Daniel Hendlerren «27 noches» filmak abiatuko du Sail Ofizialeko lehia
Daniel Hendler zinemagile uruguaitarraren «27 noches» filmaren mundu mailako estreinaldiak inauguratuko du, lehiaren barruan, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala, irailaren 19an. Amaiera, berriz, Kasia Adamik zuzendari poloniarraren «Winter of the Crow» pelikulak emango dio, lehiaz kanpo, hilaren 27an.

Daniel Hendler zinemagile uruguaitarraren “27 noches/27 Nights” filmaren mundu-estreinaldiak abiatuko du, lehia barruan, Zinemaldiko Sail Ofiziala, irailaren 19an. Amaiera, berriz, lehiaz kanpo, Kasia Adamik zuzendari poloniarraren “Winter of the Crow” pelikulak emango dio, hilaren 27an.
Hendlerrek (Montevideo, 1976) “27 noches” zuzentzeaz gain, protagonista gisa ere parte hartzen du. Filmean, Marilu Marini aktoreak emakume aberats bat gorpuzten du, alabek psikiatriko batean sartuko dutena bere nahiaren kontra.
Hendlerrek Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen “Norberto apenas tarde” (2010) lanarekin. Sail horretan “El candidato” (2016) filmarekin ere parte hartu zuen, Koprodukzio Foroak hautatu ondoren. Aurten bere beste film bat ere izango da Donostian, Horizontes Latinos sailean: Veneziako Mostrako Spotlight atalean estreinatutako “Un cabo suelto/A Loose End” ikusiko da. Hendlerrek aktore gisa hainbat proiektu aurkeztu ditu Zinemaldian.
Bestetik, “Winter of the Crow” thrillerra, Poloniak, Britainia Handiak eta Luxenburgok ekoitzitako filma, Gerra Hotzean girotuta dago, 80ko hamarkadan. Kasia Adamiken (Varsovia, 1972) lan berria da eta protagonista Leslie Manville aktore britainiarra da.
Olga Tokarczuken -2018an Literaturako Nobel saria jaso zuen egilearen- kontakizun labur batean oinarrituta dago filma. Adamikek gidoigile gisa ere lan egin du bertan, eta 1981eko abenduan Poloniara mintzaldi bat ematera iritsitako irakasle britainiar baten istorioa kontatzen du, jakin gabe justu orduan gerra-legeari hasiera emango zitzaiola.
SARRERAK
Gaur jarriko dituzte salgai inaugurazio-galarako (Esther Garcia ekoizleak Donostia saria jasoko du bertan), amaierako galarako eta Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrari Ohorezko Donostia saria emateko ekitaldirako (irailaren 26an) sarrerak.
Hiru saioak Kursaal Auditoriumean izango dira, eta Belodromoan, berriz, amaierako ekitaldiko bi film luzeren emanaldiak izango dira irailaren 27an.
Bigarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiko galak El Terratek (The Mediapro Studio) idatzi eta zuzenduko ditu. Silvia Abril, Toni Acosta eta Itziar Ituño aktoreek aurkeztuko dute irailaren 19ko irekiera-ekitaldia (20.30). Esther Garciak Donostia saria jasoko du eta Fipresci Sari Nagusia ere emango da. Gala zuzenean ikusi ahalko da TVE, RTVE play, ETB1 eta eitb.eus-en eta Zinemaldiaren webgunean (www.sansebastianfestival.com). Irailaren 27an (larunbata), 21.00etan, Itsaso Aranak aurkeztutako amaiera ekitaldia ere horien bidez ikusi ahalko da. Ekitaldian 73. edizioko sariak banatu eta “Winter of the Crow” proiektatuko dute.
Ohi bezala, Belodromoak amaierako ekitaldiaren zuzeneko emanaldia ere hartuko du. Horren aurretik, 18.00etan, aurtengo film sorpresa ikusi ahalko da. Film luze hori eta amaierako ekitaldia eman ondoren, “Winter of the Crow” filma proiektatuko dute Belodromoan.
Bestalde, Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrari Donostia saria emateko ekitaldia irailaren 26an izango da, 18.00etan, Kursaalen. ETB4n eta eitb.eus-en zuzenean ikusi ahalko da eta La2 katean, berriz, aurrez grabatuta. Donostia sariko proiekzioa Lynne Ramsayren “Die My Love” filma izango da.
Saio horietarako guztietarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 10.00etatik aurrera, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
