Mañel LARENA

martsupial ikonikoa salbatzea helburu

Koala arriskuan da Australian. Salbatzeko, egur lanen lobbyaren purrustadak purrustada, alimaleko baso eremu babestua zabaldu da.

Suteek, baso-soiltzeek eta eritasunek koalen populazioa izugarri urritu dute.
Suteek, baso-soiltzeek eta eritasunek koalen populazioa izugarri urritu dute. (Peter ARKS | AFP)

Australiako ekosistema bakar eta errepikaezinetan baino aurkitzen ez den animalia maitekor eta ikonikoa da koala, kanguruekin batera Australiako sinboloa. Baina naturan libre eta suelto ikusteko aukera galtzeko arriskua dute australiarrek, zooetako erlikia bezala ikusteko arriskua. Hegoaldeko Gales Berria estatuan, herrialdeko populatuenean, koalak 2050. urterako desagertzeko zorian egongo zirela iragarri zuten ikerlariek eta herri indigenetako ordezkariek, eta aurreikuspen horiek ezeztearren, estatuko lehen ministro Chris Minnsek aurreratu du 176.000 hektareako basoa bideratuko dela koalen babes eremua sortzeko. Australiako handiena eta zorrotzen zainduko dena. Hartara, baso horietan sei zerrategi itxi eta egurgintzan diharduten 300 langile kanporatu beharko dira. Eta egurraren lobbyaren presioen aurrean ez makurtu. Koalen Parke Natural Handiak beste martsupial batzuk ere babestuko ditu eta bertako koalen populazioa salbatzeko ezinbestekoa izango dela uste da. Protestak protesta, zoriona zen nagusi australiarren artean, koala galduz gero den-dena galduko luketela, ezerezean urtuko liratekeela, sinisturik.