Joseba Mikel GARMENDIA ALBARRACIN
Ekonomialaria
GAURKOA

Ohiko akatsak tokiko garapenean

Tokiko garapena errezeta unibertsalik gabeko prozesu konplexua da. Ez dago formula magikorik. Lurralde bakoitzaren ezaugarri bereziek eta bertako eragileen dinamismoak baldintzatzen dute garapenaren norabidea. Euskal Herriko hainbat lurraldetan garapen ekonomikorako egitasmoak martxan jarri dira azken 50 urteotan. Batzuk arrakasta nabarmenarekin; beste batzuek, berriz, huts egin dute. Tokiko garapen esperientziak diseinatu eta gauzatzerakoan, ohikoak dira zenbait akats eta ikuspegi oker, prozesuaren eraginkortasuna murrizten eta emaitzak ahultzen dituztenak. Gure ingurunean pilatutako esperientzietan oinarrituta, lau multzo nagusitan bana daitezke akats horiek: kudeaketaren grabitate-zentroari lotutakoak, estrategiaren diseinuari dagozkionak, azpiegituren gainbalioari buruzkoak, eta merkatuarekiko ikuspegi liberalari eragiten diotenak.

Azken bi ikuspegi okerrak edota mugatuak ez dira tokiko eskaletan soilik jazotzen, erregio edo estatu eskaletan ere bai. Hala ere, ez dira gutxi udalak eta eskualdeak, azpiegiturekiko miresmen itsua erakutsi dutenak eta merkatuaren eta ekimen pribatuaren ahalmenetan konfiantza itsua jarri dutenak. Garraio-azpiegiturak eta industria-poligonoak garapenaren sinonimotzat hartzea ohikoa da, eta marketin politikorako elementu erakargarriak izan ohi dira. Baina ebidentzia enpirikoak erakusten du ez dagoela harreman kausal zuzenik azpiegitura berrien eta jarduera ekonomikoaren hazkundearen artean, are gutxiago azpiegitura maila nahikoa eskura dagoenean. Azpiegitura fisikoek, berez, ez dute garapena bermatzen. Horren adibidea ondorengo bi eskualdeak alderatuz antzeman genezake. Biak gune urbanoetatik urrun daude, errepide kaskarrekin komunikatuta, azpiegitura teknologikorik gabe, tradizio industrial ahulekoak eta baldintza sozioekonomiko antzekodunak dira: Erronkari eta Lea bailaretan, industria-poligonoa garapen estrategien funtsezko azpiegitura izan zen. Lehen kasuan, Burgiko poligonoak ia hutsik irauten du 20 urte beranduago, kanpoko inbertsioen zain. Bigarren kasuan, Gizaburuagako industrialdea enpresaz mukuru dago, gaitasun endogenoak aktibatzen eta substantziatzen asmatu duen tokiko ekimenari eta lidergoari esker.

Lehen akats multzoa, garapen bultzadaren jatorriari eta prozesu horren gobernantzaren grabitate-zentroaren kokapenari loturikoa, tokiko eskalari espezifikoagoa zaio. Sarritan, garapen estrategiak lurraldetik kanpoko eragileek (erregio gobernuek, kasu) diseinatzen dituzte, goitik beherako ikuspegi paternalistaz. Horrek tokiko eragileak bigarren mailako subjektu bihurtzen ditu, haien protagonismoa murriztuz. Lurraldearen diagnostikoa eta helburuen, interbentzio ildoen eta programen diseinua tokiko eragileekin egin ohi da, baina prozesua pilotatzen eta dinamizatzen duen gizatalde profesionala lurralde kanpoko pertsonez osatua izan ohi dira, hiriburutik eragin nahi dutenez. Definitu ohi diren interbentzio tresna gehienak finantzarioak dira, dirulaguntzak eta azpiegitura-inbertsioak, alegia; eta gobernantzaren grabitate-zentroa lurraldetik kanpo dagoenez, alboratu egiten dira funtsezkoak diren beste interbentzio modu batzuk, hala nola eragile ezberdinen inplikazioan, esfortzuan, ekintzailetzan, saretzean eta elkarlanean oinarritzen diren dinamizazio lanak.

Nafarroako Pirinio bailaretarako 2007-2009ko Garapen Plan Estrategikoa da akats horren kasu eredugarria: planaren kudeaketa Iruñean kokatutako erakunde publikoen esku egon baitzen. Planaren exekuzioan azpiegiturek hartu zuten protagonismo nagusia, aurrekontuaren %77 jasoz, eta jarduera ekonomikoaren sustapena bigarren planoan geratu zen, %5arekin baino ez. Tokiko eragileek ez zuten lidergo aktiborik izan, eta planaren emaitzak mugatuak izan ziren: industria-poligono hutsak, enpresa traktore gutxi, ekintzailetza ahula eta efektu biderkatzaile eskasak.

Goitik beherako eredu horrek zaildu egiten du tokiko eragileek lurraldeko garapen prozesuaren ardura bere gain hartzea. Tokiko garapen estrategiek denbora luzea behar dute heldutasuna lortzeko eta emaitzak egonkortzeko. Hori lor daiteke bakarrik baldin eta lurraldean eragileek garapenerako tresna iraunkorrak sortzen badituzte, tokiko gizartearen aurrean erantzun beharko dutenak, ahal den neurrian ziklo politikoen eraginetatik salbu. Azken finean bertako eragileei esfortzu gehigarri bat eskatu behar zaie, jarrera aktiboa har dezatela, interes partikularrak gaindi, ikuspegi kolektiboa eskuratu eta inertzian koskorturiko jokamoldeak alda ditzaten. Mentalitate aldaketa hori nekez lor daiteke lurraldea diruaz ureztatuz soilik. Aitzitik, lurraldetik 50 kilometrotara lana egiten duen lantalde tekniko profesionalak zailagoa du lurraldeko enpresekin eta bestelako eragileekin saretze eta jokabide-moldaketa funtzioa egitea, baita lurraldeko errealitateari, eragileei eta harremanei buruzko ezagutza aberatsagoa jasotzea ere; eta gainera, gizartearekiko ardura hartzeko presio laxoagoa izango du, lurraldean bertan lana egiten duen lantaldeak baino.

Azkenik, garapen estrategiaren diseinuari lotutako akats multzoa dugu. Horien artean dugu kaxoian paper mordoa pilatzera eramaten duena. Askotan, diagnostiko sakon eta plangintza perfektua lortu nahi izaten da, eta horrek «paralysis by analysis» egoerak sortzen ditu. Diagnostikoak eta planak ezinbestekoak badira ere, gako nagusia, hasieran behintzat, ez da zer egin zehaztea, baizik eta nork eta nola egingo duen argitzea. Beste batzuetan gutxietsi egiten da talde profesional baten beharra, eta kutsu boluntaristadun gogo komunitario difusoaren bizkarrean uzten da ardura. Ulertu gabe ezinbestekoa dela ezagutza metaketa eta ikasketa prozesu jarraituak bideratuko duen tresna autonomoa eraikitzea. Diseinuari loturiko beste akatsa da garapenaren dimentsio ekonomikoa aintzat ez hartzea, eta dimentsio sozialean soilik arreta jartzea. Amaitzeko, ezin ahaztu prozesu horiek tokiko eragileen eta gizartearen legitimazio aitortza eskatzen dutela; garapen esperientzia horietan eragile horien parte hartzea eta inplikazioa borondatezkoa baita.