Abrahamsenek bataioa hartu du; Van der Poel eta Pogacarrek, mingostasuna
Tolosan amaitutako etapan norvegiarrak esprintean irabazi zion ihesaldiko lagun Schmidi. Van der Poelek bakarka amaitu zuen hirugarren postuan, duela hiru egun ia lortu zuen balentria errepikatuz. Pogacar azken kilometroetan erori zen, lesiorik gabe.

Nork esan zuen Pirinio aurreko etapen jardunaldia lasaia, trantsiziozkoa, izango zela? Hori adierazi zuenak ohe azpian ezkutatuta egon behar luke. Astearteko atseden egunaren ondoren, Tolosan hasi eta amaitutako 11. etapan denetarik ikusi zen, eta ekintza guztiek emozioa izan zuten.
Hasteko, garaipena Jonas Abrahamsen (Uno-X) norvegiarrarentzat izan zen, esprintean Mauro Schmid ihesaldiko lagunari aurrea hartuta. Bikoteak eguneko ihesaldi garrantzitsutik alde egin zuen azken kilometroetan, eta, atzetik, beste talde batetik alde egin zuen Mathieu van der Poel (Alpecin). Herbeheretarra duela lau egun gertaturikoa ahaztu eta arantza kentzeko gertu aritu zen. Melierrek irabazi zuen 9. etapan, egundoko balentria osatzeko hurbil egon zen Alpecin taldekoa, 174 kilometro zituen jardunaldiaren hasieratik ihes eginda egon baitzen, baina helmugarako 800 metroren faltan irentsi zuen tropel handiak.
Atzo egoera ezberdina izan zen, baina Abrahamsen eta Schmid harrapatzen zituen ikusteko, telebistaren aurrean pega-pega eginda geratu ziren txirrindularitza zale guztiak. Zoritxarrez, berriz ere aukera paregabea pasatzen utzi zuen.
Eta atzerago, faboritoen tropeltxoan, ezusteko galanta gertatu zen 6 kilometroren faltan. Izan ere, Tolosako kaleetan, txirrindulariak abiadura handian zihoazenean, Tadej Pogacar (UAE) lurrera joan zen, Tobias Johannessen gurutzatu zitzaionean. Tourra irabazteko faborito nagusienetarikoak, zorionez, azkar altxatu ahal izan zuen eta, ezkerreko izterrean zauri nabarmena ikusten bazitzaion ere, kide batzuk zihoazen beste taldetxo bat hartu eta aurreko faboritoen laguntzari esker -abiadura moteldu zuten, esloveniarra taldean sartzeko-, talde nagusiraino iritsi zen arazorik gabe.
Gaur egungo txirrindularitzan asko ikusten ari da keinu hau, eta atzokoan are nabarmenago, oharturik Pogacar beste txirrindulari baten erruz lurrera joan zela. Johannessek berak barkamena eskatu zion errepidean bertan.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik jazo, eta Ben Healy irlandarra (EF Education) lider iritsiko da Pirinioetara.
GARAIPEN BEREZIA
Atzoko garaipena lehenengoa da Jonas Abrahamsenentzat. Ezin izan zuen lehen momentuan ospatu, azkenean fotofinishak erabaki behar izan baitzuen garailea nor zen. Orduan egin zuen merezitako oihua.
Berezia izan zen garaipena, duela hilabete batzuk lepauztaia apurtu baitzuen eta duda izan baitzen aurtengo Tourrean parte hartzeko. Gainera, 2020an irabazi zuen Alexander Kristoff norvegiarra ordezkatu du palmaresean.
Etapari dagokionez, eraso asko jo ziren hasieratik, baina Pogacarren intereserako arriskua zekarrena Wout van Aertena izan zen. Esloveniarra desgastatzeko operazioa hasi al zuen Visma taldeak? Azkenean belgikarra eta Van der Poel, ziklokrosean aurkari sutsuak, elkarrekin sartu ziren ihesaldian. Hala ere, garaipena beste batentzat idatzita zegoen, Pirinioak iritsi aurretik.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
