EDITORIALA

Frankismoa desegiteko urrats garrantzitsua

Espainiar Gobernuak atzo onartu zuen Sekretu Ofizialen Legea ordezkatuko duen Informazio Sailkatuaren lege proiektua. Egun indarrean dagoena 1968ko lege frankista da, zeinak eragotzi egiten duen frankismoko eta «Trantsizioko» sekretuak agerian jartzea. Lege proiektu berriaren ezaugarrien artean nabarmena da informazioa automatikoki desklasifikatuko dela ezarritako epeak betetakoan. Proiektuak informazio sailkatuaren lau kategoria definitzen ditu, eta informazioa sailkatzeko organo eta agintaritza eskudunak zein diren zehazten du. Horrez gain, dokumentuen desklasifikazioa eskatzeko legitimazioa duten pertsonak nortzuk diren finkatzen du. Azkenik, giza eskubideen urraketa handiei edo gizateriaren aurkako krimenei buruzko informazioa ezin izango dela sailkatu xedatzen du.

Proiektu berri hau Sekretu Ofizialen Lege frankista indargabetzeko aurreko ahaleginaren jarraipena da, 2023ko hauteskundeak aurreratu zirela-eta bertan behera geratu zen harena. Aurkezpenean, Felix Bolaños Presidentetzako ministroak adierazi zuen proiektu horrek Europako estandarretara hurbiltzen duela araudia, Europar Batzordeak behin eta berriz eskatu duen bezala. Ahaztu egin zitzaion aipatzea NBEko Giza Eskubideen Batzordeak ere hura indargabetzea eskatu zuela, urruti joan gabe, iragan den asteko txostenean. Sekretu Ofizialen Lege frankista indargabetzeak atea irekiko du frankismoaren amaierako eta trantsizioko sekretuak ezagutzeko, eta hori, ezbairik gabe, albiste ona da biktimentzat eta oro har demokraziarentzat. Hala ere, epeak luzeegiak dira. Eta horren arrazoia «segurtasun nazionala» babestea dela badiote ere, badirudi zerikusi handiagoa duela Estatu arrazoiak estalitako krimenen egileak ordurako hilik egotearekin. Zertan eragin dezake «segurtasun nazionalean» Martxoaren 3ko edo 1978ko sanferminetako gertakarien berri izateak?

Lege proiektua pauso garrantzitsua da, frankismo amaieran eta «Trantsizioan» gertatutako krimen asko argitzea ahalbidetuko baitu. Hala ere, berau onartu arteko bidea luzea eta korapilatsua da oraindik. Indar politikoei dagokie maila eman eta lege berriaren onarpena bizkortzea.