Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA
TOURRA

Squibanen garaipen handia Gigante bizirik utzi zuten egunean

Tourreko 6. etapa Maeva Squiban bretoiak irabazi zuen. Beste guztiak elkarri begira geratu ziren unean jo zuen erasoa eta erakustaldia eman helmugaraino. Faboritoen artean ez zen alderik izan, baina Sarah Gigantek jaitsiera bakoitzean sufritu zuen.

AMaeva Squiban bretoiak Tourreko seigarren etapa irabazi zuen.
AMaeva Squiban bretoiak Tourreko seigarren etapa irabazi zuen. (Julien DE ROSA | AFP)

UAE taldeko Maeva Squiban txirrindulari bretoiak bere ibilbideko garaipenik onena eskuratu zuen. 32 kilometrora jo zuen erasoa eta erakustaldia eman zuen. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan. Kim Le Courtek jarraituko du horiz jantzita. Izan ere, ez zen alderik izan faboritoen artean.

Mendiko lehen etapa izan zuten atzo txirrindulariek: Clermont-Ferrand eta Ambert arteko 123 kilometroko etapa, zeinean lehen mailako Beal eta bigarren mailako Chansert igoerak topatu zituzten.

Kosta zen ihesaldia egitea. Eta, halakoetan gertatu ohi denez, maila handiko taldeak lortu zuen azkenean tartea irekitzea. Usoa Ostolaza zarauztarra bertan izan zen, Liane Lippert, Elise Chabbey eta Yara Kastelijn goi mailako txirrindulariekin.

Ez zuten, baina, tarte handirik irekitzea lortu. Lehen mailako mendatearen hasierako aldapak iritsi bezain pronto Kim Le Court liderraren eta Sarah Gigante igotzailearen taldeak erritmoa bizitu zuen. Ihesaldian indartsuenak soilik mantendu ziren aurrean. Hala ere, minutu erdi inguruko errenta baino ez zuten gailurrean.

Mugimendu gehiago egon zen beherakoan gorakoan baino. Tropelean ere ziztu bizian jaitsi ziren. Horretan munduko onenetako bat denak, Cedrine Kerbaolek, tenkatu zuen lasterketa, eta halakoetan beti sufritzen duen Sarah Gigantek metroak galdu zituen.

Kontraerasoa Maeva Squibanek jo zuen. Denak begira geratu ziren eta errenta minutura joan zen segituan. Beste behin ere, beherakoan egon zen saltsa handiagoa eta Gigante eten egin zen, beste behin. Atzo zaindari izan zuen Justine Ghekiere taldekidea eta bigarren aldiz ekarri zuen bueltan faboritoen taldera. Beste egun batez bizirik atera zen Gigante eta bat baino gehiago damutu daiteke australiarraren ahulezia baliatu ez izanaz. Mendi asko dago igotzeko. Eta jaisteko.