EDITORIALA

Israel babestu dutenak urruntzen hasi dira

Larunbatetik iganderako gauean Israelgo indar armatuek “Handala” itsasontzia eraso zuten nazioarteko uretan. Askatasunaren Flotillak pleitatutako ontzia Gazara zihoan laguntza humanitarioarekin. Israelek palestinarrei ezarritako legez kanpoko blokeoa haustea zen haren asmoa, baina okupazio indarrek eragotzi egin zuten saiakera. Ekainaren 9an “Madleen” itsasontzia bahitu ondoren, armada sionistak erasotzen duen bigarren ontzi humanitarioa da.

Zerrendaren barruan egoera ez da apenas aldatu. Atzo gosearen ilaretan gutxienez 29 pertsona tirokatuta hil ziren, eta agintari palestinarrek adierazi zuten dagoeneko ehun pertsona baino gehiago hil direla gosez. Herritarrak kolapsoaren ertzean daudela, Netanyahuren gobernuak «etenaldi humanitarioak» eta «ibilbide seguruak» iragarri zituen atzo. Ordu asko mantenduko omen dira eten hauek, laguntza humanitarioa iritsi ahal izateko. Ez dago argi zeren ondorio den agintari sionisten aldaketa hori. Baliteke, nazioarteko presio gero eta handiagoaren aurrean, Netanyahuk bere burua urrats bat egitera behartuta ikustea, egoera arintzeko. Baliteke ere beste sadismo ariketa bat izatea: behin palestinarrak goseak hiltzeko zorian jarri dituenean, Israel laguntza humanitarioa irekitzera deliberatu da, jendea gosez hil ez dadin, baina bere onera itzultzeko nahikoa izan gabe.

Genozidioaren salaketa gero eta ozenagoaren aurrean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak aste honetan iragarri du irailean onartuko duela Palestinako Estatua. Errekonozimendu horrekin batera Macronek ez du genozidioa gelditzeko inolako ekintzarik iragarri. Palestinaren aldeko erakundeek iritzi publikoa distraitzeko ahalegintzat hartu dute iragarpen soil hori. “The Economist”-ek artikulu bat argitaratu du izenburu eta azpititulu esanguratsu honekin: «Gazako gerraren jarraipenak ohorea kentzen dio Israeli. Jada ez du justifikazio militarrik». Horrek pentsarazten du orain arte izan bazuela. Israelen genozidioa babesten ibili diren estatu eta komunikabide asko Israelen jarreratik urruntzen hasi dira. Urrats bat da, baina oraindik urrun daude biktimentzat justizia eskatzetik eta errudunak jazartzeko exijitzetik.