Maider IANTZI
TOLOSA
Entrevue
Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxea
«Esnatu ala hil» liburuaren egileak

«Euskarak aurrera egiteko, 1960koaren antzeko olatu bat sortu behar dugu»

Euskalgintzan adostasunez baieztatzen da aurrera edo atzera egiteko puntuan gaudela. Iñaki Iurrebasoren eta Garikoitz Goikoetxearen «Esnatu ala hil» liburuak (Elkar) ekarpen bat egiten du. Euskararen osasun egoera irudikatu, eta mitifikatu diren ideia gako batzuk desmuntatzen ditu. Adibidez, ezagutzan gero eta hobeki gaudela eta erabilera dela arazoa.

Iñaki Iurrebaso (eskuinetik bigarrena), UEMAko kideekin, Siadecoren proiekzioa aurkezten.
Iñaki Iurrebaso (eskuinetik bigarrena), UEMAko kideekin, Siadecoren proiekzioa aurkezten. (Jon URBE | FOKU)

‘‘Esnatu ala hil’’. Izenburua bera alarma dei bat da. Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak Elkarrekin argitaratu duten liburuaren asmoa ikuspegi berri bat eskaintzea, jendea esnatzea eta kontzientzia hartzea da. Lanaren oinarrian Iurrebasoren doktore tesia dago. Horren gainean bi ariketa egin dituzte. Alde batetik, 2016ko datuak 2021era ekarri dituzte. Bertzetik, edozein euskaltzalek erraz ulertzeko moduko liburu bat izan zedin ahalegindu dira. Beraz, ez da datuen bilduma bat, interpretazioa eta proposamenak egiten dituzte.

Euskara minorizazio gorrian dagoela ohartarazten duzue behin eta berriz.

Iñaki Iurrebaso: Batzuetan badirudi ahaztu egin dugula, baina minorizazio gorrian ginen 1960an, orain 20 urte, eta gaur ere bai. Adierazle nagusien balio guztiak oso maila ahulean daude. Hori da gure errealitatearen funtsezko ezaugarri bat. Ahaleginik gabe, minorizazio gorri horrek berez dakar galtzeko joera.

Sarri goraipatzen duzue 1960ko iraultza ere.

I. I: Izugarria izan zelako, Estaturik eduki gabe, euskararen aldeko batere indar publikorik gabe, herri ekimen hutsez indarrean jarri zen dinamika oso indartsu bat euskararen alde. Egoera orain oso ezberdina da. Baina guretzat erronka da halako beste olatu batera jo behar dugula.

Garikoitz Goikoetxea: Gaur egun egitura batzuk sortuak ditugu, euskarak bide bat egin du batez ere arlo formalean. Hortik ekarpen ikaragarria etorri da: garai hartan ez zegoen milaka eta milaka etxetan sartu da euskara. Baina, bestalde, espektatiba batzuk ez ditugu bete. 50 urteotan olatu hark ekarritakotik egin du euskarak aurrera neurri handi batean, baina orain nabaritzen da olatu horren eragina gero eta txikiagoa dela.

Gaitasuna indargunea zela uste genuen, baina izatez ahulgune nagusia da.

G. G: Bizi garen testuinguruan, non badugun gutxiagotasun egoeran dagoen hizkuntza bat eta hizkuntza menperatzaile bat, ezinbestean erreparatu behar zaio bi hizkuntza horietan dugun gaitasunari. Euskal elebidunak begiratzen baditugu, euskaraz erosoen hitz egiten duten hiztunak %8 inguruan dabiltza. Zer ari dira igotzen? Beste profil bateko euskaldunak, euskaraz erdaraz bezain eroso egiten dutenak eta batez ere erdaraz erosoago moldatzen direnak. Horri erreparatzea inportantea da, ez badugu ondorio okerretara iritsi nahi. Zein da ondorio oker hori? Gero eta euskaldun gehiago dugu versus euskararen erabilera ez da handitzen ari.

Asko hitz egiten da euskarara gerturatu diren herritarrez, tipularen bigarren edo hirugarren kapetan egon daitezkeen hiztunez. Txalotzekoa eta ezinbestekoa da beren ekarpena. Baina horrek ez gintuzke eraman beharko muinaz ahaztera, ze muin hori ezinbestekoa du euskarak. Gaztelaniak eta frantsesak tipularen multzorik handiena muinekoa dute. Alegia, hizkuntza hori erosoena duten milioika hiztun dituzte. Euskararen kasuan ez da bakarrik gutxiagotasuna dugula kopurutan, muina da bereziki txikia.

Aunitz egiten dugu euskaraz, dugun gaitasunerako.

I. I: Erdaraz errazago egiten duten euskaldunek euskara asko egiten dute. Errealitate oso positiboa da hori eta berezi egiten gaitu. Jende asko dago ahaleginarekin bizi dena. Adibidez, erdaraz errazago egin arren, umeak euskaraz hazten ditu. Hizkuntza gutxitu batentzat osagai hori edukitzea funtsezkoa da aurrera egiteko, eta ez da hain arrunta. Garabidekoek kontatzen dute hizkuntza gutxituetako hizkuntzen aldeko militanteek etxean hizkuntza menperatzailea transmititzen dutela.

Euskararekiko atxikimendua handia da.

I. I: Gure indargunea da. Baina badira ahultze-sintomak. Segur aski joera ideologiko zabalen eskutik: nazio kontzientziaren ahultzea, estatuko markoetan gero eta gehiago kokatzea... Oso kezkagarria da. Gure minorizazio gorri honetan, zenbat jendek du interes praktikoa euskaraz egiteko? Euskaraz errazago egiten duen %8 horrek soilik. Alde subjektiboa indartsu eduki ezean, ezingo dugu aurrera egin.

G. G: Euskarak badu deseroso zaion erabilera handi bat. Egin ditugun kalkuluen arabera, euskararen erabilerak %1aren eta %20aren artean egon beharko luke. Nabarmena da %20tik askoz gertuago gaudela %1etik baino. Hor ikusten da nabarmen atxikimendua.

Hizkuntza-bilakaera negatiboa den arren, irabazien eta galeren arteko aldea txikitzen ari da.

I. I: Gure lanaren beste ekarpen bat da, gai hau landu izan den moduan esaten zelako irabaziak handiagoak zirela. Guk argi ikusi dugu gehiago gertatzen dela etxean euskara jaso duten euskaldunak erdalduntzea jatorriz erdaldunak direnak euskalduntzea baino. Hori lotuta dago minorizazio gorriarekin. Botere egiturek ere hori indartzen dute. Derrigorrezko hizkuntza erdara izatea eta euskara hautazkoa ez da garrantzirik gabekoa. Hala ere, erdalduntze hori lehen baino ahulagoa da orain, egin den ahaleginari esker.

Bada datu bat oso deigarria: etxean euskara jaso zutenen artean, %53k jada ez dute euskaraz errazago egiten. Erdaraz egiten dute erosoago, edo bietan berdin. Izugarrizko higadura da hori, eta garrantzitsua da neurriak hartzea kontrapisua jartzeko. Kasu askotan, erdalduntze goiztiarra gertatzen da. Hau da, haurrak etxean euskaraz hazi ditugu, eta urte gutxitan beren euskara nagusitasuna galtzen dute.

Sokatira bat bezala irudikatzen duzue. Alde batean etxea eta eskola euskalduntzearen alde; bestean, komunitate hurbila eta hedabide eta kultur kontsumoak erdalduntzearen alde. Saldoa positiboa da euskararentzat.

G. G: Belaunaldi berrietan helduagoetan ez duen presentzia du euskarak, gaitasunaren, ezagutzaren eta erabileraren ikuspegitik. Horri balioa eman behar zaio. Badago familian edo eskolan inbertitzen dugunaren adinako irabazirik? Ez.

Zer erranen zenukete aldaketa demografikoez?

G. G: Jaiotza tasa gutxitzeak badauka eragina. Gure indarberritze prozesuaren oinarri belaunaldi berriak izan badira eta horiek gero eta meharragoak baldin badira, horrek freno bat dakar. Beste aldean, heriotza kopurua areagotzen ari da eta horrek hazkunde erlatibo bat ekar dezake, belaunaldi zaharrenak direlako euskararen presentzia apalena dutenak. Migrazio mugimenduei dagokienez, asko hitz egiten dugu kanpo migrazioaren eraginaz, eta nabarmena da. Aurreikuspenek diote, gainera, hurrengo urteetan areagotu egingo dela. Baina kontuan hartu behar dira beste bi joera ere. Alde batetik, emigrazioa. Gure gazte belaunaldi euskaldun prestatu horiek Euskal Herritik joateak badauka euskararen indarberritzean eragina. Barne migrazioari ere erreparatu behar zaio. Arnasguneetan gertatu diren aldaketen oinarrian neurri handian barne migrazioak daude. Aldi berean, pentsa daiteke inguru euskaldunetatik inguru erdaldunagoetara egindako mugimenduek badaukatela eragina.

Bilakaera demografiko hori bere osotasunean aztertu behar da. Hori esanda, egia da, eta 2036rako proiekzioek ere hala erakusten dute, kanpo migrazioaren eragina nabarmena izango dela eta horrek berak ekarriko dizkigula eta jada ekarri dizkigula ondorioak. Ipar Euskal Herrian, adibidez, euskaldunen kopurua ez da jaitsi, baina biztanleriaren igoera esanguratsuak ekartzen du euskaldunen ehunekoa ezin areagotzea. Gai hori kudeatu egin behar da. Behar objektiboak aipatu ditu Iñakik. Migratzaileekin ez da ezer berririk gertatzen. Zer behar objektibo daukate euskara ikasteko? Beharrak sortu behar dira eta, bestetik, hautuetan eta jarreretan eragin behar da.

Euskalduntze-prozesua, lurralde aldetik, arnasgunetze prozesua izango da ala ez da izango, baieztatzen duzue.

I. I: Oro har, Euskal Herrian korrontea erdararen aldekoa da. Salbuespena arnasguneak dira. Horietan, euskalduntzea eta belaunaldi berriei hizkuntza pasatzea erraza da, sistema horretarako dagoelako prestatuta. Euskarak alde dituen joko zelaiak dira. Hortaz, lehentasuna du euskaraz ditugun gune horiei eusteak eta ahal bada handitzen joateak.

G. G: Eremu euskaldunenetan biztanleriaren zati txiki bat bizi da, baina gune horietan ekoizten da egunero erabiltzen den euskararen ia erdia. Alde kuantitatibotik ere oso-oso serio hartu beharrekoa da arnasguneetan gertatzen ari zaigun atzerakada hori. Horrekin ez dugu esan nahi arnasguneetan bizi direnak direnik euskararen salbatzaile edo heroi. Zergatik egiten dute euskara gehien? Horretarako egokiera daukatelako. Ekosistema bat dute euskaraz egitera bultzatzen dituena, hautu kontziente batetik harago.

Geroari begira, galera-fase bat ikusten da. Baina ez du zertan gertatu hizkuntza politika egokiak eta hiztunen aktibazioa martxan jartzen badira.

G. G: Gure planteamendua ez da hil-kanpaiak jotzea, baizik eta kanpaiak jotzea jendea esna dadin. Errealitatearen aurrean begiak ireki behar ditugu, ondo interpretatu behar dugu, eta aurrera begirako neurriak hartu behar ditugu. Jauziaz gero eta gehiago hitz egiten da. Badago adostasun bat iritsi garela momentu klabe batera. Diagnostikoaren ikuspuntutik ere badago adostasun bat. Horrek hurrengo pauso bat eskatzen du: hori baldin bada errealitatea, norabide horretan baldin bagoaz, hel diezaiogun honi egoerak eskatzen duen neurrian.