GARA
BILBO

«Harrera leku bat»: Brigade Loco eta Aiora Renteriaren eskutik, itzulera erraztea xede

Brigade Loco, Aiora Renteria eta Amets Arzallusek egin dute «Harrera leku bat» abestia, Harrera Elkartearen bazkide kanpainan. Kanta eta bideoa gaur 11.00etatik aurrera NAIZen izango dira ikusgai.

Brigade Loco eta Zea Mays.
Brigade Loco eta Zea Mays. (GARA)

“Harrera leku bat”. Hala deitzen da Brigade Loco, Aiora Renteria eta Amets Arzallusek Harrera Elkarteari eskainitako abestia. «Zinez eskertuta eta hunkituta sentitzen gara», nabarmendu zuten elkarteko kideek gaur argitaratu den lan honi buruz. Jada hamahiru urte daramatzate preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea modu duin eta solidario batean gauzatzen laguntzeko lanean.

Kanta eta bideo berria NAIZen izango da gozagarri primizian gaur goizeko hamaiketatik aurrera.

Harrera Elkartekoek ohar batean azaldu zutenez, artista hauek egiten dieten aitortzak balio berezia du eurentzat guztientzat, beraien lanetik eta dedikaziotik harago, gazteriarekin bat egiteko zubi delako abestia. Bertan, “5.000 Baietz” kanpainara atxikitzeko eta bazkide egiteko gonbita luzatzen diete.

FALTA ZAREN LEKUTARA ITZULTZEA

«Amets Arzallusen hitzek pertsona hauek urte luzeetako espetxe, erbeste eta deportazioen ondorioz jasan behar izaten duten errealitate gordinaren berri ematen dute. Eta hor dago Harrera, bidelagun, eta urte hauetan guztietan euren babes izan diren ehunka lagun, zeinak orain ere etxeratze bidean solidario izaten jarraitzen duten», gaineratu zuten.

Brigade Loco eta Aiora Renteriak euren musika eta ahotsa jartzen dute, «abesti hau Euskal Herriko txoko guztietan indarrez entzuna izan dadin. Elkartasunak geure izaera eta nortasunaren parte izaten jarrai dezan behar dugulako, ehunka lagunek euren etxeratzean behar gaituztelako».

Abestian dioten bezala, «ez da erraza falta zaren lekutara itzultzea», harrera leku bat beharrezkoa da, «denak bizitzeko leku bat eraikiz». Horretan ari da, hain zuzen ere, Harrera Elkartea.