Suteen fokua ondo zentratu beharra
Beroteak nola, suteak ere ari dira gutxika itzaltzen, eta balantzea egiteko garaia da. Aritz Intxustak gaur GARAn azaltzen duenez, baina, horretarako bada oztopo esanguratsu bat: desinformazioa. Informazio zuzena baino azkarrago eta urrunago zabaltzen da, eta askotariko formak hartzen ditu: «2030 Agendaren erruz jada mendiak ezin dira garbitu» gisako baieztapenak, irudi okerren erabilpen interesatua -tartean, adimen artifizialarekin irudiak sortuz-, suak piztea migranteei egoztea... Instituzioek eurek ere zabaltzen dituzte gezurrok: esaterako, Galiziako Xuntak 450 sute ezkutatu ditu aurtengo udan.
Ezbairik gabe, garai ziurgabeak bizi ditugu eta halakoetan joera makurrenak ere haizatzen dira. Batzuek arazoa bera ukatuz bilatu nahi izaten dute soluzioa -klima aldaketa gezurtatuz, adibidez-; beste batzuek, aldiz, konplexutasuna arrazoi eta soluzio bakarrera murrizteko tentaldia izaten dute. Badira adabakiekin konformatzen direnak, baita krisiak interes korporatiboen mesederako baliatzen dituztenak ere. Aiora Zabala Cambridgeko irakasleak larunbateko GAUR8n azaltzen zuenez, ordea, halakoak okerrak dira. Suteen arazoa konplexua da eta eztabaidek eta irtenbideek ere halakoxeak izan behar dute: «Suteen larritasuna ez da suteak itzaltzeko baliabideen murriztapenagatik bakarrik. Ez eta klima aldaketagatik bakarrik ere. Ezta piromanoengatik ere. Edo suteen prebentzio eskasagatik. Edo landa eremuan abandonaturiko jarduerengatik. Arrazoi horiengatik guztiengatik bada, ordea. Hortaz, irtenbideak ere asko dira». Bistakoa denez, formula sinpleak “lasaigarriagoak” izango dira, akaso, baina ez dira eraginkorrak, sua itzaltzeko baino pizteko balio baitute.
Zabalak jarraitzen zuenez, «eztabaida nahasi horren helburua da herriak fokua galtzea, aztoratzea, herriak suteen suntsipena saihesteko egin behar duena egin ez dezan». Horren aurrean, justu kontrakoa da egitekoa: fokua ondo zentratzea, suteak eta horien suntsipena saihesteko beharrezkoak diren eztabaida eta irtenbide integralei bide emateko. Eta hori, bereziki, suteak itzaltzean egin behar da, suteen bortiztasun eta bizkortasunak berriz gain har ez dezaten.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
