Lakuntza aldarriz betetzera deitu dute azken ostiralean Etxeratek eta Sarek
Hilero bezala, Etxeratek eta Sarek azken ostiraleko mobilizazioak egin zituzten. Seigarren horretan, uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan, Hatortxu Rock jaialdian, egingo duten elkarretaratze bereziaren berri eman zuten, baita sanferminetan egingo direnena ere. 2.700 lagun inguru elkartu ziren orotara 60 herri eta hiritan.

Ekaineko azken ostiralean egindako mobilizazioetan uda sasoian ere konponbide osoaren aldeko aldarrikapenekin jarraitzeko deia zabaldu zuten Etxeratek eta Sarek. Guztira 2.700 pertsona inguru batu ziren 60 herri eta hiritan.
Aurten Lakuntzan egingo den Hatortxu Rock jaialdiaren barruan, uztailaren 25ean, ostiralarekin, elkarretaratze berezi bat egingo dutela jakinarazi zuten. 13.30ean izango da, futbol zelaian.
Horrekin batera, sanferminen atarian, uztailaren 4an, Iruñean manifestazioa egingo dute, 20.00etan Sarasate pasealekutik hasita. Uztailaren 8an, jaien barruan, “Etxera” egun berezia ospatuko dute, egun osoko egitarauarekin.
«Urte gazi-gozoa izaten ari da oraingoz 2025a», esan zuten. Hala ere, urtean egindako lana azpimarratu zuten. Urtearen bigarren erdian konponbide osoaren bidean «prozesua oztopatzen duten harriak bidetik kenduz eta prozesua mantsotzen duten prozedurak azkartuz» pausoak ematen jarraitzeko asmoa dutela azaldu zuten bi elkarteek.
Gogorarazi zutenez, «gutxinaka-gutxinaka etxerako bidea aurrera badoa ere, gradu erregresio zein aurrez frantziar Estatuan betetako zigorren konputoak eman daitezen prozeduren luzatzeak konponbide osoa oztopatzen ari dira».
SINDIKATUEKIN BATERA
Egindako lanaren erakusgarri direlakoan, ekainaren 20an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan sindikatuekin batera egindako mobilizazioak aipatu zituzten. «Beste behin, euskal langileriaren gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin batera, konponbide osoaren logikan kokatu dugu aldarrikapena», adierazi zuten.
Beste ekintza batzuen artean, maiatzaren 17 eta 18an, Sarek “Puzzlea osatu arte” ekimena egin zuen. Horren bidez, hainbat ekintza egin zituzten zigorra erregimen itxian betetzen ari diren 58 presoak biltzen dituzten Euskal Herriko 29 herrietan, Lesakatik Iruñeraino. Horrela, lege arrunta aplikatzea eta «etxerako bidea hastea» eskatu zuten.
«Animatu, beraz, jaialdiaz gozatzeaz gain, Lakuntza aldarriz betetzera. Ezinbestekoa izango zaigu euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea gauzatu dadin, orain arteko bidean, udan ere, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatzen jarraitzea», aldarrikatu zuten Etxeratek eta Sarek.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
