GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
ROMERÍA

Familiaren oroimenari omenaldia

«Romeria» filmeko eszena bat.
«Romeria» filmeko eszena bat. (ELASTICA FILMS)

Romeria” filmak itxiera emango dio Carla Simonek 2017an “Estiu 1993” filmarekin hasi eta 2022an “Alcarras” pelikularekin jarraitu zuen familia memoriari buruzko trilogiari.

Marina izango da protagonista nagusia, Vigora bere aita biologikoaren familia ezagutzera joango den 18 urteko neska gaztea; bere gurasoak hiesak jota hil ziren, bera haurra besterik ez zela. Osaba-izebekin eta aitona-amonekin izango dituen elkarrizketen bidez, ia ezagutu ere egin ez zituen gurasoen kontakizuna berreraikitzen saiatuko da.

Amak idatzitako egunkariak gidatuta eta lehengusu berriarekin duen harreman bereziaren bidez, Marinak familiaren zauriak arakatuko ditu.

Carla Simonen hitzetan, «oroimenari buruzko filma da, agian inoiz guztiz ulertuko ez ditugun familia-une iheskorrei buruzkoa. Nire familiaren eta haiek ezagutu zituztenen oroitzapenen bidez gurasoen historia berreraikitzen saiatu nintzen, baina porrot egin nuen. Oroimenaren berezko izaera zatikatuak zeregin garrantzitsua du, baina oztopo nagusia hiesaren inguruko estigma da, oroitzapen horiek lainotzen dituena».

ETORKIZUNARI BEGIRA

Carla Simonek beti sentitu izan du falta zitzaion «familia-artxiboa» zinemaren bidez sortzeko bulkada. “Romería” film berriarekin «ziklo pertsonal bat» itxiko du, bere jatorriena alegia, eta aurrera egingo du eremu zinematografiko berrietara, unibertso «poetikoagoetara». «Orain etorkizunera begiratzea dagokit, beste norabide batzuetara, eta ez familiaren iragana arakatzen jarraitzea», aurreratu du Carla Simonek.

«Nire hiru pelikulek ezaugarri bera dute: falta zitzaidan familia-artxiboa sortzeko beharra. Nire familiak inspiratutako istorioekin zerikusia duen ziklo bat ixten ari naizela sentitzen dut, eta, justu orain, nire bigarren alabaren jaiotzarekin bat egin du», dio Simonek, erronka berriak esploratzeko prest. «Orain arte egin dudanarekin zerikusirik ez duen musikal flamenko bat prestatzen ari naiz», adierazi du zuzendariak, eta zinemak gai eta unibertso «ezezagunetan» sakontzeko «aukera ematen» diola iritzi dio.