Guggenheim Urdaibai Stop taldeak «herriak esandakoa» errespetatzeko eskatu du
ALC Fundazioak Guggenheim Urdaibai proiektuaz eginiko entzute prozesuaren txostena baloratu du egitasmoaren kontra sortutako herri plataformak, eta dei egin du «esandakoa aintzat hartzera».

Agirre Lehendakaria Center Fundazioak uztailaren 23an ezagutarazi zituen Bizkaiko Aldundiak eta Lakuako Gobernuak abian jarritako entzute prozesuaren lehen emaitzak. Atzo Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bere balorazioaren berri eman zuen, txostena aztertu ondoren eta «bertan publikatutako emaitzen inguruan instituzioek erakutsi duten isiltasunaren aurrean».
Plataformak entzute prozesu horren inguruko zalantzak agertu zituen abian jarri zutenean. Hala ere, «zuhurtziaz», prozesuan parte hartzea erabaki zuen, «betiere, instrumentalizazio izpiren bat ikusiz gero berehala prozesutik irtengo ginela argi utzita». «Beti eduki dugu argi eta gaur oraindik ere argiago dugu, Busturialdeak ez duela Guggenheim museorik behar, eta prest gaude prozesu honetan eta martxan jartzen dituzten kanpaina guztietan horrela esateko», aipatzen du plataformak zabaldutako oharrean, hau gaineratuta: «Kaleetan herritarrek adierazitakoa nahikoa ez bada, prozesu honetan ere gauza bera errepikatzea eta hori dokumentatuta gelditzea salaketa modua dela deritzogu».
Haren iritziz, txostenak argi uzten du herritarrak proiektuaren aurka daudela, bereziki Muruetan kokatzearekin: «Argi dirudi Murueta ez dela Bilboko Guggenheim museoaren handipena egiteko lekua izango. Beti esan dugu Biosfera Erreserbaren bihotza dela. Dagoeneko egoera zaurgarria duen eremua da, saturazio zantzuak erakusten dituena eta berehalako premiazko kudeaketa jasangarri aktiboa eskatzen duena».
EZ MURUETAN, EZ BESTE INON
Edonola ere, Guggenheimi Urdaibairi beste kokaleku bat emateko aukera zabaltzearen aurka agertu da plataforma. Nabarmentzen duenez, «Busturialdeak ezin du halako makroproiektu turistikorik hartu. Muruetatik urruntzea Biosfera Erreserbaren bihotza salbatzea litzateke, baina ez gaude ez giltzurrunik, ez birikarik sakrifikatzeko prest. Proiektu honek Muruetan suposatuko lituzkeen lege urraketak ekiditeak ezin ditu ordezkatu turismo masiboak eskualdera ekarriko lituzkeen albo kalte guztiak».
Halaber, argi utzi nahi izan die erakundeei «entzutea bakarrik ez dela nahikoa, esandakoa aintzakotzat hartu eta errespetatu egin behar» dela. «Pradales lehendakariak ondo esan zuen: ezin da gobernatu herriari entzun barik. Hementxe dute aukera aparta, eredu izan eta esandakoa betetzeko!»; hori azpimarratuta, erakundeei proiektua bertan behera uzteko eskatzen die.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
