Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren dagoenekoak

Maiz entzun izan dut ondorengo esaldia, eta batez ere, 2000tik aurrera: «Dagoeneko ez dira horrelako diskoak egiten, ezta entzuten ere». Garai bati lotutako iruzkina da, eta badu fobia, immobilismo eta mespretxu ukitua beste guztiarekiko. Iruzkinaren profila askotarikoa da, gaztea barne, eta nostalgian aingura egotzita, berrikuntza guztiari aitzakia jartzeko. Francorekin hobeto bizi ginela esatearen parekoa al da? Bizi al du nostalgikoak oraina? Demagun pentsamenduan eta oinarrian bere urrezko garaietan egiten zirela halako diskoak. Nostalgia mitifikatzen denean eztabaida askerik ez dago, kartola horietatik ateratzea komeni da bizitzeko. Iraganak ezin du izan oinarri bakarra bizitza ekintzailea eraikitzeko. Iraganari egunerokotasunarekin ekin. Iraganean ainguratzea gurutziltzatzea da, ankilosatzea.

Egiten al dira makrojaialdi adeitsuak? Jaialdi erraldoi andanek KKR izenpea daramate. Palestinaren aldeko Kneecap irlandar taldeak jo du Last Tour (LT) bilbotar bulego ahalguztidunak antolatutako jaialdian; LT-k pentsatuko du horrek “jatortasun” guztia emango diola jendearen aurrean.

Makrojaialdien kontzeptuak berak Estatuek duten eredu berberarekin funtzionatzen dute. Ezkertiarrak diren pentsamenduak errekuperatu egiten ditu gu geu konturatu gabe. Horretan ez gara pribilegiatu hutsak!