Jurgi Ekizaren «Argitzala», emozio kontrajarriak uztartzen dituen diskoa
Hazparneko musikaria bueltan da, bakarkako disko berri batekin. Hazparnen eta Polinesiako Punauuian artean isolatu izanaren emaitza da «Argitzala», eta Jurgi Ekizak musika, hitzak eta ekoizpena osoki bere gain hartu ditu. Agorrilaren 29an kaleraturik, irailaren 18an ekinen dio aurkezpen birari, eta irailaren 6ra bitartean diskoaren collage originala hartzen duen erakusketa jarri du ikusgai Hazparneko Chorbit espazioan.

Hamar urteko bakarlari bidea sendotzera dator ‘‘Argitzala’’, Jurgi Ekizaren bigarren diskoa. Proiektu honen prestatzeko, Willis Drummond taldearen etenaldi mugagabean, rock taldeko kantari eta gitarrista zena isolatu egin zen, baita bertan inspirazioa atzeman ere. Lan berriak «argia eta itzala» uztartzen ditu, emozio kontrajarriak esploratzeko eta entzulea barnera begira ezartzeko gisan.
Argitzala lanak hamaika kanta biltzen ditu eta hastapenetik binilo formatuan pentsatua izan da, orotara 37 minutuko iraupenarekin. Ekizak azaldu duenez, lehen aldean, bere ibilbidean orain arte ezohikoak izan diren soinu eta erritmoak entseatu ditu, eta bigarrenean, berriz, «rock ala grunge ukitu batzuk» ageri dira, Willis Drummond edo Erabatera taldeekin lotura handiagoa izan dezaketenak.
Diskoa guziz bere kabuz ekoitzi du: musika tresnak jo, bozak grabatu, nahasketa egin eta masterizazioa landu. «Erabaki artistikoa izan da disko hori isolamenduan eta bakar-bakarrik egitea», zehaztu du. Horretarako, bi lurralderen artean banatu zuen prozesua: Euskal Herria eta Polinesia.
SENTIMENDUAK AZALERATZEA
Diskoaren izenburuak argiaren eta itzalaren arteko oreka bilatzen du, «kontrakoak diruditen nozioak uztartuz eta galdera bat pausatuz: non hasten da bata eta non bestea?». Ekizak berak argitu du: «Ene kasuan, kontzeptu hori agertu zitzaidan izen bereko kantaren letra idaztean, gure gizarteak duen dena laukietan sartzeko tendentzia aipatzen dudalarik. Tituluak diskoaren mamia laburbiltzen du».
Hitzetan, emozioak dira ardatz nagusia. Ekizaren arabera, kanta horiek langai dituzte «dolumina, ihes egiteko beharra, tristezia, maitasuna, antsia eta bere oposizioan den bakea, desagertzeko beldurra, bakartasuna, obsesioak, poz hutsa eta laukietan ez sartzeko sentsazioa».
Lan honen azala Sarah Labonne artista plastikoak sortu du, collage bidez. Ekizaren erranetan, batura horrek diskoaren ideiari erantzuten dio: itsasoa, argia, itzala eta testura ezberdinak ageri dira, patchwork baten antzera. «Kanpoko norbaitek diskoa horrela irudikatzeak baretu ninduen», aitortu du.
BIRA ETA ERAKUSKETA
Agorril hondarrean obra kaleratu eta berehala, Ekizak aurkezpen birari ekinen dio. Hain zuzen, irailaren 18tik urriaren 28ra bitartean 20 kontzertu baino gehiago eskainiko ditu Euskal Herriko herri eta hirietan gaindi. Abiatzea Bilboko Kafe Antzokian izanen da, eta bururatzea, berriz, Baionako Luna Negra aretoan. «Makro kontzertuen garaian, garrantzitsua iduritzen zait herriz herri ibiltzea, gure kulturaren benetako sare aberatsa hori baita», nabarmendu du.
Biran murgildu aitzin, Hazparnen erakusketa berezi bat eskainiko du aste honetan, irailaren 6ra bitartean, Chorbit espazioan. Bertan, diskoaren collage originala ikusteko, lan berria entzuteko eta artistarekin elkartzeko aukera izanen da. Musikagileak adierazi duenez, «niretzat, diskoaren inguruan gertuko espazio bat sortzea ere garrantzitsua da».

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
