Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Bitik bi Arraun Lagunak eta Oriorentzat, kale zozketak markatutako estropadan

Donostiarrak izan ziren laugarren kaletik joan gabe beren txanda irabaztea lortu zuten bakarrak, Orio lehia estu bezain zoragarrian menderatuz. Gizonezkoetan, orain arteko talde indartsuenak, Oriok, kale zozketa ere lagun izan zuen.

Donostia Arraun lagunak eta Orioren arteko buruz buruko lehia ikusgarria izan zen.
Donostia Arraun lagunak eta Orioren arteko buruz buruko lehia ikusgarria izan zen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Sestaoko estropada eremuan kale zozketa gakoa izaten da beti, eta atzo ere ez zen salbuespena izan. Marea bete-betean igotzen ari zenez, korronteak indartsu tiratzen zuen ibaian gora, eta haizeak ere gogor jotzen zuen iparraldetik. Horregatik, ontzi guztiek laugarren kalea nahi zuten, joaneko luzean korrontetik urrun eta haize-babesean joateko. Datu argigarri bat: jokatutako bost txandetatik lautan, laugarren kaletik arraun egin zuen ontzia izan zen nagusi.

Horregatik du meritu berezia Donostia Arraun Lagunakek atzo lortutako garaipenak. Lehen kaletik, gai izan zen joaneko luzean Oriori, laugarren kaletik ari zenari, eutsi eta itzulerako luzean, buruz buruko lehia ikusgarri batean, aurkaria mendean hartzeko.

Laugarren kalearen onurak egiaztatzen lehena Hibaika izan zen, emakumezkoen aurreneko txandan. Errenteriarrek joanekoan 7 segundo atera zizkioten Donostiarrari, 10 Astillerori eta 13 Hondarribiari. Itzulerakoan denek erdiko kaleak bilatu zituzten, korrontea eta haizea biak lagun, eta hor indarrak asko parekatu ziren. Hibaikak utzi zuen erreferentzia 11:07koa izan zen, eta Donostiarrak larunbateko emaitza txarrari erantzun ona eman zion, Astillero eta Hondarribia atzean utziz.

Ohorezko txandako lau ontziek taktikak errepikatu zituzten. Oriok tarte politak atera zituen joaneko luzean laugarren kaletik, baina Arraun Lagunakek ongi eutsi zion lehenengotik. Ziabogan, metro gehiago eginda ere, tartea segundo bakarrekoa zen. Tolosak eta Zumaiak atzerapen handiagoa pilatu zuten.

Eta bigarren luzea ikuskizun hutsa izan zen. Apurka bi traineruak hurbiltzen joan ziren eta azken metroak parean egin zituzten. Ia beti Orio izan zen segundotxo bat aurretik, baina azken txanpan Arraun Lagunakek aurrea hartu zion bandera 46 ehuneneko tartetxoarekin bereganatuz.

«Egokitu zaigun kalea ikusita bagenekien lehen luzean eutsi egin behar genuela nola edo hala, itzuleran denbora berreskuratzen saiatzeko. Atzetik joan arren burua hotz mantentzen jakin dugu, horretan talde ona gara, eta azkenean garaipena lortu ahal izan dugu», adierazi zuen Xubane Uribarrena arraunlariak.

BIGARREN ZIABOGA

Gizonezkoetan ez zen halakorik gertatu, ziur asko talde indartsuena kale onenetik joan zelako. Izan ere, esne mamitan dabil Orio. Talde bikaina osatuta eta garaipenaren gozoari gustua hartuta, zortea ere lagun izan zuten atzo, laugarren kaleari zukua atera eta Ligako bigarren bandera etxeratzeko.

Lehen txandan albiste nagusia San Juanen erreakzioa izan zen. Bezperan Bilbon azken postuan amaitu ostean, atzo bigarren kaletik egin behar izan zuen arraun, txarrenetik, eta sekulako estropada sinatu zuen. Txandako garaipena Ondarroarentzat izan zen, laugarren kalearen abantaila baliatuz, baina San Juan bigarren izan zen, Kaiku eta Cabo atzean utziz.

Bigarren txandan Hondarribia izan zen laugarren kaletik arraun egiteko aukera izan zuen zorteduna, baita aprobetxatu ere. Orbañanosen kuadrillak estropada bikaina osatu zuen, hasi eta buka, eta erlojuaren aurkako borroka izan zen berea, aurkari guztiak lehen luzetik oso atzean utzi zituelako. Ares igo berriak, bestalde, Getaria eta Isuntza menderatzea lortu zuen.

Ohorezko txandan, Oriok ez zuen estropada aurreneko bi luzeetan apurtzea lortu. Lehen ziabogan Zierbena segundo bat aurretik zen, eta Bermeo ere oso gertu. Bigarren ziabogan Orio aurretik bai, baina Zierbenari apenas segundo pare bat aterata.

Helmugan egon zen bospasei segundoko tartea hirugarren luzearen hasieran pilatu zuen Oriok. Maniobratik irten bezain pronto istriborrera jo eta hormaren albo-albotik, ipar-haize bizia ekidinez, hortxe lortu zuten abantailatxoa gipuzkoarrek eta amaieraraino eusteko gai izan ziren.