Alberto MATXAIN
IRUÑEA
Entrevue
Oier SANTAMARIA REMON
Historialaria

«1965-70etik aurrera, errepresioa berdina izanik, antolatzen eta borrokan hasi ziren»

Oier Santamariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen eta bere Master Amaierako Lana entregatu berri du: «Sufritu, borrokatu eta bizi: LGTBI kolektiboaren errepresioa eta konkistak frankismo berantiarrean eta Trantsizioan». Apirilean argitaratu zuen gaiari buruzko ikerketa NUPen «Memoria Berreskuratzen» proiektuaren barruan.

(Iñigo URIZFOKU)

 

Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtsak Francoren diktadurapean nafar jendarteak jasandako errepresioa ikertzen du. Apirilean, “memoriapaper(ak)” lan- eta ikerketa-dokumentu serieko 21. lana argitaratu zuen: Oier Santamaria historialariak sinatutako “La represión de la Navarra LGTBI en el franquismo. Análisis de testimonios orales y de nuevos documentos” (Nafarroa LGTBIaren errepresioa frankismoan. Ahozko testigantzen eta dokumentu berrien azterketa). Gaiari buruz argitaratu den lehen ikerketetako bat da.

Deigarria da, hainbeste urte pasatuta, ez egotea gaiari buruzko ikerketarik.

Ez dakit zergatik gertatu den. Nik beti esaten dut ikertzen edo sortzen dugun guztia izan behar dela jasotako zerbaiten bueltan, eta egia da nik asko jaso dudala LGTBI kolektiboarengandik. Orduan, norabide horretan ikertu nahi nuen. Agian ez zaio beste pertsona bati okurritu egitea.

Hortaz, zure lana abiapuntu bat ere bada.

Gaia ikertzen hasi nintzenean, nire helburua ez zen soilik historialariek ulertuko zuten lan bat idaztea. Nik uste dut historia gizartearentzat egiten dugula. Zerbait hastea pentsatu nuen, nire ostean datozenek oinarri bat izan dezaten. Baina baita publikoak irakurri ahal izateko ere.

Zein zailtasun izan dituzu?

Zailtasun asko aurkitu ditut. Hasteko, artxibategietara sartzeko. Artxibategi batzuk Datuen Babeserako Legearen interpretazio nahiko murritza egiten dute, eta, horrela, ia artxibategi guztietan sarbidea ukatu didate. Kataluniakoa da salbuespen bat. Badaude pare bat kasu nafarrenak baina Katalunian gertatutakoak, hara joan baitziren bizitzera. Nafarroan izandako kasuak berez Zaragozan epaitzen ziren, eta Zaragozako artxibategian ezin izan nintzen sartu ere egin. Bilbokoan pixka bat errazagoa izan zen; zenbait informe ikusi ahal izan nituen, baina ez dakit informe horiek kasuen %1, %10 edo %50 diren. Gainera, informearen parte garrantzitsuak tatxatuta zeuden. Izenak ezin izan nituen irakurri, adinak normalean ere ez. Ikerketa zaila izan zen.

Eta hori zergatik?

Nik beti esan dut espainiar Estatuari ez zaiola interesatzen orokorrean trantsizioaren beste errelato bat aipatzea. Trantsizioa beti aipatzen dute akordio superpolit bat izango balitz bezala. Baina LGTB oinarrizko eskubideak ez ziren 1989-1990. urteetara arte lortu. Eta horrek ez du oso ongi enkajatzen espainiar Estatuaren logikan edo errelatoan. Bestalde, Zaragozan PP eta Vox gobernatzen daudela, ba agian zailagoa da horrelako ikerketak bultzatzea. Kasualitatez, justu ikertu ahal diren nagusiak Kataluniakoa, Bilbokoa eta Kanarietakoa dira, ez direnak justu espainiar Estatuaren logikari jarraitzen dioten lurraldeak eta artxibategiak.

Nolakoa izan zen, oro har, diktaduraren errepresioa LGTBI pertsonen kontra?

Diktadura gogorra izan zen LGTBI kolektiboarekin, baina errepresioa ez zen espresuki haien kontrakoa izan. Moral katolikoaren eta diktaduraren aurka zihoazen guztien kontrakoa izan zen. Homosexualitatea “Vagos y Maleantes” (Alferren eta Gaizkileen) legean sartu zuten, baita «inbertsioa» deitu zutena ere, baina baita eskaleak ere. Kondenatutako gizonak nekazaritza-kolonietan sartu eta lana eginarazten zieten, lanak «gizon» bihurtuko zituen ideiarekin. Toki batean bizitzea debekatzen zieten eta zaintzapean zituzten. Baina LGTBI pertsonek, epaitegietara iritsi gabe ere, errepresio sozial eta ekonomikoa ere sufritu zuten. Garrantzitsuena ostrazismo soziala izan zen.

Nafarroara etorrita, errepresioa berezia izan zen?

Berezia, ez. Agian Nafarroan berezia errepresio soziala izan zen; 1940 eta 1950eko hamarkadetan gehienbat, gero Nafarroa asko aldatu baitzen. Kasik 180 graduko buelta eman zuen. Nafarroa trantsizioan izugarri iraultzailea zen. Baina frankismoaren lehen hamarkadetan Iruñean errepresio soziala oso gogorra izan zen. Badugu bertako militar baten kasu bat, nahiko frankista zena. Bere familia elkarrizketatu zutenean aipatzen zuten militarrek, bere ideologiakoak zirenek, jazarri zutela. Bere ilobak kontatu zuen Iruñeko Kale Nagusian denda batera joan eta esaten ziotela: «Zu marikoi honen iloba zara». Nafarroan artxibategi gehienetan ez dugu oraindik ikertu, baina sozialki oso gogorra izan zen hemen bizi zen jendearentzat.

Aipatzen duzunez, lotsarazpena erabiltzen zuten kolektiboaren kontrako tresna gisa...

Askok aipatzen dute Parisera joan zirela, baina han oso zaila da informeak aurkitzea. «Sexilioa» lantzeko dugun modu errazena Bartzelonako artxibategiak dira. Irekiak dira, edonork kontsulta ditzake. Logikoa zen: komunitate nahiko txiki batean bizita, non denek elkar ezagutzen zuten, oso zaila zen LGTBI kolektiboaren parte izatea. Nafarroak aurrerapauso handiak eman ditu, baina gaur egun oraindik bere komunitatea sexiliora bultzatzen du. Agian legalki bai, baina ez dugu hainbeste aurrerapauso eman.

Jasotako informazio gehiena gizon homosexualen kontrako errepresioari buruzkoa da. Zer errealitate bizi izan zuten lesbianek?

Ziur aski ez zuten errepresio legal handirik sufritu, ez baitzen kontsideratzen sexualitatea zutenik. Frankismoak ezin zuen imajinatu emakumeak sexualitatea zutenik eta are gutxiago gizon bat gabe. Ziur aski, haientzat zailena izan zen lehen mugimenduak osatzen hasi zirenean, 1974-1975. urteetan, ez zutela beren tokia aurkitzen. Gizon homosexualek, beren esperientzia oso gogorren ondorioz, eztabaida monopolizatu zuten. Horrek deserosotasunak eragin zituen lesbianen artean eta mugimendu feministan lesbianismoaren komisioak sortzea erabaki zuten. Zaila izan zen haientzat beren lekua aurkitzea.

Trans pertsonek zein errealitate bizi izan zuten?

Hasteko, oso zaila da hori ikertzea. Frankismoak ez zuen gaur egun erabiltzen dugun terminologia erabiltzen, eta, are gutxiago, trans pertsonei begira. «Inbertituak» ziren. Orduan, askotan zaila egiten zaigu dokumentuan ulertzea zertaz ari garen; transexualitate kasu bat den edo sinpleki rol maskulinoa betetzen ez zuen pertsona bat. Badugu kasu oso zehatz bat hemen Nafarroan, “La Encarna” goitizeneko pertsona batena. Ez dugu izena ezagutzen. Bartzelonan prozesu penala pasatu zuen Ley de Vagos y Maleantes aplikatuta. Nafarroan ere pasa zuen, Bartzelonako artxibategiko informean agertzen da Nafarroan behin atxilotua izan zela, baina informe hori ez dugu. Baina, bueno, afera da frankismoak ez ziola garrantzirik ematen terminologiari. Guztiak «inbertituak» ziren eta errepresio bera aplikatzen zien gizon homosexualei eta pertsona transexualei, ez baitzituen desberdintzat jotzen. Frankismoarentzat moral katolikoaren aurka zihoan zerbait ziren; hasierako urteetan, suntsitu beharreko gauza bat, eta 60ko hamarkadatik aurrera, sendatu beharreko zerbait.

Ezkerraren barruan ere izan ziren jarrera homofoboak?

Bai. XX. mendeko ezkerra nahiko gogorra izan zen LGTB komunitatearekin. Progresismoaren ideia oso berria da, ia XXI. mendekoa. Nafarroan bere garaian LKI [Liga Komunista Iraultzailea] zegoen, baita ezker abertzale inguruko jendea ere. Pauso hori oso goiz eman zuten. Alderdi Komunistak eta Alderdi Sozialistak beranduago eman zuten, kaleko presioak behartuta. Santiago Carrillok bere alderdiaren baitan homosexualitatea despenalizatzea proposatu zuen, tentsio izugarri handiekin. Azkenik, sozialistek despenalizatu zuten, bestela komunistek egoera kapitalizatuko zutelako. Oso gogorra izan behar da zure mugimenduaren, zure espazio seguruaren baitan jarrera zehatz batzuk aurkitzea. Adibidez, Txaro Berzosak (Tuterakoa, Nafarroako LGTBI mugimenduaren aitzindarietako bat) aipatzen zuen ez ziotela uzten gazteen zelulak gidatzen, nolabait «kutsatuko» zituelako. 70eko hamarkadan. Oso gogorra izan behar da askatasunaren alde borrokatzea frankismoan eta trantsizioan eta zure jendearen partetik ere horrelako jarrerak sufritzea. Errepresioa kalean, baina baita etxean ere.

Noiz eta nola sortu ziren Nafarroako lehen LGTBI elkarteak?

Oso goiz. Comite de Homosexuales de Navarra izenekoan oso gutxi ziren, baina Estatu mailan bigarrena izan zen, Front d’Alliberament Gay de Catalunyaren ostean. Kolektibo hauek edo talde hauek modu estraofizialean eta nahiko goiz sortu ziren. Eta horrek zerikusia izan zuen Nafarroak bizi zuen mugimendu sozialen loraldiarekin. Nafarroa frankismoaren aurkako borrokan pieza klabea bilakatu zen. Bertan dena izan zen goiztiarra. Denborarekin, LKIn integratu ziren.

Nafarroan ospaturiko lehen Harrotasunaren Eguna Estatuko lehenetarikoa izan zen.

Bai, oso goiz izan zen [lehena Tuteran ospatu zen, eta, Iruñean, 1982an]. Iruñean 600 pertsona bildu ziren. Tuterako Emakumeen Asanbladak eta Nafarroako Komisio Feministak joateko deia egin zuten, eta ezker abertzaleak ere nolabait babestu zuen. Ez zuen zuzenean manifestaldian parte hartzera deitu, baina parte hartu zuen ia jende guztia ezker abertzalekoa zen, baita LKIkoa ere.

Nola laburbilduko zenuke LGTBI kolektiboko nafarren bizitza frankismopean?

Alde batetik, gure ikuspuntutik pixka bat erromantikoa, klandestinoa. Adibidez, Txaro Berzosak aipatzen zuen haien lehenengo bilera Tuterako hilerriaren aurrean izan zela; lau pertsona auto batean. Edo festa egitera Bilbora joaten zirela, Nafarroan ezin zutelako inon egin. Ate bat jo behar izaten zuten, pasahitz bat baitzegoen. Nire ustez, erromantikoa eta, noski, oso gogorra izan zen. Ez dut gauza bat eta bestea desberdindu nahi.

Egon ziren frankismo guztia edo ia guztia bizi izan zutenak. Ziur aski 1965-70tik aurrera, errepresioa berdina izanik, jendea antolatzen, mugimenduak sortzen eta borrokan hasi zen. Haien bizitzak oso gogorra izaten jarraitu zuen, eta ez soilik trantsizioan, demokraziaren zati handi batean ere bai. Baina haiekin hitz egitean, urte haietako ilusioa aipatzen dute. Oso pozik oroitzen dute garai hura, errepresio kasu gogorrak egonda ere.