Donostiarra eta Tolosaldea dantzan
Eusko Label eta Euskotren Ligak itsasora hurbildu ziren denboraldi honetan lehen aldiz. Donostian egin zuten eta bi traineru gipuzkoarrek hirugarren eta laugarren kale onak baliatu zituzten garaipenak lortzeko, olatu politak hartzearekin batera.

Aurreko asteburuan Bilbon eta Sestaon ibaian jardun eta gero, Donostiako badiak hartu zituen, atzo arratsaldean, Eusko Label eta Euskotren ligetako hirugarren banderak. Ez zen iazko itsaso zakarrik egon, baina bai dantza giroa eta lana egin beharra. Azkarren eta trebeenak gizonetan Donostiarra etxeko trainerua eta emakumeetan Tolosaldea izan ziren.
Estropada eremu honetan hirugarren eta laugarren kaleak izaten dira arraun egiteko onenak. Donostiarrak laugarrena aprobetxatu zuen olatuak surfeatu, aurkari zuzenei abantaila polita atera eta etxeko bandera eramateko.
Igor Makazagaren gizonek bigarren luzean olatu ona hartu eta ziztu bizian atzetik aurrera zetorren Oriori 13 segundo atera zizkioten. “Mirotzek”, lehen kale txarretik, lehia polita mantendu zuten Bermeo Urdaibairekin amaieraraino, baina bigarren postua bizkaitarrentzat izan zen. Zierbena, aldiz, oso atzean geratu zen; halere, sailkapenean laugarren postua lortu zuen.
Toki hori eskuratzetik gertu egon zen Hondarribia, bigarren txandan aritu zena. Berdeen helburua, ziklo aldaketako denboraldi honetan, bigarren txanda dominatzea da, eta atzo bikain lortu zuten. Justu kontrakoa gertatu zitzaion Ondarroari. Laugarren kaletik, putzutik irten ezinda aritu ziren estropada osoan eta lehen txandako Kaikuren aurretik geratzea baino ez zuten lortu.
Ares eta Getaria ondo aritu ziren txanda horretan, baina ezin izan zuten San Juanen denbora hobetu. Pasaitarrak, laugarren kaletik, nagusi izan ziren Kontxako badian Eusko Label Ligako estropada ireki zuen txandan. Hirugarren luzean inork ikusi nahi izaten ez duen egoera gertatu zen, txalupa batek estropada eremua gurutzatzen duenekoa. Horrek ez zuen eraginik izan eta amaiera polita ikusi ahal izan zen. Lekittarrak sekulako erakustaldia eman zuen azken luzean eta, hasiera batean bigarren postua Cabori eman bazioten ere, irudiek argi eta garbi erakutsi zuten bizkaitarrak azkarragoak izan zirela.
TOLOSALDEAREN DANTZA
Euskotren Ligan, Tolosaldeak bikain aprobetxatu zuen hirugarren kalea denboraldiko lehen garaipena lortzeko. Hori bai, dena alde zutela, gipuzkoarrek hortzak estutu behar izan zituzten azken luzerako bukaerako metroetan. Izan ere, Orio, behetik gora eginda eta olatu ona hartuta, garaipena “lapurtzetik” oso gertu egon zen. Atzetik, lehenengo bi banderak irabaztetik zetorren Arraun Lagunakek itsasoaren egoera ordaindu egin zuen bigarren kaletik. Gainera, ziabogan Aiora Belartietari arrauna joan zitzaion maniobra egiterakoan eta denbora asko galdu zuten.
Lehen txandan kaleen arteko aldea oso nabaria izan zen: Hondarribia, laugarrenetik, azkarrena izan zen eta Miren Garmendia patroiak bikain dominatu zuen trainerua; Donostiarrak, bigarrenetik, kale egin zuen etxean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
