Ainhoa ETXEBARRIA eta Gabi ELKOROARISTIZABAL
LABen EHUko sail sindikala
GAURKOA

EHU indartzeko finantzaketa egokia behar da

EHU aspalditik da albiste, haren azpifinantzaketak eragindako arazoak direla eta. Horregatik, LABek bultzatuta, joan den ikasturtean zehar eta martxoaren 19an mobilizazioak egin genituen soldatak igotzea, plantilla handitzea eta azpiegituretan inbertitzea eskatzeko.

Artikulu honetan, modu objektiboenean justifikatuko dira erreibindikazio horiek, testuinguruan jarriz irakasle eta ikertzaileen (IRI) ibilbide profesionala eta lan baldintzak, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (Tekazel) egoera eta EHUren finantzaketa.

IRIen ibilbidea hamaika kasuistika onartzen dituen zerbait dela jakinda, biderik «hoberena» deskribatuko da. Hasiera izango litzateke doktoratu aurreko prestakuntza-kontratu baten bidez doktorego-tesia egitea, master ofiziala behin eginda. Kontratu horrek, gehienez, lau urte iraun dezake, eta epe horretan doktorego-tesia defendatu behar da, kasu batzuetan denbora gehiago hartzen badu ere. Doktore tituluarekin, oposizio-lehiaketa publiko bidez Laguntzaile Doktore (LD) plaza lortzeko aukera dago, plazak sortzen badira. LD plazek 6 urteko iraupena dute gehienez. Horrekin, hautagaia Irakasle Agregatu (Agr) edo Unibertsitateko irakasle Titularrerako (TU) oposizio-lehiaketa publikoan aurkez daiteke, figura horretarako akreditazioa lortu badu. Akreditazioa Unibasq edo ANECA ebaluazio agentzia ofizialek ematen dute, hautagaiak ikerketa, irakaskuntza eta kudeaketa meritu nahiko daukala ebatzi ostean. Agr/TUrako oposizio-lehiaketa irabazita, hautagaia lan-egoera egonkorrean egongo litzateke.

Laburbilduz, gradua, masterra eta doktoregoa gaindituta, akreditazioa lortuta eta bi oposizio lehiaketa irabazi ondoren, kasurik onenean 11 urteren buruan, iraunkorrak izan gintezke. Izan ere, elementu batzuek berandutzen dute plazak sortzeko prozesua: Estatu espainiarrak ezarritako birjartze tasa, sailari plaza esleitzea, Eusko Jaurlaritzaren esku dauden plazak sortzeko hornidura ekonomikoa lortzea eta plazak sortzeko eta esleitzeko prozeduraren epeak.

Bestalde, IRIen etapa ezberdinen oinarrizko soldatak EAEko bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira eta hamar urte behar dira antzeko ordainsarira iristeko, ordainsari osagarriei esker. Agerikoa da unibertsitateko IRI izateko exijitzen den espezializazio mailari soldata baxua esleitzen zaiola.

Gainera, jasan dugun erosahalmenaren galera nabarmena izan da. Agr/TU soldatak 2008tik %14,6ko igoera izan du, baina KPIa %38,90 igo da (%24,3ko galera). Osagarri autonomikoen kasua okerragoa da: 2006tik izoztuta daude eta KPIa ordutik %46,6 igo da. Ikuspegi ekonomikotik, behintzat, unibertsitateko irakasle-ikertzailea izateko egin beharreko iraupen-lasterketa horrek ez du erakargarri egiten lanbide hau, eta jakintza arlo batzuetan gero eta IRI lanpostu berri gehiago hutsik geratzen dira.

Ezin dugu aipatu gabe utzi EHUn ordezko irakasle askok jasotzen duten miseriazko soldata, 400 eta 800 euro artekoa, klase eta tutoretza orduak baino ez baitzaizkie ordaintzen, gainerako aktibitateak (klaseak prestatu, formazioa, irakaskuntza koordinazioa...) dohainik eginda. Tekazelen kasuan ere erosahalmenaren galera nabaria da. Soldaten igoera %19,1ekoa izan da azken 15 urtean, KPIaren igoera %37,3koa izanda (%18,2ko galera).

Tekazelen lana ezinbestekoa da unibertsitatearen irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko. EHUn, IRI/Tekazel ratioa 2,76koa da, Europako beste herrialde batzuetan 2koa izanik. Kasu batzuetan lan-zama jasanezina da eta beste batzuetan kategoriari ez dagozkion zereginak esleitzen dizkiete. Plantilla zehatz-mehatz aztertu behar da lan-karga handiak detektatzen diren lekuetan lanpostu berriak sortzeko eta garatzen diren lanen arabera kategoriak egoki esleitzeko.

Finantzaketa. Eusko Jaurlaritzaren inbertsioa 402 milioi eurokoa izan zen 2024. urtean, hots, EAEko BPGaren %0,42. Zifra hori oso urrun dago Europako herrialde askok egiten duten inbertsiotik (BPGaren %1,50) eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak 2030erako ezartzen duen %1etik.

Ez gaitezen engainatu Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailean BPGaren %1,25 inbertitzen duela esaten duenean, kantitate horren %44 besterik ez baitoa EHUra. Gainontzekoa, Ikerketa eta Berrikuntza, Ezagutzaren eta Teknologiaren Transferentzia eta Zientzia Irekia eta Dibulgazio Zientifikoa ataletan banatzen da. Horien bitartez, baita Eusko Jaurlaritzaren programa ezberdinen bitartez ere, unibertsitate pribatuek eskuratzen dute diru publikoa.

Instituzioetatik unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzen dieten bitartean EHUn dirua falta da plantilla ondo hornitzeko, soldata egokiak ordaintzeko, sailek eta zerbitzuek behar dituzten inbertsioak egiteko eta zaharkituta dauden azpiegiturak mantentzeko. Gabezia horiek konpondu gabe zaila da unibertsitate publikotik gizarteak jaso behar duen kalitatezko zerbitzua ematea eta belaunaldi ordezkapena ziurtatzea.

Bada garaia Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa gutxiesten duen jokabidea albo batera utz dezan, dituen eskumenak unibertsitate publikoa hobetzeko erabil ditzan, eta EHUk behar duen finantzaketa publikoa berma dezan.