Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
JIA TING JIAN SHI

Txinako familien egitura emozionalaren itzalpean

Txinako haur bakarraren politika osteko garaian girotuta, “Jia ting jian shi’’ (“Breve historia de una familia”) misterioz beteriko drama boteretsua da, nortasun handikoa. Politika horrek seme-alaben egitura emozionalean izan zuen eragina aztertzen du filmak, eta familiaren nukleoa, itxaropenez, kontrolez eta tentsio ezkutuz betetako espazio bihurtua.

Txinako espektatiba ekonomiko eta sozialak modu zorrotz eta maltzurrean aztertzen ditu, eta etxe barruko itxurazko goxotasuna gudu-zelai isil eta kalkulatzaile bihur daitekeela erakusten du.

Klase altuko familia bateko seme bakarra den Wei-k Shuo eskolakidea gonbidatu du etxera. Shuoren ama aspaldi hil zen, eta aitak biolentzia eta alkohol arazoak ditu. Apurka, familiaren dinamikan integratzen hasten da, triangelu emozional konplexu bat sortuz eta gurasotasunaren mugak zalantzan jarriz.

Bi familien desberdintasun sozialak sotilki arakatzen dira -soja saltsa duen plater horrek arrakala soziala adierazten du, adibidez- eta fokua dinamika afektiboetan jartzen da, arlo sozioekonomikoan baino gehiago.

Jianjie Lin-ek erabili duen eszenaratzea behatzea plazer hutsa da. Filma esperimentu zientifiko bat balitz bezala eraikitzen du, enkoadraketa eta atmosfera oso bereziak erabiliz “familia” izeneko zelula hori aztertzeko. Kutsu kirurgikoa duten plano hotzak erabiltzen ditu, batzuetan hurbilketa zirkularrak, protagonisten behaketa mikroskopikoa iradokitzen dutenak.

Erritmoa ez da bizia, nahiko geldoa da, baina istorioak horrelako erritmo pausatua eskatzen du. Amaiera, berriz, anbiguoa da, baina filmaren tonuari eta estiloari begiratuta, egokiena eta zentzuzkoena.

Esperientzia bisual eta emozional sakona da, familia-harremanen itzalak agerian uzten dituena.