Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Zarauzko errekorra birrindu du Arraun Lagunakek

Zarauzko egun bakarreko estropadan 10 minutu eta 30 segundoko langa bota zuen eta egun bietako marka ere 21 segundoan gainditu zuen ‘Lugañene’ ontziak. Eusko Label Ligan erraz nagusitu zen Orio.

Zarauzko marka guztiak urratu eta gero, ikurrina ondo merezita eraman du Arraun Lagunakek.
Zarauzko marka guztiak urratu eta gero, ikurrina ondo merezita eraman du Arraun Lagunakek. (Ando ni CANELLADA | FOKU)

Zarautzen itsaso handia egon izan da behin baino sarriago, baina atzo ez zen arrasto handirik izan, bereziki Euskotren Ligako estropadan. Laino-laino, olatuak patroien irudimenean gehiago azaldu ziren itsas azalean baino. Haizea ere bai, baina ez enbarazurako. Alde horretatik, Arraun Lagunak Zarauzko XVII. Ikurrina arraunean egin baino lehen irabazlea zela jakinaren gainean uretaratu zen.

Baina hori baino gehiago egin zuen ‘Lugañene’ ontziak. Juan Mari Etxabek entrenaturiko kuadrillak egun bakarreko marka birrintzea ez ezik, 10:29.80, bi egunetako errekorra ere 21 segundoz urratu zuen: 21:05.94. Are gehiago, bigarren postuan sailkatu den Tolosaldeak berak ere ‘Batelerak’ mitikoak ezarritako 21 minutu eta 26 segundoko langa ere apurtu zuen. Nolanahi dela, Arraun Lagunak hain fin aritu zen, marka hautsi baino birrindu egin zuela eta, Zarautzen hirugarrenez bere izena palmaresean jartzeaz gain, emakumeen traineru estropaden historian oso altu jarri baitzuen ‘Lugañene’-ren izena, lehen altu ez baldin bazegoen.

Aurreneko txanda, bestalde, Astillerok eraman zuen, Hibaika azken aldera asko hurbildu zitzaion arren. Aurreneko txanda honetan, gainera, Donostiarraren «garaipena» izan zen Hondarribiarekiko, bi estropadaren faltan sailkapen nagusian hiru puntuko tartea ireki baitio.

ORIOREN HAMABIGARRENA

Haizea, askorik ez bada ere, altxatu egin zen Eusko Label Ligako estropada hasi zenerako. Ondorioz, emakumeen artean izan ziren markak ezin izan ziren errepikatu gizonezkoen artean. Hori, ordea, ez zen oztopo izan Oriorentzat, denboraldiko hamaikagarren trapua bildu baitzuen, eta bere palmareserako hamabigarren aldiz Zarautzen irabaztea erdietsi zuen.

Larunbatean ez bezala, atzo mirotzek ez zuen atzetik aurrerako lanik egin behar izan, aurreneko luzetik Gorka Aranberri patroiaren traineruko mutilek branka sartu zutelako.

Handik aurrera, hainbesteko nagusitasuna dagoenean gertatzen den bezala, bigarren posturako lehia hasi zen. Kasu honetan Zierbenak bigarren toki horri duintasunez eutsi zion eta sailkapen nagusian ere bigarren postua finkatzea lortu zuen, Donostiarra laugarren sailkatu baitzen ohorezko txandan ere lan oso ona egin zuen Getariaren atzetik. Oro har bere buruari asko eskatzen dion Iker Zabala entrenatzailea pozarren zegoen atzo.

Hala ere, haizearen gorabeherek zenbait sorpresa ekarri zituzten. Esate baterako, Urdaibaik nahikoa lan izan zuen bosgarren postua salbatzeko, segundo bat baino gutxiagora sartu baitzitzaizkion atzetik Ondarroa eta Isuntza. Hauen bien arteko lehiak erabaki zuen aurreneko txanda, eta ‘Antiguako Ama’ Lekittarrari 32 ehunenekoren alde eskasaz nagusitu zitzaion.

Atzetik, berriz, egun erabat makurra Kaikurena izan zen, aurreneko ziaboga emateko sekulako arazoak izan baitzituen. Ondoren, kontzentrazioa galdu eta kareletik joan zitzaion eguna, Caboren atzetik sailkatuz. Dena den, maila zuzenean galtzeko beldurrik ez du Sestaoko taldeak, Cabok baino 13 puntu gehiago ditu eta.