
gazte egin hintzen
amaren begietan
kuttunen artetik kuttunena hintzen.
Hire begirada
lotsatia Joxan,
irrifar zintzoaz
jazten huan.
Hire mintzoak
Joxi,
pozkaioz blaitzen zian
lagunarteko solasa.
Bihotz minbera huan Joxi,
bihotz biguna Joxan,
herriminak jo hinduan
gau ixilean
deserriratu hintzen.
Eta halako batean
otso beltzak
lapurtu zian
gaztetasuna.
Madarikatzen diat,
mila bider madarikatzen
egun hura.
Non hago Joxi?
zein larretan
dirau bizirik
hire anima
Joxan?
Mintzo hadi lasai
ez hadi kezka
denok hemen gaudek
hartzak atseden.
Loreak ekarri dizkiagu,
hemen dituk gurasoak
hemen dituk senideak
hemen dituk lagunak
hemen gaituk herkideak.
Hago lasai Joxan
hartzak atseden Joxi
Inork ez dik hutsik egin nahi izan!
Hago lasai!
Kontaiguk
zer kolore dik zuen zeruak?
urdinez margotu diagu guk.
Etzekiat,
txuria, gorria…
etzekiat.
Kontaiguk,
gogoratzen al haiz
ipuin haietaz
eta hik galdetze huan
nortzuk ziren
ipuinetako pertsonaiak
eta orain
zuen zeru goian
jolastu al haiz
Basajaun, Tartaro eta lamiekin?
Mari anderearen adats horiekin?
Kontaiguk
zelan dituk Lizardi eta Xalbador?
Maitemindu al duk Lazkao Txiki?
Zer ziok Telesforok?
Argala ikusi al duk?
“Txikiak” ere hor nonbait behar dik izan.
Goraintziak Txirritari!
Sua eta Ura
Joxi eta Joxan
ura eta sua
Joxan eta Joxi.
Egun hauetan
suaren gainetik
dantzatuko diagu
ur berritik
edango diagu
San Joan San Joan
uda etorri
eta negua Joan.
Eta gure azken hatsa
emango dugunean
zuen artean
hartu gura genuke atseden.
Agur Joxi
agur Joxan
azken
egun handirarte.

Una familia de Errenteria, al borde del desahucio por confusión de nombres

Euskararen galera aldi baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzioak

¿La solución es que dimita Pedro Sánchez? «Talvez não»

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»
