Urtzi URRUTIKOETXA

AEBko buruak bozketa sistema aldatu nahi du Kongresuari eusteko

«Gerrymandering» edo bozkatze barrutien aldaketa agindu die Donald Trumpek Texasko errepublikanoei, horrela demokratei dagozkien 5-6 aulki lortzeko Ordezkarien Ganberan 2026ko hauteskundeetan. Botoa zailtzeko neurri gehiago ere iragarri ditu.

Texasko demokratek kontzentrazioak egiten dituzte herrialdean Gerrymandering-aren aurka borrokatzeko; Rochesterren (AEB), 2025eko abuztuaren 16an
Texasko demokratek kontzentrazioak egiten dituzte herrialdean Gerrymandering-aren aurka borrokatzeko; Rochesterren (AEB), 2025eko abuztuaren 16an (John WHITNEY | AFP)

Boterean urte erdi pasa soilik izan den arren, Trump 2026ko hauteskunde zikloari begira jarri da dagoeneko. Egun errepublikanoen esku dago AEBko botere nagusia: Etxe Zuriaz gain, gehiengoa daukate Kongresuko bi ganberetan. Ordezkarien Ganberako gehiengoa oso estua da, ordea, eta datorren urteko midterm edo agintaldi erdiko bozetan gal lezakete Behe Ganberan kontrola. Hango aulki guztiak bozkatuko dira 2026ko azaroan, eta Senatuaren herena.

Ezin ahaztu, Ordezkarien Ganberako burua edo Speaker-a AEBko boterean hirugarren pertsona dela, presidente eta presidenteordearekin batera. Hamar urtetik behin, herrialdeko erroldaren arabera, estatu bakoitzeko ordezkari kopurua berritu egiten da, eta horrekin kongresukide horiek hautatzeko barrutien mugak. Donald Trumpek Texasko barrutien mapak aldarazi nahi ditu, estatu errepublikano horretan daukan gehiengoa baliatuz. Iaz 56-42 gailendu zitzaion Kamala Harrisi, baina demokratek ez zuten ordezkarien ehuneko 42 lortu: Texasko 11 ordezkari demokrata daude Washingtonen, eta 27 errepublikano. Barrutien mapa aldatuta, gutxiengo demokrataren ordezkaritza are txikiagoa egin nahi du Trumpek.

“Gerrymandering” deritzo hauteskunde barrutiak norbere probetxurako eraldatzeak. Aurkako alderdiko boto emaileak leku gutxi batzuetan pilatzea, eta gainerakoak norbere alderdiko gehiengo eran urtzea da estrategia, demografikoak dagokiona baino ordezkari gehiago lortzeko. Auzitegietan amaitu ohi du gaiak.

“Texas Tribune”k argitaratu duenez, Greg Abbott gobernadore errepublikanoa ez zegoen ados hasiera batean gerrymandering honekin, baina Trumpek agindutako zerbait da. Honela, azken egunotan Texasko demokratek egindako protesta saioa bertan behera uztea erabaki zuten atzo, Austingo Kongresutik aldendu baitziren quorumik egon ez zedin eta, hala, mapen lege berria oztopatzeko.

KALIFORNIAKO MAPAK

Protestaren helburuetako bat alderdikideei Trumpen asmoen arriskuaz ohartaraztea zen. Texasko mapak manipulatuz gero, baliteke 2026an errepublikanoek boto gutxiago biltzea eta, hala ere, Kongresuan gehiengoa handitzea.

Horren aurka neurriak hartzeko prest agertu dira zenbait estatu demokrata, hala nola Maryland, New York edo Kalifornia. Gavin Newsomek, azken estatu horretako gobernadoreak, Texasko balizko galerak “berdintzeko” prest dago. Oro har, demokraten kontrolpeko estatuetan batzorde independenteak egoten dira, bi aldeetako parte hartzaileekin, barrutien mapak herritarren iritziaren isla izan daitezen. Errepublikanoen aldetik ohikoagoak dira gerrymandering kasuak.

Kaliforniako gobernadoreak, oraingo honetan, berak ere mapak aldatuko dituela iragarri du, Texasek demokratei kenduko omen dizkieten ordezkariak berdintzeko. Oztopo bat dauka Newsomek: Texasen kasuan, mapak aldatzeko aski da bertako kongresuak bozkatzea. Kaliforniak, baina, gerrymandering-a eragozteko batzorde bat dauka, eta herritarren galdeketa bidez baino ezin da aldatu. Asteon, erreferenduma iragarri du Newsomek, herritarrek demokratei gainpisua emango dien mapa berria onartzeko. Neurria, betiere, Texasen errepublikanoek haien aldeko mapak onartzen badituzte soilik sartuko litzateke indarrean.

Trumpek 2026ko bozketen ostean Kongresuko gehiengoari eusteko demografia ingeniaritza ariketak ez dira mapetan eten. Posta bidezko botoa eta bozketa elektronikoaren makinak ere ezabatu nahi ditu AEBko presidenteak. Aditu guztiek erabat seguruak direla berretsi duten arren, Trumpek iruzurrerako bide direla argudiatu izan du behin eta berriz.

Oro har, aurretiazko botoak hauteskunde egunean ilaran ez egon beharra errazten du, eta boto eskubidetik urrunen geratu diren kolektiboei laguntzen die, hispaniarrak edo beltzak, esaterako.

Donald Trumpentzat, baina, gaia ia obsesiboa bihurtu da azken urteotan. 2020ko hauteskunde egunaren ostean, errepublikanoek garaipena zeukatela uste izan zuten hasieran, egunean bertan bozkatu zutenen zenbaketa eginda. Posta bidezko botoak zenbatu ostean, ordea, Joe Bidenek aurrea hartu zion Trumpi.

AEBko presidentearen iragarpenak iragarpen, bozketa sistema estatu bakoitzak arautzen du, eta, honenbestez, presidenteak zeresan txikia dauka kontu horren inguruan.