Gazalegezkoen zibikotasuna
Gizalege gabea naizela esan didate aste honetan, zeinek eta jaiotzez gizalegezkoak direnek. Aspalditik ez nintzen hain ondo sentitzen, buru osasunaz batez ere, gizalegezkoa ez naizela erraietan sentitu dudan arte. Azken finean, azken minean, zein da gizakien legea? Erraigabe diren horiena, akaso? Etika gora eta behera, hausnarketa besteoi eskatu eta zibikotasun anormalean bizi direnena ote? Pikutara! Hiztegia bera dago jokoan. Etika, kultura, gizalegea... zer den eta zer ez. Hortaz, hiztegia hustegia dute aspaldian bihurtuta horiek, adierazpeneko hitzak huts utz ditzaten aitzakia! Amen!
Zergatik, baina, gizalege gabea? Hortxe izan nintzelako, Vueltako etapari buelta emateko eta bihotzeko Palestinako egunerokoan bestelako etapak gauza daitezen giroan. Bai, afoniko geratu arte, orain bidearen bazterrean orain bazterraren ondoko bidean, gorria, zuria eta berdea batean eta beltza gehituta bestean. Jakin gabe, errebuelta askotan izan ginenok lagundu dugu sateliteetako imajinetan kolore horiek guztiak lurralde askotara zabaltzen. Hori bai, inzibiko! Non geratu dira, ordea, batzuen adierazpen hutsalak, parrokia barrurakoak, balizko etikadunak, 0 metrokoak...? Non? Horrek asebetetzen baditu, horiek sabela bai, baina urdailik ez duten seinale! Txar egin!
Nonbait hiriak min hartu du, zabaldutako imajinagatik antza. Beste gauza guztietan bezalaxe, mina ulertzeko ere iturrira joan daitezela, eta bueltan berba egingo dugu! Gaza mina! Eta aste honetan ere udaletxe plazetan kazolen burrunba, batzuen barrunbeetatik entzungai. Bertsolariarena gogoan: sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Sua han, eltzeak hemen. Bestelako zibikotasuna behar, demontre! Gazan Gazakoa, eta Gazakoa leku guztietan, hemen ere, prefosta! Euskal Herria leku ere badelako, epaileek ukatu arren.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
