Mikel SARALEGI eta Martín ZELAIA
Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak
GAURKOA

Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago

Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioetarako informazio-lana eta sinadura-bilketa. Kasu honetan, Urbasa Andia Bizirik plataforma beteranoa eta Gure Haizea plataforma gaztea izan dira inplikatuak. Azken hilabeteotan lan handia egin dute, eta hitzaldiak eta bilerak egin dituzte instalazio mota hauek ezartzen saiatzen diren lurraldeetan zer ondorio dakarten jakinarazteko eta azaltzeko.

Zenbait kasutan, inplikatutako udalek lagundu eta babestu dituzte lan hauek, eta eskertzekoa da, are gehiago zuzenean afektaturik dauden herrien orainerako eta etorkizunerako estrategikoak diren proiektuen informazio eta parte-hartze prozesuetan gardentasuna lausotzen den garaiotan, eta proiektuok aldez aurretik ia erabakirik datozenean interes pribatu eta administrazio publikoen artean, izan udalak zein Foru Gobernua.

Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuko kide batek, Industria kontseilaria bera, duela aste batzuk Azantzako eta Sarbilgo poligonoak hartuko lituzkeen udaletako arduradunekin egindako bilera publikoan, argi eta garbi adierazi zuen udalek poligono berriztagarriak eraikitzearen aurka egiten badute proiektuek ez dutela Nafarroako Gobernuaren babesik eta oniritzirik izango. Ez da kontseilari honek horrelako adierazpenak egin dituen lehen aldia. Iaz, gaur egun aztergai ditugun lurretatik iparralderago dauden poligono eolikoen proiektuen inguruan ere halakoak egin zituen.

Administrazio autonomikoan horrela funtzionatzen badute, erabakitzeko zein haize- eta eguzki-poligono eramanen diren aurrera, azken hamarkadetan argitaratu dituen plan energetikoen elaborazio eta ezartzearen arduraduna izanik, bi aukera daude: edo plan energetikoak gaizki eginda daude, edo kontseilariak ongi geratu nahi du oposizio sozial eta/edo munizipala dagoen tokian, «haurrak negarrik ez, titirik ez» maxima aplikatuz. Baina bada hirugarren aukera bat, ikusitakoa ikusita, egokiena dirudiena: energia-planak ez dira ongi egin, eta gainera, kontseilariak ongi geratu nahi du.

Zeinen esku dago gure eredu energetikoaren lanketa, diseinu, erabaki eta inplementazioa honelako adierazpenekin? Azken hamar urteotan betiko eskuetan egoten jarraitu du: interes pribatu eta merkantilen eskuetan, gizartearen eta biztanleriaren gehiengoaren aurretik, batez ere landa-ingurunearen interesen aurretik, oro har.

Behetik gora doan benetako planifikazio demokratikorik gabe, lurraldearen eta, oro har, planetaren muga fisikoetatik abiatuta benetako premien informazio eta eztabaidarik gabe, eta Mendebalde kapitalistatik munduko gainerako lurraldeetarako banaketa ekitatiborik gabe, desazkundean oinarritzen dena, ez da konponbiderik egongo ongi bizitzeko behar dugun subiranotasun eta segurtasun energetikoa bermatzeko, ustiapen, espoliazio, suntsiketa eta baliabide naturalen kontsumo urriagoarekin. Lana ez da erraza, baina posible eta ezinbestekoa da guztiok salbatzeko.

Nafarroan, Erdialdea eta Erribera josi ondoren, lehenik «eguzki-baratzeak» eta gero «parke eolikoak» deiturikoekin -kontuan izan zer nolako hitz gezurtiak eta ez-inozenteak erabili izan diren azken bi hamarkada baino gehiagoan natura eta landa eremuaren eguzki- eta haize-poligono bidezko industrializazioa edulkoratzeko-, orain «energia berdearen» industrializazioa inposatzea tokatzen da, batez ere Lizarraldean, baina baita Nafarroako iparraldeko beste zona batzuetan ezarri nahi diren eguzki- eta haize-poligono berriekin.

Eta poligono berriztagarrien boomarekin batera, biometanizagailuen proiektuak datoz, eta dagoeneko antzeman dezakegu datu-zentroen eta bateria handien zentroen olatu berria... Energia elektrikoaren ekoizpen handiak, gure lurraldean martxan dauden berriztagarrien poligonoekin sortzen denak, badu soberakinik, eta hauxe errentabilizatu behar da; nola, eta energia asko kontsumitzen duten datu-zentro eta bateria handien zentroekin, bai Nafarroan, bai probintzia mugakideetan.

Bitartean, azpiegitura berriztagarri industrial gehiago eta gehiago eraikitzeko irrikak Nafarroako Gobernuaren gelditasuna ezkutatzen du. Azpiegitura berriztagarriak instalatzeko eremuen eta formatuen plangintzarik gabe jarraitzen dugu. Proiektu hauentzako eremu egokien maparik gabe jarraitzen dugu (eta ez dugu uste laster izanen dugunik halakorik). Erabaki demokratikoak hartzeko prozesurik gabe jarraitzen dugu, eta horrelako azpiegiturak instalatzeko neurri desmerkantilizatzailerik gabe. Eta, batez ere, gogoan izan behar da larrialdi ekologikoaren testuinguruan gaudela, eta energia-kontsumoa murrizteko politikarik eta neurririk gabe jarraitzen dugula, bereziki jatorri fosilekoenak. Izan ere, trantsizio sozioekologikoak gai hauexek izan beharko lituzke ardatz, eta ez zenbait gobernariren adierazpen oportunistak edo hauetako batzuek energia-sektorean «irtenbide profesionalak» bilatzeko dituzten asmoak, ate birakariei esker. Eta ez dira kasu gutxi.